Maria Pilar Ormazabal, mendian aitzindari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 5a, 17:56

Duela urte gutxi arte, ez zen batere ohikoa emakumeak eski gainean edota eskalada egiten ikustea. Maria Pilar Ormazabal 1960ko hamarkadan trebatu zen zaletasun horietan.

Goizeko 05:30etako autobusa hartu, Villabonatik Tolosara joan, meza entzun eta mendira. Horixe zen igande askotako plana. Tolosako Alpino Uzturre taldeko kideekin ibiltzen zen Maria Pilar Ormazabal. Mendi ibilbide luzeak egiten zituzten maiz, eta eski gainean edota eskalada egiten ere aritu izan zen Maria Pilar: “Garai hartan ez zen ohikoa neska bat eskalada egiten ikustea. Nirekin batera Tolosako besteren bat ere animatzen zen, baina gehienei beldur pixka bat ematen zien. Amezketako Zazpitturrin, Hernaniko Santa Barbaran, Txindokin, Arabako Eginon, Ordesan..., toki askotan ibiltzen ginen”.

Rokodromorik gabe
Beti izaten zuen laguntzeko prest zegoen norbait: “Hutsetik hasi nintzen eta adituen laguntza izaten nuen ikasten joateko. Igotzerakoan, soka nondik pasa edota hanka non jarri esaten zidaten eta ondo moldatzen nintzen. Beherakoan, ahal nuen moduan rappelatzen nuen. Garai hartan ez zegoen rokodromo eta antzekorik, beraz, mendia izaten zen gure entrenatzeko eta ikasteko tokia”.
Eguberri inguruan hasten zuten urteko mendi denboraldia: “Eskiatzera joaten ginen negu aldean. Aralarren izaten ginen ia igandero. Ahal bazen, Guardetxeraino joaten ginen autobusez eta handik, irteera ezberdinak egiten genituen. Batzuetan errepidearen egoerak ez zigun Guardetxera iristen uzten eta oinez igo behar izaten genuen. Behin baino gehigotan egin izan genuen hamar bat kilometroko ibilibidea, Guardetxera iritsi eta handik eski gainean abiatzeko. Eguraldi txarrak bultzata, Guardetxen egonaldi bat baino gehiago ere egin genuen. Arropak lehortu, bazkaria berotu eta gustura egoten ginen kontu-kontari”, azaldu du.

Eski lasterketak
Euren arteko eski lasterketak ere antolatzen zituzten Aralarren. Giro polita sortzen zen lehia haietan eta oso ondo pasatzen genuen. Izaera ofizialagoa zuen lasterketaren batean ere parte hartu izan nuen eta baita sariren abt etxeratu ere. Hala ere, ez zen oso ohikoa horrelakoetan parte hartzea”.
Lagun talde polita osatzen zuten Uzturre Alpinoko kideek: “Herri askotako jendea elkartzen ginen. Ahizpa eta biok Villabonatik joaten ginen, baita Alfonso Mendia ere. Amasa-Villabonan Loatzo elkarteak antolatzen zituen mendi irteerak eta horregatik ez zen Tolosara jende gehiago joaten. Andoain, Hernani, Ordizia..., herri askotako mendizaleak elkartzen ginen eta giro bikaina genuen. Lagun talde polita osatu genuen. Oso gogoan dut irteera amaituta, etxera itzultzeko autobusean sartzen ginenean kantu saio luzeak egiten genituela, pozik”.

Asteburuak eta oporraldiak
Ia iganderoko plana izaten zuten mendian: “Villabonako Santio jaietan ez ginen irteeretara joaten, baina gainerantzean, ia igandero joaten ginen ahizpa eta biok. Urte hasieran irteeren egutegia banatzen ziguten eta baten bat gogorregia zela iruditzen bazitzaigun, ez gien joaten”.
Aste Santuetako oporraldia ere mendirako aprobetxatzen zuen Maria Pilarrek: “Horixe izaten zen urteko oporraldirik luzeena eta oso gustura hartzen genuen. Candanchura joaten ginen, eskiatzera. Telesillan igo eta ahal zen moduan jaisten ginen maldan behera. Garai hartan ere bazeuden eski irakasleak, baina garesti ateratzen zen. Lau egunetako hotela ordaintzea nahikoa zen guretzat eta gure kasara ikasi genuen”.

