Izaskun Forkada dantzaria eta koreografia egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 5a, 17:49

Txikitandik dantzari, Izaskun Forkadak zaletasun zuena ogibide bilakatu du. Bap!!, Negu Gorriak, 2Kate edota Nacion Reixarekin dantzatu eta kantatu ostean, Pirritx eta Porrotx pailazoekin dabil egun.

Musika industrialean aritzetik, Pirritx eta Porrotx pailazoekin dantzatzera igaro da Izaskun Forkada. Aldaketa dezentea eman zuen Zarautzen bizi den andoaindarrak.

Umetan zaletasuna zena ofizio bihurtu zaizu. Noiz hasi zinen dantzaren munduan murgiltzen?

Txikitan euskal dantzak ikasi nituen. Zazpi urterekin hasi eta hamabi urtera arte aritu nintzen. Hamabi urterekin beti dantza berak dantzatzeaz aspertu nintzen. Orduan jazz dantza ikasten hasi nintzen, Andoaingo Areski gimnasioan. Dantza modernoa zen, Fama eta horrelako pelikuletan azaltzen den dantza estilo hori. Funky estiloko dantza ere nahasten genuen. Hamazazpi urte nituela batxilergoa amaitu eta Areski gimnasioan aerobikeko klaseak ematen hasi nintzen, hango arduradunak eskainita, oso erraz egiten nuela ikusi baitzuen. Beste mundu batetik nentorren, baina aerobik egitea oso erraza zen niretzat. Beranduago, Bartzelonara, Valentziara, Madrilera... joaten hasi ginen, ikastaroak egiteko. Oso irakasle onak eduki nituen, bai aerobiken eta baita funkyn ere. Funky ikastaroetan Estatu Batuetako dantzari beltzak; Madonna, Prince edo rapero askoren koreografoak izan ziren nire irakasleak. Harrituta uzten ninduten eta beraiengandik ikasi nituen koreografia asko. Urte batzuk eman nituen horrela, ikastaroak egiten eta, aldi berean, aerobikeko klaseak ematen eta jazz dantza egiten.

Negu Gorriak taldearekin ere dantza egin duzu. Nola sortu zen aukera hori? Berrikuntza izan zen, ezta?
Andoainen BAP!! taldea sortu zen eta nik koro batzuk egiten nituen beraiekin. Mikel Abrego zen taldeko bateriajolea eta betidanik ezagutzen genuen elkar. Berak Negu Gorriaken ere jotzen zuen. Nik abestu eta dantzatu egiten nuen. Mundu horretan sartua nengoen, ezagutzen ginen. Behin Fermin Muguruza etorri zen eta galdetu zidan ea dantzatuko genukeen Hitz egin! kontzertuan, “Horrelakoa da bizitza” abestian. Baietz esan nion. Abestia koreografiatu nuen eta dantzatu egin genuen, nik eta Amaia Alkortak. Hortik aurrera, Anton Reixak, Nacion Reixa taldeko kideak ere eskaini zigun dantza egitea, eta Galiziara joaten ibili ginen. Kolaborazio asko egin nituen, bideoklipak ere bai talde askorekin. Gero talde bat egin nuen Mikel Kazalisekin, gaur egun nire bikotea eta nire seme-alaben aita denarekin; 2Kate, estilo industrialekoa. Nik abestu egiten nuen, eta Amaia eta biok dantzatu. Hau da, dantzatu eta kantatu egiten nuen. Jada Negu Gorriakekin egina genuen baina 2Katerekin indartsuagoa izan zen.

Zein dantza motarekin identifikatzen zara gehien?
Funkya eta hip-hopa dira gehien gustatzen zaizkidanak. Baina denetarik egin dut; afrikarra, karibearra, garaikidea, jazza, salsa, merengea... Ballet egiten ez dut ikusten nire burua, baina ona da oinarri bat edukitzeko. Nik oinarri hori jazz egitean ikasi nuen, barrako ariketak egiten genituelako. Baina beti beltzerako joera izan dut; afroamerikarren estiloko dantzak gustatzen zaizkit.

