Etxeberrietako azkenak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 5a, 18:22

Etxeberrieta auzunea aipatzean iraganeko auzunea gogoan dute adinekoek, nahitaez. Izenaren esanahiari men egiten zion auzoa, alegia.

Orduko hura auzo bizi-bizia zen, industriaren altzora hazi zena.  Belaunaldi ezberdinen bizitokia, ia ia herri izaera zuena. Izan ere auzoan bertan etxebizitza, lantokia, eskola eta ekonomatoa eskura zeuden. Familiak bertan errotzeko osagai guztiak zituen auzo distiratsua zen.
Dir-dir hori, ordea, galduz joan zen industriaren desagerpenarekin. Inguruko zelaiak hiritartu zituzten, fabrikak eraitsiz eta etxebizitza berriak sortuz. Etxeberrieta toki izen bezala hortxe dago, baina aspaldiko auzunearen arrastorik ia ez da geratzen. Eta geratzen dena galbidean da. Etxebizitza zaharkituak dira, bazterrean geratu direnak. Are gehiago, Andoaingo Udalak 2010ean onartu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera 77 etxebizitza ordenazioz kanpo geratu zirenetik.
Etxebizitza horien jabe batzuk asaldatu ziren orduan, Etxeberrietas Existe auzo elkartea sortuz. Gutxi dira eta auzunean euren eskubideak aldarrikatzeko arazo ezberdinei egin behar diete aurre. Anahi, Ainhoa edota Marian auzo elkartea martxan jarri zuten kideak dira. Zur eta lur geratu ziren euren etxebizitzak “ordenazioz kanpo” geratu zirela jakinarazi zietenean. Hurrengo sentimendua haserrea izan zen, araubidetik kanpo egotearen ondorioak zein ziren ikusita. “Ordenazioz kanpo geratu ginela jakin genuenean ez genekien horrek zer esan nahi zuen. Ikertzen hasi eta jabe bezala kalte egiten zigula ikusi genuen. Ordenazioz kanpo geratzeak, oinarrian, plan urbanistiko baten ondorioz etxe horiek bota egingo dituztela esan nahi du. Hori gertatu arte urte pila bat pasa daiteke; eta bitartean jabe bezala ditugun eskubideak galtzen ditugu. Esate baterako, ezin dugu etxerik saldu, ezta konpondu ere”.
2010ean Andoaingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zenetik egoera horretan daude. Nola iritsi ziren egoera horretara, bada? Anahi eta Ainhoa Lopez Marful ahizpek salaketa egiten dute : “Plan orokorra burutzeko prozesu osoan, 2010. urtera arte egin ziren fase guztietan gure etxebizitzak ez zeuden ordenazioz kanpo. Behin-behineko baieztapenean ordenazioz kanpo geundela ikusi genuenean, zer pasatzen da hemen? galdetu genion geure buruari. Konturatu ginenerako plan orokorra ezin zen atzera bota, ezin genuen kontrako alegaziorik egin”.
Erabaki horiei aurre egiteko sortu zuten Etxeberrietas Existe elkartea. Abokatu eta arkitekto baten aholkularitzarekin maila juridikoan egoera beltzari aurre egin nahi diote, “gure etxebizitzetan zerbait egin behar bada,  ez diezagula honek kosturik ekarri. Izan ere, hemengo etxe guztien egoera ez da berdina: errepide aldera ematen dutenak egoera kaxkarrean daude, baina atzealdekoak egiturari dagokionez, ondo daude”.
Anahik jukutria maltzurrean kokatzen du eztabaidaren gakoa , “egin kontu, auzoa bere osotasunean ikusi eta konturatuko zara gure inguruko guztia konpondu eta urbanizatu dela. Errazena egin zuten, irabaziak ematen zituzten ekimenak sustatu eta arazo gehien sortzen duena azken unerako utzi. Auzo osoaren eraberritzean sartu izan bagintuzte 77 bizilagun ez ziren hainbeste, eraikitzeko asko zegoelako. Egoera ahulenean daudenei egindako eraso zuzena izan zen”.
Burokraziaren joko maltzurraren preso direla diote, “hirigintza oso gai konplexua da. Jendea hondeamakina  ikusiz gero mehatxatua sentitzen da, baina gurean mehatxua paper bat da: ordenazioz kanpo gaudela dioen agiria. Guztia legezkoa da. Hondeamakina hemen agertzen denerako ezingo da ezer egin”.

