Goiburuko jai batzordeko kideak: Garazi Usandizaga eta Josune Lizaso

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 30a, 12:57

Goiburuko jai batzordeko kide dira Garazi Usandizaga eta Josune Lizaso. Auzoko jaiei buruz galdera batzuk egin dizkio Aiurrik:

 

1. Noiz eta zergatik sartu zinen auzoko jaien antolaketan?

2. Zuretzat zein da une edo ekitaldirik aproposena lagunekin jaiez gozatzeko?

3. Zer nabarmenduko zenuke jaien egitarauan? Nola gonbidatu Andoaingo herritarrak?

 

Garazi Usandizaga

1. Orain hiruzpalau urte dira sartu nintzela saltsa honetan. Ikusi nuen gure adinekorik ez zegoela eta batzordean zeuden zaharragoei ere ondo etorriko zitzaiela laguntza. Aldi berean, jaiak beste modu batera gozatu nahi nituen, ez baita gauza bera zenbait hilabetez aurretik lanean jardun ostean jaiak bizitzea, edota, jai egunak iristean auzoko plazara azaltzea, besterik gabe.

2. Oilasko jokoa da jaiak bizitzeko unerik onena niretzat. Auzoko gaztea guztiak biltzen gara eta gure festa izaten da; orduan aske sentitzen gara, gaineko egunetan dauzkagun ardurak alde batera utzita. Kuadrilako lagunekin egoteko, berriz, larunbat gaua izaten da egokiena; txoznan lan egitea egokituko zait, baina bilatuko dugu tartetik parranda elkarrekin egiteko; plaza txikia da eta urruti ez gara ibiliko.

3. Andoaingo herritarrentzat, izan gazte izan helduago, larunbat arratsaldean hasi, eta goizaldera bitarte, dela erakargarria dela iruditzen zait. Desapiyuak jende asko erakartzen du iaz ikusi zen bezala, eta gero gauean parranda polita egiteko aukera izaten da. Hala ere, Goiburura edozein egunetan igotzera gonbidatuko nituzke herritarrak. Giro jatorra, euskalduna topatuko dute. Egia da ekitaldiak nahiko antzekoak direla urtero; ez dira tamaina handikoak, baina horietako bakoitzak badauka bere xarma.

 

Josune Lizaso

1. Hiruzpalau urte izango dira batzordekide naizela. Ahizpak familia eduki zuen, eta bera eta bera bezalakoak erretiratzen joan ziren jai batzordetik poliki-poliki. Lopez Munain anai-arrebak geratu ziren bakarrik kasik, eta jende gazteen beharra ikusi zen. Pentsatzen dut umetako oroitzapenek ere asko markatu nindutela erabakia hartzerakoan. Gogoratzen naiz ahizpak oilasko jokoan parte hartzen zuela. Ni umea nintzen, baina kuadrilan tartean sartzen nintzen; gure amaren baserritik (Txurikai) abiatuta, plazaraino taldearekin joaten nintzen.

2. Batzordeko kideekin ondo pasatzeko bi une aipatuko nituzke: oilasko jokoa batetik, eta bestetik, igande gaua mundu guztia etxera erretiratu ostean bakarrik geratu garenean. Kuadrilako lagunekin egoteko, larunbat gaua hartzen dut, orduan igotzen baitira Goiburura. Ez da erraza izango, txoznan aritzea tokatzen baitzait; egingo ditugu ahaleginak, hala ere. Izan ere, jai batzordean zerbait ikasi badugu lan egitea eta ondo pasatzea nola uztartu da.

3. Egongo da Andoainen jende ugari inoiz igo ez dena San Estebango jaietara. Horiei zer esan gurera erakartzeko? Beharbada errazena izango da Desapiyura igo daitezen gonbidatzea. Iaz erdizka utzi zen eguraldia zela medio, eta aurtengoa hura bezain ikusgarria izango dela ziur izan. Ekitaldi horrek eskaintzen du berrikuntzarik nagusiena urtez urte, eta bera da jende gehien erakarri dezakeena. Beraz, proba ditzatela San Estebanak; konturatuko dira jai politak eta euskaldunak direla, eta ekitaldi asko dauzkala gozatzeko.

 

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!