Julen Esnaola, Gugaz taldeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 5a, 18:25

Eskualdeko bost kidek osatzen dute Gugaz taldea: Julen Esnaola adunarrak eta Maria eta Leire Lasa, Maialen Argote eta Irati Irurzun zizurkildarrek, hain zuzen. Julen Esnaola bateria joleak hartu du hitza.

Gugaz taldeko partaide zara gaur egun. Nondik sortu zitzaizun aukera?
Orain hiru urte eta erdi lau nesketako batek deitu zidan; talde bat sortzeko ideiatan zebiltzala esan zidan eta ea animatuko ote nintzen. Nonbait, bazekiten bateria jotzen nuela. Probatzen hasi ginen eta gaur arte.

Zer moduzko esperientzia ari zara bizitzen?
Guztiak gogoz aritzen gara eta hori da garrantzitsuena. Gainera, denak ere lehenagotik ezagutzen genuen elkar eta oso ondo moldatzen gara.

Eskaini duzuen kontzerturik onena? Eta txarrena?
Santa Krutzetan Andoainen eskaini genuen kontzertua oso ederra izan zen; guztiok oso gustura aritu ginen jotzen eta jendea ere oso animatuta ibili zen. Hori lortzea ez da batere erraza. Izan ere, gaur egun, jendeari dantza pixka bat egin dezan eskatzea oso zaila da. Okerrena, berriz, orain dela gutxi Areson eskainitakoa. Gaueko 23:00etan hasi ginen jotzen eta gauerdiko 00:30ak arte ez zen inortxo ere gerturatu plazara.

Zein errepertorio lantzen duzue?
Denetarik. Ikusi mendizaleak kalejirarekin hasten gara normalean. Ondoren, fandango eta arin-arinak tartekatzen ditugu eta baita baltsak, pasodobleak eta rantxerak ere. Hala ere, jendeak eskatutakoaren arabera aldatzen dugu errepertorioa. Aurreko batean, adibidez, Bidanian, lau fandango eta arin-arin segidan jo genituen.

Abesti ezagunen baten bertsiorik egin al duzue?
Pare bat abestiren bertsioak egin ditugu, zehazki esateko, “Danza Kuduro” eta “Nosa Nosa” abestienak. Letrak, Haritz Mujika asteasuarrak egin ditu.

Emanaldiko zein momentu duzu gustukoen?
Deskantsu aurretik egiten dugun zatia esango nuke. Guztira, hiru orduz jotzen dugu eta deskantsua gustura hartzen da. Horrez gain, jendeak eskatutako abestiak ere gustura jotzen ditugu.

Askotan entseatzen al duzue?
Ikasturtean zehar, astean bi aldiz entseatzen dugu Solano musika eskolan. Udan, ordea, astero emanaldiren bat izaten dugunez, ez dugu entseatzen.

Zure ustez, zer behar da erromeri talde on bat izateko?
Trikitilaria eta animuak ematen dituen norbait. Halere, jotzeko gogoa da garrantzitsuena. Gogorik gabe joz gero, jendeak ez du dantzarik egiten. Momentu honetan, gu, baxua edo gitarra jotzen duen norbaiten bila gabiltza, beraz, animatzen denak esan diezagula.

Nondik datorkizu bateria jotzeko zaletasuna?
Hasieran, gitarra jotzen hasi nintzen Loatzo musika eskolan. Maisuak bateria jotzen hasteko proposamena egin zidan, erritmoa ondo ematen nuelako. Hamar urte inguru nituela hasi nintzen eta orain bost urte inguru utzi nion klaseak jasotzeari.

Bateriaz gain, beste instrumenturik jotzen al duzu?
Otxandion eskaini genuen kontzertuan, panderoa jotzea tokatu zitzaidan eta nola edo hala moldatu nintzen. Umetan, nire lehenengo instrumentua txistua izan zen, baina oso galdua daukat. Gitarrarekin, akaso, moldatuko nintzateke.

Zer moduz joan da uda?
Egia esan, ez genuen espero horrelako uda betea izango genuenik. Oso denbora gutxi daramagu jotzen eta aurten martxa handia hartu dugu. Oso pozik eta gogotsu gabiltza, baina gogorra izan da. Ni, gainera, lanean nabil eta behin baino gehiagotan kontzertua bukatu eta jarraian lanera joan behar izan dut. Datorren urterako gure soinu-ekipo propioa erosi nahi dugu, ea posible dugun…

Kamisetak ere atera zenituzten zuen logotipoarekin…
Bai, 15€tan dauzkagu salgai. Logotipoa, “Gugaz” izeneko trikitixa bat da. Marrazkia Haritz Iraola zizurkildarrak egin zuen. Nahi duenarentzat eskuragarri ditugu, beraz, kontzertuetan guri esatea besterik ez du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!