Hala-moduzko materiala
Eskirako, eskaladarako edota mendirako materiala ere ez zen gaur egungoa bezalakoa: “Egurrezko eski handi batzuk nituen. Garai hartan Donostiara joaten ginen behar genuen materiala erostera, Elizondo dendara. Eskaladarako erabiltzen genituen sokak eta gainerakoak, berriz, Alpino Uzturre elkartearenak ziren. Arropari dagokionez, ahal zen bezala ibiltzen ginen, ez genuen mendirako arropa berezirik eta erosoa iruditzen zitzaiguna jantzita joaten ginen. Beranduxeago kirol denda bat ireki zuten Tolosan eta hara joaten ginen mendirako arropa eta materiala erostera”.

Udan, mendira
Udaberrian ekiten zioten eskalada denboraldiari eta udan, mendi ibilbideak egiten zituzten: “Uda betean Piriniotako irteerak egiten genituen. Hiru Erregeen Mahaia, Orhi..., mendi ezberdinak igotzen genituen. Oso irteera ederrak izaten ziren. Horietan, neska talde politak elkartzen ginen, nahiz eta askoz ere gehiago izaten ziren mutilak. Gertuagoko mendietan ere asko ibiltzen ginen”.

Afariak, elkarrekin
Etxetik eramandako otordua jaten zuten irteera horietan: “Normalean, xerrak eramaten genituen, baina bestelako jakiak ere izaten genituen tarteka. Ahal zenetan, sua egin eta otordua berotu egiten genuen, eta neguan eskertzekoa izaten zen hori. Oso gogoan dut tarteka Luis Segurolak arroza egiten zigula mendian. Egun handia izaten zen hura. Irteera amaitu eta Tolosara itzultzen ginenean, Alpino Uzturreren egoitzara joan eta bazkaritatik sobratutakoa jaten genuen elkarrekin. Egunean zehar gertatutakoa errepasatu eta hurrengo irteeraz hitz egiteko aprobetxatzen genituen afari haiek”.
Adin guztietako jendea elkartzen zen Alpino Uzturreren irteeretan: “Haurrentzako ibilaldiak ere egiten ziren eta horietan, begirale lanak egiten genituen. Helduentzako irteeretan, berriz, adin guztietako gizon-emakumeek parte hartzen genuen”.

Etxekoen jarrera
Askotan, nora zihoan esan gabe ateratzen zen Maria Pilar etxetik: “Mendira nindoala esaten nuen, baina ez eskalatzera joatekoa nintzenik. Aitari ez zitzaion batere gustatzen eta nahiago izaten nuen ixilik pasa. Garai hartan ez zen ohikoa horrelakoak egitea eta gutxiago neska izanda, horregatik ahalegintzen nintzen azalpen gehiegi eman gabe joaten”.
Momentu larriak
Mendiak gozamenerako bidea ekartzen du maiz, baina baita momentu gogor asko ere: “Istripu larriak gertatu ziren taldean. 1966an Angel Etxedona tolosarra hil egin zen, eskalatzen ari zela erorita. Nonbait sokak eskuak erre zizkion eta erori egin zen. Une gogorrak bizi izan genituen taldean.  Patxi Berrio eta Ramon Ortizen heriotza ere oso latza izan zen. Naranjon hil ziren biak, 1969ko otsailean”.
1968 urte inguruan eman zion amaiera Maria Pilarrek Alpino Uzturren egindako ibilbideari: “Asko gozatu nuen urte haietan. Lagun asko egin nituen eta toki asko ezagutu. Duela urte batzuk elkartearen berrogeita hamargarren urteurrena ospatu zuten eta gustura joan nintzen ekitaldietara. Lagunak ikusi eta kontu zaharrak berritzeko aukera paregabea izan zen hura. Mendian ateratako argazkiak ikusiz egun haiek gogora ekartzea oso polita izan zen”.

1964tik 1968ra
Lau urteko ibilbidea egin zuen Maria Pilar Ormazabalek Alpino Uzturre elkartean. 1958ko abenduan sortu zen elkartea, Tolosan. Inguruko herrietako mendizaleak ibili ziren bertan, tartean, Maria Pilar eta bere ahizpa Maria Luisa. Aitarekin batera ibiltzen ziren kamioiean bi ahizpak, eta Tolosara egindako bidaia batean jakin zuten elkartearen berri. 1964an hasi ziren elkarteak antolatutako irteeretan parte hartzen. Hamazazpi urte zituen Maria Pilarrek eta lau urtez ibili zen buru-belarri. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!