Zein da koreografia baten gakoa?
Dantza egin behar duten guztiak gai izatea. Azken finean, denok gara dantzarako gai, hobeto edo okerrago. Niretzat garrantzitsuena inork ezinaren sentsazio hori ez sentitzea da. Orain dela gutxi egin genuen flash mob bat Zubietan, eta denak izan ziren koreografia egiteko gai. Adin, jatorri eta dantza maila desberdinetako jendea zegoen han, baina guztiak izan ziren koreografia ikasteko gai.
Gakoa erraz egitea da, sinplea; jendea gustura geratzeko. Lehen ikusten genuen aerobikeko irakasle batzuek maila izugarria jartzen zutela, eta jendea atzean ezinean ibiltzen zela. Niretzat garrantzitsuena erritmo motel bat jartzea da, pausoak errazak izatea eta jendea gustura geratzea.

Gaur egun Pirritx eta Porrotxekin zabiltza lanean. Zein da zehazki zure eginkizuna?
Joxe Mari Agirretxek deitu zidan, koreografiak egiten laguntzeko prest nengoen galdetuz, eta jada hamar urte daramatzat beraiekin. Momentu horretan klaseak ematen, taldeetan dantzatzen eta pailazoentzako koreografiak egiten nenbilen. Orduan haurdun geratu nintzen. Hala eta guztiz ere, koreografiak egiten jarraitu nuen, baina klaseak emateari utzi nion. Umeak pixka bat koxkortu zirenean, pailazoen taldekoek beraiekin dantzatzera animatu ninduten. Azkenean, baiezkoa eman nien, eta Pupu eta Lore emanaldian hasi nintzen dantzatzen. Aurten, Zazpikoloroa ikuskizunarekin jarraitu dut.
Nire eginkizuna koreografiak egitea da. Mugimenduek logika bat izan behar dute ikuskizunean, baina nahiz eta pauso errazak izan, zaila izaten da logika hori mantentzea.

Bi haur txiki dituzue. Zer da umeentzat amatxo Pirritx eta Porrotxekin ikustea?
Natural ikusten dute. Hiru edo lau aldiz etorri dira. Nik kaso egiten diet eszenatokitik, baina gehiago begiratzen diete Belekoi andereari edo besteren bati. Hasieran ez zuten nahi ni ikuskizunetara joatea, ordu asko zirelako, baina dagoeneko onartu dute. Ohitu egin dira.

Erraza al da zuen lanbideak familia bizitzarekin bateratzea?
Txikiagoak zirenean ez, baina orain koxkortuta daude,eta errazagoa da. Mikelek ez badu kontzerturik bera geratzen da, eta bestela neska bat hartu dugu eta berak zaintzen ditu haurrak. Batzutan biok gaude kanpoan, berak kontzertua eta nik pailazoekin ikuskizuna izaten dugu, ordutegi bereziak ditugu.

Zarautzen bizi zara. Zein da Andoainekiko duzun lotura?
Nire lagunak eta kuadrila han ditut, eta noizbehinka joaten naiz umeekin. Beraiek gutxiagotan etortzen dira Zarautzera! Hala ere, Zarautzen bizita, eta udan hondartza hemen edukita, zaila izaten da hara joatea.

Dantzaz gain, beste zaletasunik ba al duzu?
Abestea, beti abestu izan dut. Biak egin izan ditut, beti egon izan naiz musika munduan sartuta.
Ministry taldea ikustera joan naiz uda honetan, musika industriala egiten dute. Aldaketa handia da pailazoen musikatik niri gustatzen zaizkidan taldeetara egiten dudana! Bi muturrak dira.
Horrez gain, mendian egotea ere ikaragarri gustatzen zait. Iratin egon naiz orain dela gutxi eta zoriontsu izaten naiz horrelako lekuetan. Saiatzen naiz herriaren eta mendiaren artean oreka mantentzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!