Uztailaren 28an ekin zioten lanari Asierrek eta Yuquerik. Aurrez hostalaritzan aritutakoak dira biak ere. Hala azaldu du Yuquerik: “Hona iritsi aurretik, jatetxe baten ardura genuen Donostian. Bertara etortzen zen saltzaile batek eman zigun Larraulgo ostatuaren berri eta ez genuen bi aldiz pentsatu; baldintzen inguruan galdetu eta lehiaketara aurkeztea erabaki genuen. Gurea izango da datozen bost urteetan Herri Ostatua kudeatzeko ardura”.
Ostalaritzan arituak
Tabernako barraren atzean egoten da Yuqueri eta Asier, berriz, sukaldean: “Hogei urtetik gora darama Asierrek sukaldari lanetan. Ni, berriz, uruguayarra naiz eta abokatu lanetan aritzen nintzen han. Duela sei urte etorri nintzen hona eta geroztik, ostalaritzan aritu izan naiz. Asko gustatzen zait jendearekin tratu zuzena izatea eta eroso aurkitzen naiz barraren atzean”.
Pozik daude Larraulen egin dieten harrerarekin: “Oso jende atsegina topatu dugu hemen, beti laguntzeko prest. Udaleko kideek ere laguntza handia eskaini digute. Larrauldarren bilgune nagusietako bat da Herri Ostatua eta mugimendu polita sortu da. Inguruko herrietako jendea ere gerturatu zaigu, asteburuetan bereziki. Oso pozik gaude”. Kanpotik etorritako zenbait bisitari ere hurbildu zaie abuztuko egunetan: “Larraul ez dago ohiko turismo bideetan sartuta, baina Ingalaterratik etorritako zenbait familia etorri da ostatura”, jakinarazi du Yuquerik.
Jaietan, lanez lepo
Larraulen denbora gutxi badaramate ere, herriko jaiak gertutik bizitzea egokitu zaie. Hala adierazi du Yuquerik: “Taberna ireki eta egun gutxira hasi ziren jaiak. Guk uste baino jende gehiago etorri zen eta lanez lepo ibili ginen. San Bartolome eguna ere polita izan zen”.
Ostatuaren gaikaldean bizi dira Asier eta Yuqueri: “Oso toki lasaia da eta Larraulek eskaintzen duen ikuspegia, oso polita da. Oso gustura gaude hemen”.
Goizeko 09:30ak aldera zabaltzen dute taberna eta goizean goizetik hasten dira pintxoak eskaintzen: “Pintxo beroen eskaintzak arrakasta handia izan du. Txerri hankak, onddoekin egindako arroza..., pintxo bereziak egiten ditugu eta jendeak gustura hartu ditu. Eguneko edozein ordutan eska daitezke gainera”, azaldu du Yuquerik.
Pintxo-pote
Eguneko menua, asteburuetako menu bereziak, karta, ogitartekoak, plater konbinatuak, pintxoak..., aukera zabala aurkituko du Larraulgo Herri Ostatura hurbiltzen denak. Horrez gain, beste zenbait berrikuntza ere egin nahi dute, pixkanaka: “Duela bi aste jarri genuen martxan pintxo-pote ekimena. Aurrerantzean, ostegunero egingo dugu. Horixe izan da martxan jarritako lehen ekimena, baina beste zenbait berrikuntza ere egin nahi dugu. Esaterako, larunbat arratsaldetan herriko haurrentzako askari bereziak prestatu nahi genituzke, eta baita zenbait lehiaketa ere: partxisa, karta jokoak, etab”.
Jangela zerbitzua
Aurreko urteetan egin den bezala, eskolako jangela zerbitzua eskainiko dute Herri Ostatuko arduradunek: “Gure aurrekoek egiten zuten modu berean egingo dugu lan eta prezioa ere mantendu egingo dugu. Zenbait menu prestatu eta eskolara eramango ditugu, haurrek zer jango duten gurasoek jakin dezaten. Aurreko ikasturtean zehar hamar haurrei ematen zitzaien jangela zerbitzua eta aurten ere, antzeko kopurua izango dela uste dugu. Ikasturtea hastearekin batera, irailean jarriko dugu martxan jangela zerbitzua”.
Larraulgo Herri Ostatuaren inguruko berri zabaltze aldera, webgune berria sortu dute bertako kideek: “Oraindik ez dago guztiz osatua, baina dagoeneko, gure eskaintza ezagutu daiteke www.larraul herriostatua.com gunean”.