Jai Batzordekideak Elbarrenako jaien atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 7a, 10:44

Martxoa aldera egin zituzten jaiak prestatzeko lehen bilerak eta orain gozatzeko garaia iritsi zaie jai batzordeko kideei.

Herriko jaietan parte hartu eta ondo pasatzeko deia zabaldu diete herrikideei. Aizpea Zabala, Urtzi Regero eta Andoni Usandizaga jai batzordeko kideak dira. Adin ezberdinetako kideak batzen dira Elbarrenako jaiak osatzeko eta aurten, deialdi berezia egin dute bilera horietara jende gehiago erakartzeko: “Lehen bileretara jende dexente etortzen da beti, hamabost inguru. Hilabeteak aurrera joan ahala, ordea, jendea hoztu egiten da eta azkenean, betikoak geratzen gara, sei edo zazpi pertsona. Aurten, deialdi berezia egin dugu jendea erakartzeko. Izan ere, herritarren parte hartzerik gabe ez du zentzurik jai batzordea egiteak. Hamasei urte inguruko gazteak gerturatu zaizkigu eta gustura gaude. Hala ere, datozen urteetan ere deialdi bera egingo dugu. Gure gustuko festak nahi baditugu, ezinbestekoa da prestakuntza lanetan parte hartzea”, azaldu dute.

Ia urte osoko lana
Zenbait ekitaldi lotzea izaten da lehendabiziko lana: “Adibidez, ia urte batetik bestera lotzen dugu Pirritx eta Porrotxen emanaldia. Oso lanpetuta ibiltzen dira eta lehenbailehen lotzea komeni izaten da. Gainerantzean, martxoa inguruan egiten ditugu lehen bilerak. Pixkanaka hartzen ditugu lehen erabakiak eta hilabeteak pasa ahala, ekitaldiak lotzen eta gauzak zehazten joaten gara”.

Aurrekontu txikiagoa
Gustuko festak antolatzeko askatasuna dute jai batzordeko kideek: “Udaletxeak jaietarako dagoen aurrekontua zenbatekoa den esaten digu eta hortik aurrera, gure lana da ekitaldiak antolatzea. Prozesu guztian, zuzeneko harremana izaten dugu kultur teknikariarekin, zenbait alokairu Udalaren izenean egin behar delako. Udaleko lan brigadarekin ere harremaneta izaten gara. Aurten, %10eko jaitsiera izan du aurrekontuak, baina ez dugu uste horrek jai giroan eragin izugarria izango duenik”, azaldu du Aizpeak. “Jai hauetako berrikuntza nagusietako bat izan da jaietako aurrekontu zehaztua egitarauan azaltzea. Ekitaldi bakoitzaren kostua zenbatekoa den zehaztu dugu eta hori gustura hartu dute herritarrek; eskertu egin dute dirua zertan erabiltzen den jakitea”, gaineratu du Urtzik.

Egun bat gehiago
Aldaketa nabarmen bat izango dute aurtengo Elbarrenako jaiek: “Egun bat gehiago luzatuko dira. Irailaren 10a jai eguna da herrian eta astelehenarekin egokitzen da. Ez zuen zentzu gehiegirik herriko eskoletako haurrek jai duten egun batean ekitaldirik ez antolatzeak. Horregatik, irailaren 5etik 10era egingo dira aurtengo Elbarrenako jaiak. Aurrekontua jaitsita ere, ondo moldatu gara egun guztietako egitaraua osatzeko. Horrez gain, azpimarratzekoa da ekitaldi berriren bat edo beste ere egongo dela; magipoteoa, edota trapezioarekin egingo den ikuskizuna”, gaineratu du Aizpeak.  

Jai parte-hartzaileak
Azken urteotan, ahalegin berezia egin dute jaietan herritarren parte hartzea bultzatzeko. “Duela lau urte hasi ginen dantza egiten eta iaz, danborrada atera genuen lehendabiziko aldiz. Bi ekitaldi horietan laurogei herritarretik gora aterako da eta horrek giro polita sortzen du. Jaien aurretik egiten ditugun entseguetan hasten da giroa sortzen eta egunean bertan ere ederki pasatzen dugu. Irailaren 5ean, jaietako lehen egunean, egingo dugu danborrada eta igandearekin berriz, dantza. Nafarroako erreinuaren konkistaren urteurrena gogoan, Larrain dantza egingo dugu aurten. Urtero, larri xamar ibiltzen gara dantza ondo ikasteko, baina txukun xamar aterako dela iruditzen zait. Odei Arrastoa eta Elixabet Larrañaga herritarrak izan ditugu irakasle. Jende asko hurbiltzen da dantza ikustera”, azaldu du Aizpeak.

Abuztuan, geldialdia
Jaiak iraila hasieran izateak, zailtasuna eransten die antolakuntza lanei. “Abuztua iritsi aurretik guztia ondo lotuta utzi behar da eta horrek, lanak aurreratu beharra ekartzen du. Abuztua hasieran jai egitaraua inprentara bidaltzen dugu eta hilabete amaieran danborrada eta dantzako azken entseguak egiten ditugu. Gainerako guztia, aurretik egin beharra izaten dugu”, azaldu dute.
Plazan egiten ari diren lanek izango dute bere eragina aurtengo jaietan: “Plazak itxura ezberdina izango du eta ikustear dago zenbateko eragina izango duen horrek. Hala ere, urtero moduan, karpa jarrita egongo da euria egingo balu babestu ahal izateko”.

Jaietarako gonbitea
Jaietako ekitaldirik arrakastatsuenen inguruan galdetuta, zerrenda polita osatu dute jai batzordeko Aizpea, Urtzi eta Andonik: “Pirritx eta Porrotxen emanaldiak izugarrizko arrakasta izaten du urtero, zaila da horrebesteko jendetza bilduko duen beste ekitaldiren bat antolatzea. Horrez gain, koadrila eguneko joko eta mozorroak, asto karrera, danborrada eta dantza herrikoia..., horiek izaten dira herritarren gustukoenak.
Jai batzordetik herritarren parte hartzea sustatu nahi izan dugu azken urteotan eta horrek, bere eragina izan du. Aurtengo jaietarako ere, ekitaldietan parte hartuz ondo pasatzeko gonbitea luzatu nahi diegu herritarrei”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!