Gaztetxoak ere jai betean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 13:16

Gaztelekura agertzen diren gaztetxoak jaiak noiz hasiko zain daude. Haiek ere jaiaren partaide dira, antolatzaile nahiz ikusle modura. Gehien gustatzen zaizkien ekitaldien artean, koadrilen eguna eta buruhandiak aipatu dituzte.

Udalak, festetan nerabeentzako ekintzen urritasuna ikusirik, Katea Etxekoei hainbat ekintza antolatzeko proposamena egin zien. Hori dela eta, Patata tortilla lehiaketa eta ginkana antolatu dituzte. Aiora Etxeberria, gazte-lekuko koordinatzaileak hartu du hitza.


Katea Etxearen sorrera eta ibilbidea azalduko al dituzu?

Aiora Etxeberria: Katea Etxea orain ia bi urte jarri zen martxan eta hasiera-hasieratik hiru hezitzaile egon gara bertan: Gari, Garazi eta ni. Gure lana gazteekin egotea eta euren parte hartzea sustatzea da, azken finean, heziketa lan bat da.

Gaur egun, zenbat gaztetxo gerturatzen da?

A.E: Urte guztian, bi erabilera mota jartzen ditugu martxan. Irailetik uztailera bitartean, arratsaldez egoten da irekita gazte-lekua eta hilabete horietan, hamabi eta hamazazpi urte bitarteko 50 nerabe gerturatzen da bertara egunean. Uztailetik aurrera, berriz, goizez irekitzen dugu. Udan, erabiltzaileak ere aldatu egiten dira, gaztetxoagoak etortzen dira, hori dela eta, bi ordutegi eta adin tartetan banatzen dugu goiza. Goizeko 10:00etatik 12:00etara hamaika eta hamabi urtetakoak egoten dira eta goizeko 11:00etatik 13:00etara, berriz, gainerakoak. Gehien etortzen direnak lehen txandakoak dira, 20 lagun inguru izaten dira.

Urtean zehar ekintzarik antolatzen al duzue?

A.E: Gure helburua ez da ekintzak antolatzea, ekintzak antolatzeko prozesua nerabeei erakustea baizik. Horregatik, Katea Etxean antolatzen diren ekintza guztiak gazteek antolatutakoak izaten dira. Gabonetan egon zen haur parkea, esaterako, Katea Etxetik bultzatutako ekintza izan zen, bertan egon ziren begiraleak Katea Etxeko nerabeak baitziren. Gainerakoan, urtean zehar, futbolin eta ping-pong txapelketak egin ditugu eta karretan ibiltzera ere joan gara. Egunerokotasunean, berriz, hemengo baliabideekin egiten ditugu ekintza gehienak. Orain, udan, ekintza gehienak 11-12 urteko neska-mutilei zuzenduta antolatzen ditugu. Joan zen astean, adibidez, herrian zehar altxorraren bila jolasa egin genuen eta ondoren, bazkaria. Aste honetarako, ere, egun pasa bat antolatu dugu Hernaniko igerilekuetara.

Etxe honetako gauzarik garrantzitsuena sortzen diren harremanak dira, ekintza guztiak bertatik abiatzen baitira.

Katea Etxea nerabeei soilik zuzendua dago?

 A.E: Gure zerbitzua bai, baina zerbitzu hori itxita dagoenean, orain adibidez arratsaldez, bertako gelak herriko edozeinek erabil ditzake, aurrez, baimen berezia eskatuta noski.

Aurten Udalak jaietarako zenbait ekintza antolatzeko gonbidapena egin zizuen. Nola hartu zenuten berria?

 A.E: Udalak festak antolatzen hasi aurretik, azterketa bat egin zuen. Azterketa horren ondorioz, konturatu zen festetan eguneko ekintzetan nerabeek ez zutela parte hartzeko ekintzarik. Hori dela eta, nerabeen intereseko ekintzak antolatzeko proposamena egin zigun. Horrela, kale hezitzaileekin bildu ginen; beraiek ere nerabeekin lan egiten dutenez, proposamena elkarlanean egitea pentsatu genuen. Elkarrekin hainbat bilera egin genuen eta prozesu parte hartzaile bat jarri genuen martxan, gure helburua, festetan parte hartzea delako eta ez helburu kontsumitzailea bultzatzea. Horrela, iradokizunak bilduko zituen postontziak jarri genituen ikastetxeetan, kale hezitzaileen bulegoetan eta Katea Etxean.

Gazteek hasieran ez zekiten zehazki zer egin behar zuten, ezta nondik abiatu behar zuten ere, baina orokorrean, ideia asko gustatu zitzaien.

Zergatik aukeratu dituzue patata tortilla eta ginkana?

 A.E: Nerabeek postontzietan utzitako proposamenak jaso genituenean, bilerarako deialdia egin genuen. Bilera horretan ideia bakoitza baloratu egin genuen eta proposamenek hainbat baldintza bete behar zituztela finkatu genuen: neska mutilak maila berean kokatzen zituen ekintza izan behar zuen, kostu mugatu bat izan behar zuen eta nerabeei zegozkien ekintzak izan behar zuten.

Baldintza guzti hauek kontuan hartuta aukeratu ditugu patata tortilla lehiaketa eta ginkana. Aurtengoa proba modukoa izango da eta, ondo ateratzen bada, datozen urteetarako ere balio lezake.

GAZTETXOAK FESTARAKO PREST

Festetako ekintza hauek antolatzeaz gain, gaztetxoek festetan parte hartzeko asmoa ere badute. Festetako ekintzarik gustukoenak koadrilen eguna eta buruhandiak direla azaldu dute: “Gu, Nork daki koadrilako kide gara eta koadrilen egunean oso ondo pasatzen dugu denek batera bazkaltzen. Gero txarangarekin ibiltzen gara dantzan. Buruhandiak ere gustuko ditugu, baina gerturatzen direnean, batzuetan, beldurtu egiten gara”. Patata tortilla egiten askotan ikusi duten arren, sekula ez dutela egin aitortu dute. Halere, ginkanan zein lehiaketan parte hartzeko asmoa adierazi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!