Jubilatuen elkarteko Agirre lehendakaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 12:53

Jubilatuen elkarteko presidentea da joan den bi urtez geroztik. Orain arte egindako lanarekin gustura, festen aurrean jubilatuek duten egoeraz eta paperaz hitz egin du.

Orain bi urtetatik, Jubilatuen presidente zara. Zer moduz daramazu? Bi urte hauen balorazio txiki bat egingo al zenuke?

Jose Bixente Agirre. Taldekideak oso ondo eramaten gara eta hori da printzipalena. Bi urte hauetan ez dugu erabaki handirik hartu behar izan eta oso ondo joan da. Gure artean ere giro ona daukagu, beraz, ez dago kexatzerik.

Aurtengo jaietan ere hainbat ekintza antolatu dituzue: bazkaria, kafe eta likore dastaketa, eskulanen tailerra…Zer moduzko parte hartzea izaten dute ekintza hauek?

J.B.A. Bazkarian jende asko izaten da. Iaz, adibidez, 220 lagun inguru bildu ginen. Ondoren, dantzaldia izaten da Txermingo ikastola azpian eta gustura ibiltzen gara. Aldaketa bakarra prezioan dago. Aurreko urteetan bazkaria doan izaten zen, baina krisia dela eta, orain bakoitzak 8 euro ordaindu behar du.

Kafe eta likore dastaketan ere jendea gustura ibiltzen da. Marie Brizardek lagunduta antolatzen dugu ekitaldi hau; honek likoreak ematen dizkigu, eta guk likore horiekin kafea egiten dugu. Ondoren, jubilatuen egoitzan bertan dantzaldia izaten da. Udalak ekipoa uzten digu eta musika neronek jartzen dut, asmatzen den edo ez beste gauza bat da, baina gure garaiko musika jarri ohi dut.

Eskulanei dagokienez, urtean zehar eskulanen ikastaroan egindako lanak jartzen dira ikusgai eta batzuk etxean egindakoak ere jartzen dituzte. Denetarik izaten da: koadroak, puntuzko lanak, gantxillozkoak… Egia esan, lan onak ikusten dira. 

Zure ustez, zein da jubilatuek herriko erabaki zein ekintzatan hartu beharko luketen papera?

J.B.A. Herriko oin garrantzitsuetako bat osatzen dugu jubilatuok. Gaur egun, 714 bazkide gara eta nire ustez, parte hartze handiagoa izan beharko genuke bai ekintzetan eta baita erabakietan ere, hau da, urtean zehar hartzen diren erabakietan presenteago egon beharko genukeela uste dut. Hainbat udaletan badago “nagusien batzordea” deritzona, eta udal erabakietan hauen hitza kontuan hartzen da. Amasa-Villabonan oraindik horrelakorik ez dago, baina horretan gabiltza. Aurten, adibidez, Festa Batzorderen batera gerturatu eta denak gaztetxoak ikustean, hala galdegin nion neure buruari: ‘Zer egiten dut nik hemen?’. Arazoa ez da gazteen problematika ez dugula ulertzen, gure erabaki ezintasuna baizik. Azken batean, besteen etxean sartzea bezala egiten zaigu.

Zein da gaur egungo jubilatuen egoera?

J.B.A. Proiektuak egitea oso erraza da, baina horiek burutzea oso zaila da. Egiten ditugun ekintzetarako beti kuota txikiak jartzen saiatzen gara, baina askok ezin izaten dituzte ordaindu. Gaur egungo jubilatuen pentsioak oso txikiak dira, eta kasu batzuetan pentsio horietatik familia osoek jaten dute. Oso egoera zailean gaude.

Zer esango zenioke jubilatua denari, baina oraindik zuengana gerturatu ez denari?

J.B.A. Askok Jubilatura joanez gero, zahartzat hartzen zaitu eta inork ez du bere burua zahartzat hartu nahi, beti birziklatzen ibiltzen gara. Baina askorentzat bakardadetik ateratzeko bidea da. Guk elkar lagundu eta ekintzak antolatzen ditugu: hitzaldiak, irteerak, tailerrak… Gaur egun, gure arloan bakardadea da arazo nagusia. Behin familia hazitakoan bakoitzak bere bidea egiten du eta nahiz eta bisitak jaso, egunerokotasunean, asko eta asko bakarrik sentitzen da eta jubilatuen egoitzak horretan asko lagun dezake. Bestetik, arazo beretik pasa den jende asko dago eta zein hobea gainditzen laguntzeko arazo hori pasa duena baino? Nik, horregatik, jendea etortzera animatuko nuke, lagunartean denbora igarotzeko aukera ederra baita.

Urtean zehar festetako hitzorduez gain, besterik antolatzen al duzue?

J.B.A. Urtean zehar bi ikastaro antolatzen ditugu: eskulanena eta gimnasia ikastaroa. Eskulanen ikastaroa irakasle kualifikatu batek ematen du egoitzan bertan, eta gimnasia, berriz, kultur etxean egiten dute. Horrez gain, egoitzan bi ordenagailu dauzkagu jendeak erabil ditzan eta informatikaren inguruan pixka bat ikas dezan. Jende askori memoria lantzea komeni zaio eta ordenagailuarekin jolastea horretarako paregabea dela uste dut.

Bestetik, hitzaldiak ere antolatzen ditugu. Batzuetan Kutxa Fundazioaren bitartez eta besteetan udalaren bitartez. Normalean, gaixotasun zein mugikortasun arazoei buruzko hitzaldiak izan ohi dira. Tratamendua medikuak ematen duenez, hitzaldietan arazoei nola aurre egin erakusten digute.

Gainera, urtean zehar lauzpabost irteera ere egiten ditugu. Aurten, besteak beste, Gasteizen dagoen Fournier karten museora joan gara, eta zoragarria iruditu zaigu.

Horrez gain, gaztaina garaian  “Gaztaina jana” egiten dugu eta San Tomas egunez, guztiak bezalaxe, “Txistorra jana”.

Jubilatuen astea ere antolatzen dugu eta bertan joko desberdinekin txapelketak egiten ditugu: toka, tutea, mus txapelketa, etab. Lehen, sari gisa trofeoak ematen genituen, baina orain sari hori elikagaiekin orekatzen dugu.

 

 

 

Festetan izaten diren ekintzetatik zein da gehien gustatzen zaizuna? Zuk zeinetan hartzen duzu parte?

J.B.A. Herri kirolak eta Erromeria eguna ditut gustukoen. Ahal dudanetan behintzat, bertan izaten naiz. Halere, ez naiz oso festazalea. Gaztetan ez nuen aukerarik izan eta orain ere festak era pasiboan igarotzen ditut.

 

Zein mezu emango zenieke jubilatuei festetarako?

J.B.A. Ondo pasa dezatela eta ahal duten ekintza guztietan parte har dezatela.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!