Auzotar gutxi denen interesen alde
Auzoan bertan bizilagun batzuek erakutsitako aurkako jarrera ere arazo bihurtu zaie. Denak bizi dira ordenazioz kanpo, baina gutxi batzuk dira ahotsa altxatzeko prest daudenak.
Anahik horrela azaltzen du egoera: “Jendeari ez zaio gustatzen kontu hau, oso gogorra delako. Bere etxea ordainduta duen pertsona bati bere jabetzak ezertxo ere ez duela balio  esatea kolpe gogorra da. Izugarrizko atsekabea eragiten dio. Jende askoren teknika ihes egitea da, eta ez iezaiezu ezer konta, ez baitute ezer jakin nahi. Psikologikoki babes jarrera bat da, gainezka egiten dizun zerbaiten aurrean babesteko era bat. Gainera, beti esan izan da Etxeberrieta auzoa behera botako zela, eta aitzakia hori jartzen dute, hogei urte daramatzatelako kontu berdina entzuten. Baina orain arte ez zegoen inon idatzia, eta orain bai”.
Agintariekin gorabeherak aitortu arren, Udal gobernu talde berriarekin pozik daude, “elkarlanean ari gara, akordioak bilatzen. Guretzat motel doa, baina pausoak ematen direla ikusten ari gara. Zentzu horretan pozik gaude”.
Egoerarik makurrenean, ordenazioz kanpo geratzearen ondorioak onartu behar badira, zein litzateke irtenbiderik egokiena? Anahi Lopezek bere aldarrikapena egiten du: “Auzune honetan banago, nagoen tokian banago, nahi dudalako da. Ez dut etxez aldatu nahi, gustukoa dut nirea, baina interes orokorragatik behera bota behar bada, onartuko dut. Ordainetan, nire etxearen ezaugarri berberak dituen beste bat eman beharko didate, baita eragozpenengatik kalte-ordain bat ere; etxez aldatzeak dakarzkidan eragozpenengatik”.

Elkarbizitza zaila ijito eta etorkinekin
Etxeberrietas Existe elkartekoek Andoaingo kasua Bilboko Errekalde-Berri auzokoen kasuarekin parekatzen dute. Han hogei urte daramatzate ordenazioz kanpo. Ondorioz, pisuen jabeek ez dituzte etxeak konpontzen, auzoa geroz eta degradatuagoa dagoelarik.
Neurri batean Andoainen gauza bera gertatzen ari dela diote. Bizilagunak alde egiten hasi dira, etxebizitzak alokairu baxuan jarriz. Gauzak horrela, auzunera bertaratzen direnak baliabide gutxiko familiak izaten dira. Tartean, etorkinak eta ijitoak.
Anahi, Ainhoa eta Marian haserre agertu dira auzunean ijitoek eta etorkinek duten jarrerarekin. Etxeberrietan hirigintza mailako arazoari, arazo soziala erantsi zaiola diote.
Marian Urkia errepide aldera dauden etxebizitzetan bizi da. “Hor, gehienbat, ijitoak eta portugaldarrak bizi dira. Auzoa txikitzen ari dira, atzeko aldea, bereziki. Txikitan hor jolasten nintzen, eta batere arriskurik ez zuen leku bat zen. Baina orain ez joan gutxineneko lodierarik ez duen oinetakoren batekin. Txatartegi bat bezala dute. Lehengo egunean atarian tabla batzuk jartzera etorri ziren eta katuak baino handiagoak ziren arratoiak agertu ziren. Hori atzealdean dagoen zikinkeriaren ondorio da”.
Anahik pertsona hauek gune publikoaz egiten duten erabilerari kritika egiten dio, “gune publiko bat mugatzen dute, pribatua izango balitz bezala erabiliz. Askatasun guztiak hartzen dituzte. Kalean sua egiten dute. Euren eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina ez dituzte betebeharrak betetzen. Tailer moduko bat dute, rotaflex eta guzti, argia argiztatze orokorretik hartuz. Auzotarrek hori ikustean zera diote, non daude agintariak? Zergatik ez dira mugak markatzen? Zergatik egin dezakete nahi dutena? Noizbait egin izan diegu aurre, baina zer lortzen dugu horrekin? Ezer ez, galtzen ateratzen gara. Nahi dutena egiten dutela ikusten dugu, eta horrek amorrua ematen digu. Egia da gobernu talde berria iritsi zenetik Udaltzaingoa askoz gehiago dabilela inguru honetan. Badaezpadako neurri bat da, baina oraindik asko dago egiteko”.
Hirigintza mailako mehatxuak, etxebizitza galtzeko arriskua, bizilagunen arteko liskarrak... arazo potoloak izan arren badira oraindik auzoari dirdira eman nahi dioten auzotarrak. Borroka betean dira, zailtasunak zailtasun, haien eskubideen alde. Eta, bide batez, galbidean doan auzunearen alde.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!