Argentina zeharkatuz, hegoaldetik iparraldera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 5a, 17:45

Hilabete luze igaro dute Egoitz Bengoetxea billabonatarrak, Ander Armenteros urretxuarrak eta Jon Arriaran zumarragarrak Argentinan barrena.

Aspaldidanik buruan zerabilten bidaia aurten egiteko aukera izan dute. Bere bizipenak kontatu asmoz, ondorengo kronika idatzi du Bengoetxeak. Argentinan egon ez denak, imajinazioaren laguntzaz, herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharka dezake. Ushuaiatik Iguazura. Bidaia on!
Buenos Airesek zenbat biztanle dituen esaterako orduan taxista bakoitzak bere bertsioa badu ere, garbi geratu zen milioika direla, eta Argentinako zati handi bat bertan bizi dela. Inguru turistikoenetako erakusleihoetan ez ziren inon falta Boca, River, Bartzelona edo Madrid futbol taldeen elastikoak; hemen,  Futbola erlijioa da, eta talde bateko edo besteko zaletu izatea derrigorrezkoa. Zeruraino luzatzen diren etxe-orratz handiek eta zutik irauten nahikoa lan duten hormigoizko lau paretadun etxeek islatzen dute bertako sozietatea: Dirua duen eta ez duenaren arteko aldea, auzo batean edo bestean bizitzea merezi dutenen arteko aldea. Hiriburuan bi egun gehiegi izan ziren. Zarata, estres eta kaos honetara egokitu gabeko gure buruek bertatik ihes egin nahia sentitu zuten.
Hiriburuan bi egun gehiegi izan ziren zarata, estres eta kaos honetara egokitu gabeko gure buruek bertatik ihes egin nahi izateko.

Hiriburutik Andeetara
Andeetara gerturatu ahala eskiak janzteko irrika areagotuz joan zen, Las Leñas inguruko mendietako elur hauts famatuak astintzeko gogoa. Gogoa. Malargüe-ko informazio bulegoko agureak agindutako lau metro altuerako elur hautsak eta bertaratzean aurkitu genituen mendi hegal biluziek agerian jarri zuten argentinarren mendi informazioaren fidagarritasun falta. Gure asmoa inguru honetan dauden hiru mila metroko inguruko tontor batzuk igotzea bazen ere, garbi geratu zitzaigun “txipa” aldatu eta egunen batean eski-pistetan artifizialki mantenduriko elurrak aprobetxatu beharko genituela. Hegoameriketako eski-pistarik famatuenetakoak dira Las Leñasekoak, patrikak ondo beteta dituzten argentinar eta brasildar gutxi batzuei begira jarriak.
Gure Malargüe-ko egonaldia bailara ezezagun batean pilaturiko elurretan egindako eskialdiak baino, kasualitatez aurkitu genuen ostatu ekologiko berezi batean jasotako esperientziak markatu zuen. Lasto, lur, egur, autoen beira eta beste hainbat berrerabilitako materialekin eginiko ostatu bitxi bezain dotore honetan ezagutu genuen familia suitzar batekin eta bertako langile eta etxejabeekin harreman paregabea egin genuen. Honela, Argentinan jan dugun arkume erre onenarekin, mahai inguruan amaitu genuen Malargüeko egonaldia.

Malagüetik Barilochera
Hurrengo geltokia Bariloche izan genuen; herri ikusgarria benetan, hainbat laku erraldoik inguratua. Guretzat, ordea, akats handi bat: hemen ere elurra falta. Badirudi, aspaldian izan den negurik lehorrena egokitu zaigula, eta herri honetan izurritea diren garagardotegi txiki guztietan proiektatzen dituzten elur-abentura erreportajeek ez gaituzte asebetetzen. Gau bateko elurtea eskiak urratuko zituztela pentsatzea ekidin zuten hiru artabururen engainagarri suertatu zen egun batez bederen. “Euskal elurra” deitu genion, egun batean zuritua eta hurrengoan desagertzen dena; eskiatzaile oro engainatzen duena.
Hau honela, lehen hamabostaldia igarota, garraiatzeko orduan hainbeste buruhauste eman zizkiguten eta hainbat autobus gidari eta taxilariren mutur beltzak ikusi zituzten eski ekipoak Buenos Airesera bidaltzea erabaki genuen; hala, ekipaia arinagoarekin hegoaldea ezagutzera abiatu ginen.

Glaziar eta tontor ikusgarriak
El Calafate inguruan herrialde honetako kioskoetako postalez oroitzen da bat. Ez nuen sekula pentsatuko Alpe eta Ande peruarretan ibilitako pertsona batek glaziar bati begirik kendu gabe orduak igaro zitzakeenik. Pentsamendu hori, ordea, Perito Moreno famatua ikustean aldatu nuen. Bertara gerturatzean tarteka izotz mugimenduek eragiten dituzten zarata beldurgarriek eta izotz-jauziek bisitarien arreta bereganatzen dute. Argazki, bideo edo letren bidez deskribatu ezin daitekeen zerbait.
Chamonix-en hainbestetan miretsi ditudan mendi-orratzek eragiten duten hotzikara ere,  beste inon sentituko nuenik ez nuen espero. Usteak erdia ustel, ordea. El Chalten inguruan egindako trekking-ean Fitz Roy eta Cerro Torre bistaratu zitzaizkigunean ere, sentsazio berezi nahiz kitzikagarria sentitu nuen. Kasualitatea izan zen pareta hauek negu gorrian ikusi ahal izatea, tokatu egin zitzaigun. Bertaratzen diren bisitari askok mendi hauek ia beti itsatsirik duten laino artean imajinatu baino ezin izaten baitituzte egin. Neguan erdi hilda geratzen den arren, El Chaltenen udan izango den turista mugimendua usaindu ahal izan genuen ia erabat itxirik zeuden “souvenir” denda, jatetxe, taberna, txokolategi eta hotelen bidez.
Behin hegoaldean egonda, hegoalderaino: Ushuaiara. Turista bat ez da turista Ushuaiara iritsi eta “Munduaren Amaierako Itsasargi” ondora bidean itsas-txakur eta kormoranak erakutsiz gerturatzen den katamarana hartzen ez badu. Ushuaiaren historia laburra kontatzen duen museoren bat edo beste ikusi ondoren, eta goizeko lauretan hartu behar genuen autobusa hartzeko denbora betetze aldera edo, txakurrek bultzaturiko leretan ziztu bizian ibili ginen ilargi betearen argitan.

Hegoaldetik iparraldera
Argentinako postalak osatzeko, eta hegoalderago joan ezinda, azken egun apurretarako hegazkina hartu eta iparralderaino igo ginen. Hilabete osoan faltan bota dugun epeltasun bila agian, baina helburu, Iguazuko ur jauzi famatuak genituela. Bidaian zehar, orain arte ikusi gabeko oihan berdean zehar, gizakiaren gertutasunera erabat ohitutako animaliak agertzen dira, Koatiak, besteak beste. Port Aventura kutsua hartu genion arren, eta eguraldi euritsuak eginarazten bazuen ere, ezin izan genion ur-jauzi erraldoi batzuen azpira ziztu bizian gerturatzen zen “zodiak”-era (ur-jauzien bihotzera eramaten zaituen barkutxoa) sartzeko tentazioari eutsi. Ikusgarria benetan, urak duen indarra. Hauei begira eta hauen hotsarekin gozatuz orduak igaro genituen.
Mc Donald´s eko olio berrerabiliaren usainaz nazkatuta, hegazkinera sartzeko ilara luzera noa. Amaitu da oporraldia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!