Julian Lopez: "denboraren poderioz ikasten ari naiz lana eta gozamena uztartzen"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 4a, 14:28

Julian Lopez Sorabillako Jai Batzordeko kidea da aspalditik, auzoaren aldeko edozein ekimenetan buru belarri sartzen den horietakoa. Jaien atarian, haiei buruzko iritzia eman dio Aiurri astekariari.

Zer esan esan dezakezu aurtengo egitarauaz?

Nahiko betea dator, urtero bezala. Nekez antola daitezke ekitaldi gehiago, hiru eguneko egitarau batean eta 300 bat biztanle dituen auzo batean. Saiatzen gara adin talde gehienen gogoak asetzen, baina ez da erraza; gazteria erakartzea, batez ere. Herriko musikari gazteen kontzertua antolatzen hasi ginen iaz elizan, gabezi hori pittin bat arintze aldera. Dakitena jendaurrean erakusteko aukera ere eman nahi diegu, indartsu baitatoz bultzaka musikaren munduan.

Krisia dela eta, asko kostatu al zaizue egitaraua osatzea?

Krisia izan ala ez izan, errealitate latza bizi dugu auzoetako jaiek azken urteetan. Ekitaldirik txikienak ere bere kostua dauka, eta aurrekontua izugarri igotzen da nahitanahiez. Hori bai, eskerrak eman behar zaizkie musutruk kolaboratzen duten auzoko edo Andoaingo beste auzoetako pertsonei, edo eta, iragarkiak jarriz euren ekarpen ekonomikoa egiten duten enpresa eta dendari txikiei. 

Auzoetarrek behar bezala parte hartzen al dute jaietan?

Auzotarrak biltzea, parte hartzeko bideak jartzea, ongi pasatzea… behar luke izan jaien muina, eta penaz aitortu behar dut printzipio hori ez dela erabat betetzen. Auzoan badira jaietara agertzen ez direnak, seme-alabak edo ilobak hartu eta haurren egunean ere agertzen ez direnak; hitz batean, jaiek batere ilusiorik pizten ez diena. Horiek denak animatuko nituzke, etor daitezen ekitaldiren batera, giro polita eta herrikoia izaten baita Sorabillako plazan.

Zerorrek gozatzeko aukerarik izaten al duzu jaietan zehar?

Mota askotako lana egitea egokitzen da, eta burua beti dabil lanean, baina denboraren poderioz ikasten ari naiz lana eta gozamena uztartzen.

Niretzat afari herrikoia (zikiro jatea) eta auzoko zaharren eguna dira gogokoenak. Afaria, giro polita sortzen delako ostiral gauean. Zaharren eguna, berriz, etortzen diren kaletar eta baserritarrak bertan jaio eta hazi direnak direlako, eta gainera, pozez etortzen direlako. Ekitaldirik hunkigarriena izan ohi da niretzat, jaiak antolatzen jarraitzera animatzen nauena urtez urte. Izan ere, jai batzordean asko Errotagain auzokoak gara, orain urte batzuk Sorabillara bizitzera etorritakoak. Gauzak horrela, bizilagun horiek, begiratuarekin nahikoa dute eskerrak emateko guri. Kanpotik heldu arren Sorabillan integratuta ikusten gaituztela sentitzen dut.

Aurten Gazteleku Pilota Eskola omenduko duzue…

1976an jaio zenetik, pilota oso modu txukunean zabaldu du Andoainen, eta lan isil baina etengabe hori aitortu nahi diogu. Beharbada herrian oraindik ez dugu jakin baloratzen Gaztelekuk 36 urtetan pilotako hiru modalitate (eskua, pala eta zesta punta) herriko gazteen artean zabaldu izana. Emaitzak harrotzeko modukoak dira, pilotarien zerrenda luzeari edo herrian dagoen zaletasunari erreparatuz gero.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!