Erraldoiak denen jabe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 13:08

Aurtengo erraldoiak Borja Aranzabe, Ander Nuñez, Jon Pazos eta Koldo Seara izango dira. Erraldoien barruko sekretuez gain, hauen barruan bizitako esperientziak kontatu dituzte.

Zenbatgarren urtea da erraldoi moduan irteten zaretena?

Koldo Seara: Nik honez gero sei urte eramango ditut.

Jon Pazos: Nik bi.

Ander Nuñez: Ni hirugarren urtez aterako naiz aurten.

Zein erraldoirekin irteten zarete? Zenbateko pisua eta altuera ditu erraldoi bakoitzak?

K. S: Ez daukagu bakoitzak erraldoi finko bat. Egunaren arabera eta bakoitzak duen bizkarraren arabera izaten da.

A.N: Guztiek pisu desberdina dute eta horren arabera hartzen dugu bat edo bestea. Amona eta baserritarra, adibidez, zaharragoak dira eta pisu gutxiago dute. Mainguak

berriz, esku batean zesta duenez, pisua alde batera okertzen da.

J.P: 25 eta 35 kilogramo artean pisatuko dute eta altuera berriz, 5-6 metro ingurukoa dela esango nuke. Halere, batzuk nahiko zaharrak daude eta egia esan, oso txukunak ere ez daude. 

 

Baldintzaren bat bete behar izaten al da erraldoi moduan ibiltzeko?

J.P: Niri behintzat, ez didate eskatu. Halere, eskua izatea oso garrantzitsua da.

K.S: Oreka mantentzea da garrantzitsuena.

Oreka eta indar handia beharko da…

K.S: Indarra baino gehiago oreka mantentzea garrantzitsuagoa da.

A.N: Hasieran, izugarrizko inpresioa egiten du. Altuera handia dutenez, sortzen zaizun zalantzarik handiena atzera edo aurrera egingo ote duen da.

J.P: Oreka mantentzeko, tentsio handia egiten dugu besoekin, helburu bakarra ez erortzea izanik eta hurrengo egunean, tentsio horren ondorio, bizkarreko mina izaten dugu batzuetan.

Zer da zuen ustez, erraldoien paperean bete beharreko egitekorik zailena?

J.P: Dantza egitea. Nik ideiarik ez dut dantzan eta plazan erraldoiek dantza egin behar dute. Momentu horretan, adibidez, bi erraldoien arteko elkar-ulertzea oso garrantzitsua da.

K.S: Iaz, adibidez, momentuan sortu genuen dantza bat. Zegokigun zirkuitua egin ondoren, txistulariak plazan jotzen hasi ziren eta hasiera batean gu geldirik geratu ginen. Dantza egin behar genuela pentsatuz, momentuan egin genuen inprobisazio txiki bat.

J.P: Tolosan, esaterako, konpartsa bat daukate eta kalera irten aurretik entseatu egiten dute. Villabonan horrelakorik ez dagoenez, zuzenean irteten gara, entseatu gabe.

Bezperan parranda eginda hurrengo egunean nola moldatzen zarete?

J.P: Norberak atera behar ditu bere ondorioak.

K.S: Hiru egunetan bakarrik izaten dira erraldoiak, eta aurten, bezperan ez da parrandarako egunik tokatzen. Halere, noizbait bezperan parranda eginda atera naiz eta oso gaizki pasatzen da.

A.N: Nik ere bezperan parranda egin izan dut eta ez da oso gomendagarria, egia esan.

Denbora asko behar izaten al da maneiatzen ikasteko?

K.S: Hutsetik hasten zara, aurreko urtetakoei begiratu eta haiek imitatzen saiatuz.

J.P: Ni lehen aldiz atera nintzenean, lehenago sekula ibili gabe nengoen; erraldoia atzera edo aurrera joango zaizunaren sentsazioa sortzen zaizu.

K.S: Ondoren, esperientzia pixka batekin konfiantza hartzen duzu erraldoiarekin eta poliki-poliki umeengana makurtzen hasten zara.

J.P: Ni oraindik ez naiz sekula makurtu eta ez dakit egingo dudan ere, baina azken erraldoi irteeran jolasten dugu gehien, bai gure artean zein umeekin.

Ikusteko… nola moldatzen zarete?

A.N: Nahiko ondo ikusten da erraldoiak duen saretxotik. Horrez gain, lurrera begiratuz ere ondo moldatzen gara. 

K.S: Batzuetan, dantzan ari zarenez, erraldoiaren arropak molestatu egin du, baina orokorrean, ondo ikusten da.

Zer moduzko harrera izaten duzue herrian?

A. N: Urtero, gero eta jende gehiago gerturatzen da Erraldoiak eta Buruhandiak ikustera.

K.S: Arratsaldez izaten direnez, jende asko irteten da kalera umeekin.

J.P: Haurrei, gainera, asko gustatzen zaizkie Erraldoiak eta Buruhandiak. 

Haur ginela, edozein herriko txokotan zain egoten ginen paretaren kontra, eta buruhandiak gerturatzen zirenean, elkarren gainean jartzen ginen denak.

K.S: Horrez gain, orain maskuria puskatu egiten bazaie berehala berria ematen diete, baina lehen puskatu, iturrian busti, eta harekin ibiltzen ziren, min gehiago ematen zuenez…

Zein da erraldoien papera?

J.P: Betidanik nire buruari egin izan diodan galdera da. Nire ustez, maila hierarkiko bat planteatzen da bertan: erraldoiak denen jabe.

K.S: Erraldoiak erregeak eta buruhandiak hauen dizipuluak balira bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!