Duela hogei bat urte hasi zen Iñaki Tolosa western modalitateko ariketa ezberdinetan trebatzen: “Betidanik ibili izan naiz zaldi gainean. Orain hogei urte inguru ezagutu nuen western modalitatea eta noizean behin ikastaroren bat egiten nuen. Garai hartan, hemen ez zegoen zaletasun handiegirik eta kanpotik etorritako adituekin ikasten genuen. Hilean pare bat saio egiten genituen eta gaur egun ere, tarteka ikastaroren bat hartzen dugu. Duela zortzi bat urte lehiatzen hasi nintzen. Ariketa ezberdinak sartzen dira westernean, batzuk banakakoak eta beste batzuk, taldekakoak. Iazko urtera arte estatu mailako txapelketan parte hartu nuen eta horrek, ia astebukaera guztietan etxetik kanpora joatea zekarkidan. Aurten, ordea, lasaixeago hartzea erabaki dut eta txapelketa solte batzuetan bakarrik hartu dut parte”.
Zaldi amerikarrak
Zaldi bereziak dituzte western diziplinan aritzen direnek: “Zaldi amerikarrak dira: milla laurdena, apaloosa…, horrelakoak. Oso zaldi bizkor eta leialak dira. Ondo hezita daudenean, ardi zakurren antzera egiten dute lan, ondo dakite zer egin behar duten, baita nola egin ere. Zaldunaren mugimendu txiki batekin nahikoa dute zer egin behar duten ulertzeko”.
Iñakik eta beste zenbait zaletuk Euskal Western elkartea sortu zuten 2009 urtean: “Lehiatu ahal izateko, elkarte bateko kide izatea eskatzen ziguten. Euskal Herriko hamabi bat zaleturen artean sortu genuen elkartea duela zenbait urte eta geroztik, jende gehiago batzen joan zaigu. Gaur egun, hogeita hamairu kide gara”.
Taldeka eta banaka
Ariketa ezberdinak sartzen dira western diziplinaren barnean: “Ariketa batzuk banaka egiten ditugu eta beste batzuk, taldeka. Team penning izeneko ariketan hirunaka hartzen dugu parte. Behi talde batetik hiru buru bereizi eta itxitura batera eraman behar dira. Minutu bat eta hogei segunduko tartea besterik ez daukagu lan hori osatzeko, beraz, azkar ibili beharra izaten dugu. Cattle Penning ariketa aurrekoaren berdina da, baina zaldun bakarrak hartzen du parte eta ganadu buru bakarra bereizi behar du. Horrez gain, zaldi heziketako ariketa ezberdinak ere egiten ditugu”, azaldu du Iñakik.
Azkar eta txukun
Ahalik eta denbora laburrenean egin behar dira lanak puntuazio ona lortzeko, baina baita txukun egin ere: “Ezin dugu ganadua edozein moduz erabili eta zaldiak ezin du ganadua ukitu. Puntuak galdu edota frogatik kanpora geratzeko arriskua dago horrelakoren bat gertatuz gero. Ariketa azkar egiteaz gain, kontuz ere egin beharra dago; epaileak adi egoten dira eta”, aipatu du.
Reining ariketa ere oso ikusgarria da Iñaki Tolosaren iritziz: “Heziketako froga da reininga. Zaldiak ariketa ezberdinak egin behar ditu; zirkuitu bati itzuliak eman, galopean doala bat batean geratu, eskuz aldatu, buelta eman…, hori guztia abiadura handian egiteko gaitasuna dute zaldi amerikarrek, eta oso ikusgarriak dira. Froga horiek egiteko ezaugarri bereziak betetzen dituzte. Beste arrazetako zaldiek ezingo lituzkete azkartasun eta trebetasun berarekin egin”.
Bidaniako txapelketa
Duela aste gutxi Bidanian izan dute lehia: “Euskadiko txapelketarako puntuagarria zen Bidaniakoa eta Zaldibarren egingo da finala, laster. Jende kopuru polita bildu zen Bidaniako lehia hura ikustera, arratsaldean bereziki. Aurreko urtean erakustaldia egin genuen eta aurten, txapelketarako puntuagarria izatea lortu dugu. Froga ikusgarriak izaten dira eta jendeak asko gozatzen du. Bizkaian ere txapelketa asko egiten da: Gernikan, Amoroton…, Estatuko txapelketa jokatu nahi izanez gero, berriz, Katalunyara, Madrilera, Zaragozara, Huescara.., asko mugitu beharra dago. Kanpoan jokatutako txapelketa horiek bi egunetakoak izaten dira; larunbata eta igandea. Ostiralean abiatu eta asteburu osoan lehiatzen aritu ondoren, zaldiari atseden hartzen utzi behar zaio itzulerako bidaiari ekin aurretik. Igande gauean oso berandu iristen ginen askotan eta zenbaitetan, astelehen goizera arte luzatzen genuen asteburua. Horregatik, hemen inguruko lehietara mugatu dut aurtengo parte hartzea”.
