Xabat Laborde, txosna batzordeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 13:28

Aurten Santio jaietako txosnak herriko zortzi talderen artean kudeatuko dituzte. Xabat Labordek, festetan txosnetan lanean ibiliko den arren, parrandarako ere hartuko du tartea.

Santioak iristear dira.

Gogoz al zaude?

Xabat Laborde: Bai, urtero bezala uztaila ailegatzean Santiotako gogoz izaten naiz.

Txosna batzordean parte hartu duzu. Zer moduz aritu zarete lanean?

X.L: Bere martxan. Azken momenturako beti gauza asko geratzen dira, baina festetako guztia prest egon dadin lan egingo dugu.

Zein ekintzatan hartuko duzu parte?

X.L: Ahal izanez gero danborradan hartuko dut parte. Futbito finalean ere hartuko nuke, baina finalista ez naizenez… Horrez gain, gazte egunean eta koadrilen egunean ere bertan izango naiz. Baina parrandaz gain, urtero nire buruari jartzen diodan erronka krosean irtetea izaten da. Iaz, atera nintzen eta aurten ere parte hartzeko asmoa badut.

Eta egitaraua hartuta, zein hitzordutan izango zara ikusle?

X.L: Futbito finalean, gazte eguneko baltsa jaitsieran, kontzertuetan eta Remiren omenaldian.

Ezer berririk erantsiko al zenioke egitarauari?

X.L: Konpromiso handiko galdera da… Ez, nire ustez, nahikoa dira zazpi egun. Badago non disfrutatua.

Zein da zuretzat jaietako egunik gogokoena? Zergatik?

X.L: Koadrilen eguna gustatzen zait gehien. Sortzen den giroaz gain, urteko egun bakarra da koadrila guztia elkartzen garena eta gustura ibiltzen naiz. Bestetik, Gazte eguneko poteoa ere aipatuko nuke, bertan sortzen den momentua berezia izaten delako.

Txosnan lanean ibiliko zara… Lana eta parranda zer moduz uztartzen dira?

X.L: Ondo moldatzen gara. Egun berean biak egiten ditugu, beraz, erraz uztartzen dira.

Urtero, koadrilen egunean, kristalezko pote batean garbantzuak hartuta ibiltzen zara. Jendeak asmatu egin behar izaten du bertan zenbat ale dauden. Nolatan sortu zen ideia hau?

X.L: Euskal Herrian Euskaraz herriko elkartetik datorren ideia da. Elkarterako sosa batzuk bildu asmoz hasi ginen erronka txiki honekin. Horretarako, koadrilen eguna aproposa iruditu zitzaigun eta aurten ere, ondo bidean, badut mahaiez-mahai ibiltzeko asmoa; gainera, jendeak gustura parte hartzen du. Urtero, laguntzaileak izaten ditut eta hauei ere eskerrak eman behar zaizkie.

Zer behar da herriko jaiak onak izateko?

X.L: Jendearen parte hartzea eta inplikazioa. Nire ustez, ekintzetan jendearen partehartzea eta gogoa beharrezkoak dira.

Musikazalea zara. Zein musika talde ekartzea gustatuko litzaizuke Santiotara?

X.L: Ekartzeagatik… Kortatu. Asko gustatzen zait.

Eguna edo gaua nahiago?

X.L: Ez gara hemen gezurretan ibiliko… Gaua nahiago.

Dantza zalea al zara?

X.L: Lehen bai, lehen dantzan ibiltzen nintzen, baina orain zapotuago nago. Orain tabernan zein plazan geldirik egoten naiz.

Festetan jateko?

X.L: Plater konbinatu eder bat, bere arrautza eta patata frijituekin.

Eta edateko?

 X.L: Zerbeza. Orain kalimotxoa ere dezentetan edaten dut, baina zerbeza nahiago.

Parrandarako konpainiarik onena?

 X.L: Lagunak, dudarik gabe.

Parranda eta gero ajerik izaten al duzu?

X.L: Urteak aurrera egin ahala, gero eta handiagoa.

Parrandaren ondorengo ajeari aurre egiteko erremediorik?

X.L: Berriz ere parranda egitea, festetan behintzat bai.

Herritarrei mezuren bat?

X.L: Ondo pasa eta disfruta dezatela festetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!