Katto Amilibia gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 7a, 10:37

Andoain bereziki kolpatu duen albistea izan da Katto Amilibiaren heriotza. Pirinioetan hil zen, mendizaletasuna bere zaletasunetako batez gozatzen ari zela. Esan beharrik ez dago Katto aski ezaguna eta estimatua zela Andoainen. Egundoko tristura eragin du bere galerak herrian.

Omenaldi ekitaldiaren kronika:

Gogora dezagun Juan Antonio Amilibia Katto­ Pirinioetan istripuz hil zela, uztailaren 29an. Gertakari lazgarria Poset-Maladeta parkean (Benasque, Huesca) gertatu zen. Katto goizez bakarrik abiatu zen Angel Orus aterpetik, Tuca de las Corbetas mendigaina hegoaldetik egin asmoz. Bidean, ordea, harri ezgonkorren bat topatu, eta hogeita hamar metrotik behera amildu zen.
Juan Antonio Amilibiak hamabi eta sei urteko bi seme zituen. Ordiziako udaleko langilea zen.

Ezbeharra gertatu eta berehala, albiste latza zabaldu zen Andoainen, nahigabea eraginez ezagutzen zuten herritarrengan.
Hurrengo egun eta asteetan, agurra emateko hiru ekitaldi prestatu zituzten bere senide eta adiskideek. Nahiz eta opor garaiak egokitu eta jendea herritik kanpo izan, jende anitz bildu zen hiru ekitaldietan.

Asteartean, hilaren 31n, bere gorpua erraustu egin zuten Errekaldeko beilategian. Ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zuten bertaratutakoek. Ekitaldian zehar ez ziren falta izan Katto-k bihotzean zeramatzan txalaparta, zortziko dantza eta bertsoak.

Biharamunean, abuztuaren 1ean, hileta elizkizunaren txanda iritsi zen, Andoaingo San Martin Tours elizan. Irteeran, Axeri Dantzako dantzariek pasilloa egin zieten Katto-ren errautsak zeramaten senitartekoei, txalapartaren hotsaren pean. Plazan bildutako jendetzak txalo zaparrada batekin eran­tzun zuen, barru-barruan zeramaten atsegabezko emozioa askatu nahirik bezala.
Azkenik, abuztuaren 12an, errautsen zabaltzea eman zen. Bitan banatu ziren bere errau­tsak, eta ekitaldi bana egin zen: senideekin Urbasako parajeetan bata eta adiskide eta herriko elkarteetako kideekin Etenetako zelaietan (Adarra) bigarrena.

Etenetakoan ehundik gora pertsona bildu ziren. Adiskideez gain, bera partaide zuten herriko elkarteetako hainbat ordezkari igo zen paraje haietara. Besteak beste, Txabalatei bertso eskola, Herri Kantu taldea, Maizorri txalaparta elkartea, Axeri Dantza elkartea, Leitz MTB, ezker abertzalea…

Izaera umoretsua eta parte hartzailea
Denen artean, nork berea emanez, azken agur hunkigarria prestatu zuten Etenetan. Hona segidan, irakurri zen idatzia: “Aitzineko euskaldunek mendi gain honetara ekartzen zituzten bere hildakoak. Makina harrizko arrasto utzi zituzten horren adierazgarri.

Gaur, gaurko euskaldunok, gure lagun Katto ekarri dugu
Bera tradizioen lagun zen. Txalaparta, adarra, bertsoak, dantza…
Ez dek betirako geratzeko leku txarra, amalurrera itzutzen haugu, amaren sabelera. Sabel emankor honek hik bezalako seme asko eman ditzan.
Harrizko herri honek seme tinko bezain sentibera, ekin­tzailea, herrikoia, maitagarria, eta batez ere, alaia eman zigun. Hemen dakargu berriro, hazi izan dadin.
Santakrutzak, Sanjuanak, Kilometroak, Kale Nagusiko batzarrak... hire irrifarraren eske ariko dituk. Momentuan daukagun saminak arintzeko balioko ziguk hirekin pasatako momentu onak gogoratzeak.
Hemendik Andoainera eta Euskal Herrira begira egongo haiz, hire axeri begi biziez.
Adarratik haizeak emango ziguk hire adarraren ulua, hire txalapartaren ttakuna.
Ezingo duk parte hartu herri ekimen horietan, baina modu batera edo bestera gurekin hago betirako Katto”.

BERTSOAK
Jon Beloki herriko bertsolariak bi bertso eder eskaini zizkion. Hauexek:

Nahiz eta udarak eguzki printzak
eskeini ohi ditun sarri
Pirineoko laino lodiak
euria digu ekarri.
Bizitza honetan gure bideak
baditu hamaika harri
ta zoritxarrez horietako bat
zure azkeneko euskarri.
Zure iturri amaigabetik
utzi gaituzu egarri,
gure herria zu gabe, Katto,
osasunez dago larri.
Dudarik gabe bazitun hainbat
dohai eder ta aipagarri,
zure irrifarre ahaztezina
zen gu guztion pozgarri.

Gure herria nolakoa den
zuk bazenekin sobera.
Axeri dantzan dantzari fina
eta gidari gainera.
Txalapartaren doinu goxoak
maitatzearekin batera
bertso eskola etortzen zinen
ofizioa ikastera.
Naturzale porrokatua,
zu beti mendi aldera.
Maite zenitun guzti horiekin
maitagarri izan zera.
Ze sufritua ta ze gogorra
guretzat zure galera.
Egunen baten, halaxe nahi dut,
berriz elkartuko gera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!