Semea, zaletasunean lagun
Bidelagun izaten du Oihan semea ere: “Hamabi urte ditut orain eta dagoeneko, hiru urte daramat western diziplinan lehiatzen. Oso gustura nabil. Txapelketetako parte hartzailerik gazteena izaten naiz normalean eta helduekin batera aritzen naiz. Taldekakoetan, aitaren talde berean aritzen naiz normalean”, azaldu du Oihanek.
Umea zela hasi zen zaldi gainean. Hala azaldu du Iñakik: “Bederatzi urte zituela Gipuzkoa osoa zeharkatu genuen, eta Pirinioak ere gurutzatu ditugu zaldi gainean. Ondo moldatzen da”. Nekearen inguruan galdetuta, “oso gustura ibiltzen naiz eta nekatuta ere ez zait gehiegi axola”, erantzun du gazteak.
Katalunyan, adituak
Katalunyan zaletasun handia dute western-aren inguruan: “Hemen ez da oso ezaguna, baina Katalunya inguruan kultura handia dute. Europa mailan indar handia duen kirola da eta Italian eta Alemanian bereziki aditu asko dago. Italian, ia futbolak adinako zaletasun maila baduela esango nuke. Zaldun amerikarrekin lehiatzeko moduan daude han”.
Amerikan sortutako diziplina da westerna: “Garai batean arrantxoetan egiten zituzten lanetan oinarritutako ariketak dira. Gaur egun ez da modu honetan lan egiten, baina kirol gisa mantendu da. Ameriketan indar handia du westernak, baina Italian ere ez dira atzera geratzen. Hara joateko aukera izan nuen eta izugarri gozatu nuen ikusitakoarekin”.
Jantzi bereziak soinean
Itxura berezia izaten dute westerna egiten dutenek: “Txapelketetan parte hartu ahal izateko, derrigorrezkoa da janzkera zaintzea: txapel bakeroa, gerriko zabala, alkandora eta galtza bereziak, larruzko botak, espuelak…, Hori guztia eraman behar da soinean. Frogak ikustera hurbiltzen diren askok ere western jantziak izaten dituzte soinean eta horrek, giro berezia ematen dio ekitaldiari”.
Zaldi bana dute Iñaki eta Oihan aita semeek: “Kanpotik ekarritako zaldiak dira. Hemen hazitakoak ere baditugu, baina oso zaila da txapelketarako behar bezala hezitzea, horregatik, lehian gabiltzanon artean ohikoa da hezitako zaldiak kanpotik ekartzea. Astean bost bat ordu eskaintzen dizkiogu zaldi gainean ibili eta ariketak egiteari eta horrez gain, ohiko zainketa lanak egin behar zaizkie zaldiei. Ganaduarekin ibili gabe denbora dexente daramagunean, etxeko behiak tokiz mugitzen ditugu, entrenamendu gisa”.
Elkarlana
Zaldiaren eta zaldunaren arteko elkar ezagutza berezia behar da westerna egiteko: “Bridak ia askatuta eramaten ditugu. Zaldia gidatzeko mugimendu ezberdinak egin behar dira gorputzarekin. Oso ondo ulertzen dugu elkar”.
Oso istripu gutxi izaten dira western diziplinan. “Ez da ohikoa erorikoak izatea. Tarteka gertatzen da hori ere, baina oso gutxitan. Zaldiak min hartzea ere ez da ohikoena. Noizbait gertatzen bazaigu, beste norbaiten zaldiarekin parte hartzeko aukera izaten dugu. Badaezpada, etxean zaldi bat baino gehiago edukitzea ohikoa izaten da; batek mina hartzen badu, ordezkoarekin lehiatzen gara sendatu arte”.
Emakumeak ere bai
Emakumeak ere aritzen dira westernean. “Ohikoa da emakumeak lehian ikustea. Denak batera aritzen gara, talde mixtoak osatuta. Zaldibarren jokatuko den lehian emakume bat baino gehiago arituko da ziurrenik”.