Erromeri eguna Oinkariren eskutik, “euskaratik eta euskaraz”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 12:48

Oinkari dantza taldeak eta herriko elkarte ezberdinek antolatu ohi duten Erromeri egunak tradizio handia du jada herrian. Maialen Lujanbio bertsolari ezagunarena da aurtengo jaiaren goiburua.

Azken urte hauetan, plazan, herritar ugari biltzen duen egun osoko ospakizuna da. Euskararen aldeko aldarria eginez, Maialen Lujanbiok 2009ko Bertsolari Txapelketako finalean txapela jantzi ondoren abestu zuen errima hartu dute aintzat antolatzaileek. Aurtengo leloa, beraz, “Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz…” izango da. Eneko Arteaga Oinkari dantza taldeko arduradunak adierazi duenez, egun hau antolatzearen helburua herritarren elkarlana sustazea da. “Oinkarik eskerrak eman behar dizkie Amasa-Villabonako Irrintzi, Zunbeltz, Behar Zana eta Uxo Toki elkarteei, guretzat jarraitzeko eredua baitira”, azaldu du Enekok.

Erromeri egunean, ohikoa denez, arratsaldean hasi eta goizaldera arte luzatuko da egitarau zabaleko festa. Aurten ere, iaz bezala, bertsolarien saioa Erromeri egunaren baitan egingo da Errebote plazan. Horrez gain, berrikuntza bat ere gehitu beharra dago. Aurten, lehen aldiz, Larrain dantza herrikoia egingo baita goizaldeko 2:30ean. Eneko Arteagak esan duenez, “herri giroa sustatzeko helburuarekin egingo dugu Larrain dantza. Leitzan, adibidez, ingurutxoa egiten da herritarren artean eta Villabonan ere, hori sustatu nahi dugu, jaiak herritarrenak izan daitezen. Beraz, guztiak animatzen ditugu bertan parte hartzera. Gainera, Hernaniko dultzaineroak izango dira bertan zuzeneko musikarekin”.

Oinkariren eskutik, herriko elkarteen laguntzarekin

Arratsaldeko 17:30ean emango zaio hasiera festari Lizartzako Isk&bila txarangaren eskutik. Segidan, ohiko sagardo eta pintxo dastaketa izango da Errebote plazan Oinkariko kideek eta herriko elkarte ezberdinek bideratuta. Irrintzi, Behar-Zana, Zunbeltz eta Uxo Toki elkarteetako bazkideek zerbitzatuko dute sagardoa; Oinkariko kideek, berriz, pintxoak. Dastaketaren unean bertan emango zaio hasiera lehenengo erromeri saioari, Laja eta Mikel trikitilariek 18:30etatik aurrera eskainiko baitute lehen saioa. 21:00etan burruntzian erretako bildotsa jateko aukera izango da Errebote plazan egingo den afarian. Horretarako, urtero bezala, aurrez erosi beharko dira txartelak.

Afariko txartelak salgai

Bildots jaterako txartelak eskuragarri daude herriko hainbat taberna eta saltokitan. 25 euroren truke eros daitezke Amasa, Kixubi, Larrea, Ogi Goxo eta Labezain okindegietan, Garmendia harategian, Iturrigoxo, Itzalpe, Arnasa, Iratzar, O’baba, Iru Aldeta eta Rbote tabernetan.

Bertsoak eta dantzarako doinuak

Afalostean, plazako giroa puri-purian denean, 22:30etan ekingo diote bertsolariek Santiotako bertso saioari. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegi arituko dira kantuan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre arituko da. Gauerdian, Triki ta ke erromeri taldearen emanaldiari emango zaio hasiera. Goizaldeko 02:30ean berriz, Larrain dantza herrikoia egiteko aukera izango da. Ondoren, Ingo al deu? talde andoaindarrak emango dio segida erromeriari. Dudarik gabe, luze joko du dantza saioak eta, nola ez, festak.

Urtero egin ohi duten modura, uztailaren 28an, garaiko euskal jantziekin parte hartzeko deia luzatu dute antolatzaileek.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!