Danborrada Elbarrenan, iazko arrakastaen bidetik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 7a, 10:57

Iaz izan zuen arrakasta eta gero, aurten ere, danborrada egitea erabaki dute Zizurkilgo festa batzordeko kideek. Matti Navas zuzendarietako bat da.

Elkarrizketa:

Matti Navas, Donostiako Egia auzokoa da izatez, baina Zizurkilen bizitzen ari da azken hamabost urteetan. Gaur egun, danborradako zuzendarietako bat da. Garai batean, orain hogei urte gutxi gora behera, egiten omen zen danborrada Zizurkilen. Hori horrela, iaz, Ikusikok koadrilako kideek berriz ere berpiztea proposatu zuten. “Jaiak gero eta parte hartzailegoak ari dira bihurtzen. Gaur egun, ia denek hartzen dute parte jaietan. Iaz, lehenengo aldiz, danborrada froga moduko bat izan zen. Oso ondo atera zenez, eta primeran pasa genuenez, aurten berriz egitea erabaki dugu”, adierazi du Matti Navasek.
Zuzendari lanetan sekula ibili ez den arren, donostiar petoaren itxura hartu zieten nonbait Ikusikok koadrilakoek: “2011ko koadrilen egunean, uztailean, Ikusikok koadrilako kideak nigana hurbildu ziren, ea danborra ondo jotzen nuen galdezka. Horrela, uztailean kartelak jarri ziren jendea animatuko ote zen jakiteko. Gure sorpresarako, jende mordoak eman zuen izena”, adierazi du.

Adinarekin eztabaida
Zizurkil herri txikia bada ere, parte hartzailea dela adierazi du Mattik: “ Ni Egiakoa izanik, guztia oso desberdina da. Adinka sailkatzen da dena. Zizurkil, berriz, herri txikia denez, horrelako ekitaldiren bat sortzen denean, ia herri guztiak ematen du izena. Hori dela eta, adinarekin eztabaida txiki bat izan genuen. Lehen entsegua egin genuenean, haurrak, nerabeak, gazteak eta helduak etorri ziren, eta hainbat arrazoiengatik, adin muga bat jartzea erabaki genuen. Gutxienez, 14 urte eduki behar dira danborradan atera ahal izateko”. Adin muga jarri arren, iaz, gutxi gora behera, 80 lagunek hartu zuten parte danborradan eta jendea gainera, oso gustura ibili zen. Txarangako kideek ere izan zuten zer esana: “Ordura arte okerren jotzen genuenak ginela esan ziguten. Hori guretzat, ohore bat da eta aurten ere ohore hori mantentzen saiatuko gara” esan du Mattik.

Donostiar doinuak
Urte askoan Mattik Egiako Arrano elkartean jo du danborra, baina sekula ez ditu zuzendari lanak egin: “Donostiarrok txikitatik jolasten dugu zuzendari lanarekin”, esan du. Hasiera batean, entseguak aurrera eramateko ardura hartu bazuen ere, zuzendariak falta zirela ikustean, barrilak zuzentzea erabaki zuen: “Urteetan Donostian emakumeon presentzia aldarrikatu dugu eta pentsatu nuen, zuzentzearen ardura nik hartzen ez banuen, beste edozein emakumek ez zuela hartuko. Halere, zuzentzearen kontua txandakatua izatea gustatuko litzaidake. Niretzat ohore bat da, baina urterik urte, emakume batetik bestera aldatuz joan beharko genukeela iruditzen zait”.
Entseatzen hasi zirenean, ordea, hainbat sorpresa hartu zuen Mattik: “Donostian, helduen danborradan, soil-soilik, Sarriegiren doinuak jotzen dira. Gauerditik aurrera, ordea, beste doinu batzuk jotzen dira, niri gehiago gustatzen zaizkidanak. Hori horrela, entseguetan hasi ginenean, nik Egiara jo nuen Sarriegirenak ez ziren doinuen bila. Sorpresa, ordea, entseguetan jendeak Sarriegiren doinuak eskatzean hartu nuen”, azaldu du. Iaz, guztira, lau obra prestatu zituzten eta aurten zazpi joko dituzte. Denak Donostiako abestiak dira, tartean, Txuri-Urdin jotzen dutelarik. Horrez gain, Zizurkilgo izaerari eutsiz, Iker Barandiaranek konposatu zuen jaietako abestia jotzen dute. “Plazara iristean jotzen dugu, azken abestia izaten da. Txarangak jotzeko, ordea, zaila denez, megafonian jarrita jotzen dugu”, esan du Mattik.  

Seriotasun falta gustuko
Askok pentsatu eta esango dute danborradek kutsu militarra dutela, errenka zuzenak, danborra ondo jo beharra… Zizurkilen, ordea, hori ez da betetzen: “Niri seriotasun falta hori ikaragarri gustatzen zait. Jendea ondo pasatzera irteten da eta nire iritziz, festa giro batean, ondo pasatzea eta parte hartzea dira garrantzitsuenak”.
Horrez gain, gizon eta emakumeen parte hartze orekatua ere adierazi du: “Donostian, esaterako, oraindik badaude gizonezkoek soilik osatutako danborradak. Zizurkilen ez dago planteamendu arrarorik, gauza naturala da”.  
Danbor eta barrilen bereizketa ere Zizurkilen ez da egiten. Donostiarrek oso argi daukate barrilak ganberroak direla eta danborrak serioak: “Hemen denak dira ganberroak”.

Ibilbidea
Aurten ere, iaz bezala, ibilbide bertsua egingo du danborradak. Plazatik hasi eta Ubare aldera joango da. Ondoren Aurrera plazatik Joxe Arregi plazara. Hemendik Bulandegira eta ondoren, Otañora. Gero, Erniobera eta bukatzeko, plazara.
“Niretzat momenturik politena, plazara iristen garenekoa da. Jendea oso ondo pasatzen ari dela ikusten duzu eta horrek asko betetzen zaitu. Iaz, batzuei luze samarra egin zitzaien, baina aurten hitza ematen dut, lehenago irtengo garela”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!