Hilabete eskas falta da Kilometroak festa ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 4a, 13:26

Geroz eta gutxiago falta da urriaren 7a iristeko, eta Andoaingo Kilometroen antolatzaileak buru belarri dabiltza lanean. Ekitaldiak ere ugarituz doaz; Basteron ikusgai dago erakusketa gastronomiko-artistikoa, eta irailaren 12an saskibaloi partida antolatu dute Tolosako Usabal Kiroldegian.

Horrez gain, Kilometroak jaiaren antolatzaileek gogorarazi dute, festa aurrera ateratzeko denon laguntza beharrezkoa dela, eta oraindik lanerako jendea behar dela.

Kilometroak festa ospatzeko hilabete eskas geratzen den honetan, hainbat ekitaldi antolatu dira. Irailaren 21a arte erakusketa gastronomiko-artistikoa dago ikusgai Basteron; Ikastolako haurrek Igor Zalakainen errezetak oinarri hartuta egindako artelanekin. Ildo horretatik, Igor Zalakainen errezeta liburua irailaren 10ean aurkeztuko dute Basteron.

Horrez gain, saskibaloi partida antolatu dute Tolosako Usabal Kiroldegian. Ez da edozein partida izango gainera, ACB ligan jokatzen duten Lagun Aro Gipuzkoa Basket eta Blancos de Rueda Valladolid  izango baitira aurrez aurre. Irailaren 12an jokatuko da norgehiagoka, arratsaldeko 19:30etan eta 5€ balioko du sarrerak. Sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira Aita Larramendi Ikastolan eta Kilometroak dendan Andoainen, eta Ikatza eta Bide-Bide tabernetan (kiroldegiko tabernan) Tolosan.

Azkenik, Kilometroetako arduradunek gogorarazi dute, oraindik ere jende gehiagoren laguntza behar dutela urriaren 7an lan egiteko. 200 pertsona inguru behar dira, 130 ibilbideko segurtasun alorrean lan egiteko, 40 garbitasunerako eta beste 40 trafikoa zuzentzeko. Izena eman nahi duenak Ikastolako idazkaritzara joan edo internet bidez egin dezake, www.kilometroak.net web orrialdean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!