Atzo Kattoren gorpua erraustu egin zen, eta gaur hileta elizkizuna egingo da San Martin Tours elizan, arratsaldeko 18:30etan.
Andoaingo erretoreak erlijio katolikoko errituetan legezkoak diren hitzak esan eta gero eman zitzaion hasiera ekitaldi xume bezain sakonari, Kattok hainbeste maite zituen euskal kultur adierazpenen eskutik.
Eli Errondosoro eta Juan Godoi Maizorri Elkarteko kideek txalaparta jo ondoren, Axeri dantza Elkarteko Izaskun Berazak zortzikoa dantzatu zuen, Aran Mujikaren biolinaren doinupean. Txabalatei bertso eskolako Jon Belokik, berriz, bi bertso bota zituen.
Azkenik, bertaratutako guztiek “Azken dantza hau” abestia (Pantxoa eta Peio) eraman zuten ezpainetara, Kantu Kalejirako kideek prestatutakoa.
Hona segidan, Belokik abestu zituen bi bertsoak (doinua: Haizea dator iparraldetik):
Nahiz eta udarak eguzki printzak
eskeini ohi ditun sarri
Pirineoko laino lodiak
euria digu ekarri.
Bizitza honetan gure bideak
baditu hamaika harri
ta zoritxarrez horietako bat
zure azkeneko euskarri.
Zure iturri amaigabetik
utzi gaituzu egarri,
gure herria zu gabe, Katto,
osasunez dago larri.
Dudarik gabe bazitun hainbat
dohai eder ta aipagarri,
zure irrifarre ahaztezina
zen gu guztion pozgarri.
Gure herria nolakoa den
zuk bazenekin sobera.
Axeri dantzan dantzari fina
eta gidari gainera.
Txalapartaren doinu goxoak
maitatzearekin batera
bertso eskola etortzen zinen
ofizioa ikastera.
Naturzale porrokatua,
zu beti mendi aldera.
Maite zenitun guzti horiekin
maitagarri izan zera.
Ze sufritua ta ze gogorra
guretzat zure galera.
Egunen baten, halaxe nahi dut,
berriz elkartuko gera.