Luziano Unanueri omenaldia Etxeberrietako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 25a, 12:51

Luziano Unanue pala pilotari handia izan zena omenduko dute Etxeberrietako jaietan. Pilotari fina zen frontoietan andoaindarra, eta pala motzean parekorik gabeko palmaresa pilatu zuen. 60ko hamarkadan Gipuzkoa, Espainia eta Munduko txapelduna izan zen maiz, afizionatu mailan. Omenaldi ekitaldia V. Krosaren ostean burutuko da (uztailaren 29an), bera bertan delarik.

Etxeberrieta auzoko jai batzordeak bi helburu kontuan hartuta sortu zuen omenaldi ekitaldia 2008an: batetik, kirolari sonatuak izan diren herritarrei aitormen publikoa eskaintzea, eta bestetik, horien ibilbideak belaunaldi berriei jakitera ematea. Roberto Cabrejas altuera jauzilaria izan zen lehen omendua, eta bere izena hartu zuen harrezkero krosak. Pablo Izagirre eta Gurutz Gantzarain txirrindulariak eta Bea Garcia futbol jokalaria izan ziren ondorengo urteetako kirolari omenduak.

Luziano Unanue (Andoain, 1932) kontzejupean eta plazako frontoi zaharrean hazi zen pilotari horietakoa izan zen. Hala izan behar! Izan ere, Goikoplazan bertan dagoen Iriarte etxean jaio baitzen. Joxe Mari Iturzaeta. Pala belaunaldi bat liburuan argitaratu zen elkarrizketan, bere pilota munduko bizipenak kontatu zituen. Berak zioenez, 17-18 urte bitarte eskuz jokatu zuen gehienbat; Goikoplazako bi frontoietan orduak eta orduak sartutako gaztea da beraz. 14 urte zituela Oronoz-Mugaireko barnetegira ikasketak egitera joan arren, eguneko ordu guztietan jokatzen jarraitu zuen pilotan; izan ere, “esku pilota ikasgai bat gehiagotzat geneukan ikasleek!”.

Pala motza 19 urterekin probatu zuen; Joakin Arratibelek, Alejandro Gantzarain medikuak eta honen semeak laugarren bat jokatzeko behar zutela eta gonbidatu zutenean. Andoainen, Kontzejupean, ahal zuten bezala jokatzen zuten; lekuak dituen baldintza berezietara egokitu beharra zeukaten. Besteak beste, “sakeak errepidetik egiten genituen”.

Unanuek aitortzen duenez, pala gutxi batzuen jokoa omen zen garai haietan, “ekonomikoki oso gaizki ez zebiltzanena”, alegia. Izan ere, pilota mota hori praktikatzeko behar ziren baldintzek (pilotak, pala, Donostiako pala frontoian ordua hartu beharra…) garestitu egiten zuten dena. Merkeagoa zen eskuak zeukan arrakasta galanta orduko gazteengan, nonbait.

Txapel ugariren jabe

Pala motza izugarri gustatu, eta Gipuzkoako txapelketak jokatzen hasi zen. Gantzarainekin osatu zuen bikotea, aurrelari gisa, 1955ean. Hurrengo urtean, Juan Kruz Artola, munduko txapeldun andoaindarrarekin jokatu zuen Gipuzkoako txapelketa; hiru txapel eraman zituzten burura. Era horretan, Unanueren jokoa eta izena Gipuzkoa osoan zabaltzen joan zen, urtez urte. Bere hitzetan “segurola” zen jokoan, eskuina zuen fina batez ere, baina ezkerraz ere bikain defendatzen zekien. Aurrelari bezala hasi bazen ere, atzelari izan zen urte gehienetan.

Gurrutxaga, Llorca, Fernandez eta lauek pilota jaialdi guztietan derrigorrezkoa zen laukotea osatu zuten, 1955-1966 epealdian. Kontuan hartu behar da, Gipuzkoan biltzen zirela garai hartako pala motzeko jokalaririk onenak.

Luzea da Unanueren garaipen ofizialen zerrenda. Lehen aipatutako Gipuzkoa mailako txapelketez gain, lau txapelketa eskuratu zituen Tito Llorcarekin batera Espainiako estatuan, zazpi finaletara iritsi ondoren. Azkenik, mundu mailako hiru txapelketa jokatu zituen (1958, 1962 eta 1966an). 1962an larruzko paletan zilarra lortu zuen, eta 1966an berriz, Uruguaien pala motzean urrezkoa, Santiago Mendiluzerekin bikotea eginda.

Kirol merituaren domina ere eman zion gobernu frankistak; eskuratu zituen garaipenak, ez zirela nolanahikoak aitortu nahi izan zuten era horretan.

Idoloa Andoainen

Kirolak ez ziren beste gizarte jarduera gutxi zeuden poza eragiten zutenak frankismo garaian, eta herritarrek irrikaz jarraitzen zituzten herriko kirolarien gorabeherak. Unanueren esanetan 50 eta 60ko hamarkadetan “Patxi Irizar Garro korrikalaria eta biok ginen andoaindarren idoloak. Bixente Huizi eta Pepe Narcue herriko prentsa kronikariek bien inguruko kronikak idazten zituzten eta jendeak gogoz irakurtzen zituen”.

Espainiako edo Munduko txapelketak lortu ostean etxera itzuli zenean, esate batera, egundoko harrera egin zioten Andoainen, udal musika banda eta guzti.

Pilotalekuetan jokalari bikaina izan arren, inoiz ez zuen profesionaletarako jauzia egiteko tentaldirik eduki. Arrazoiak azaltzen ditu aipatu liburuan: “Aukerak eduki nituen, baina izugarri gozatzen nuen afizionatu mailan! Egia da sakrifizioa egin behar izaten zela -familiak batez ere- leku askotara joan behar zelako jokatzera. Baina gainerakoan, pilotarekin zoratuta ibiltzen nintzen eta edozer egiteko prest egoten nintzen”.

Gainera, eta dena esate aldera, Abrego erremonte jokalariak, ez beste pilotari profesionalek, ez zuten askorik irabazten. Unanuek Leitzarango papertegian egiten zuen lan, eta ez zeukan premia ekonomikorik. 

 1968an utzi zuen goi mailako pilota. Hala ere, lagun artean jokatzen jarraitu zuen. Pala, betirako, 1979an utzi zuen, eta ez nolanahi: urte horretan, Andoaingo larruzko paleta txapelketa irabazi zuen Portuburu II-rekin Arrate pilotalekuan.    

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!