Billabonatarrak lehen eta orain, jaiak noiz hasiko zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 12:43

XX. mende hasieran ere Santio jaiak noiz iritsiko zain egoten ziren billabonatarrak. Lumane bilduman ere, Santioei buruzko hainbat kontu ekarri zen gogora.

Lumane iragan mendeko Amasa-Villabona oroitzeko hainbat herrikideek hilabeteroko bilkuratan jakinarazi zutenez, gaur egungo Santioekin alderatuta, oso ezberdinak ziren orduko jaiak. 16:00etan ekiten zioten kalejirari, "orain 00:00tan hasten da festa, orduan bazkaldu ondoren hasi eta hamabietan edo ordu batean amaitzen zen". Udaletxeak antolatzen zituen jaiak, "festen antolaketarako ez zen gaur bezala batzorderik izaten. Alkatea eta zinegotziak aritzen ziren jaiak antolatzen".

Festarako grina ez da aldatu Amasa-Villabonan. Lumaneko kideek adierazi zutenez, orain bezala, lehen ere, festak uztailaren 24tik 31ra izaten ziren, "Villabona festazalea izan da; Santiotan hasi eta San Inazioak arte, beti". Ohitura horri aspaldiko urteetatik eusten zaio, "sartu diren alkate guztiek usadio hori mantendu dute, nahiz eta, jaietan zehar, hainbat egunetan ez den ezer askorik izaten".

Kanpai errepika jaien iragarle

Uztailaren 24an, iluntzean, kanpai errepikarekin eta etxeferoarekin ematen zitzaien festei hasiera. "Txupinazorako ez zen jenderik biltzen plazan. Pio aguazilak eta Joxe Mari Okerra laguntzaileak etxeferoa bota eta kito!". Ondoren, gaur egun bezala,  erraldoien eta buruhandien kalejira izaten omen zen, baina kalejira alaituz, gaiteroak ateratzen ziren orduan. Ibilbidea egungoaren parekoa zen, plazatik abiatu eta Kale Nagusitik barrena, Kaleberria zeharkatzen zen. Izkina taberna inguratuz, plazara berriro. Garai hartako Villabona, Izkina tabernatik elizaren pareraino luzatzen zenez, herri osoa zeharkatzen zen. Ume askok hartzen omen zuen parte erraldoien eta buruhandien kalejiran, eta orduan ere, ume bat baino gehiago beldurtzen omen zen buruhandiekin. Ezkaratzak zabalik egoten zirenez, barrura sartu eta eskaileretan gora abiatzen ziren, buruhandia atzetik segika zutela. Lau buruhandi ateratzen ziren kalejiran, maskuria eskuan hartuta. Erraldoiak bi ziren; urte askoan izan ziren berdinak baina, ez egungoak bezalakoak. Arabiar itxurakoren bat ba omen zen tartean. Buruhandien ondoren, herriko musika bandak kalejira alaia egiten zuen. Gauean dantzaldia izaten zen, herriko musika bandaren eskutik, gaueko 22:00etatik 01:00era. Musika amaitu bezain laster hustu egiten zen plaza eta ordu horretan ixten ziren tabernak ere. Aguazilak eta guardia zibila arduratzen ziren ordutegia ondo betetzeaz, kalean errondan ibiltzen baitziren.

Bertso festa galanta

Billabonatarrek, amasarrek bezala, bertsoarekiko lotura estua izan zuten antzina. Bertso saio ugari antolatzen zen egun berezietan. Eta noski, baita egun bereziak ez zirenean ere; taberna nahiz sagardotegietan ez zen bertsolaririk falta izaten. Fernando Amezketarraren garaian, XIX. mende hasieran, lau mila entzule bildu omen ziren Villabonako plazan bertso saio bat entzutera. Saio haren zantzu eta aztarnak ozen iritsi dira gaurdaino. 1946. urtean, bertso saio bikaina antolatu zuten Santio jaietan. Herritarrak kalera atera ziren, igandeetako arropa dotoreenak jantzita. Ez dakigu zer nolako bertso saioa izango zen, baina giro ona sortu zenaren itxura dauka. Taularen gainean mahaitxoa eta mahaiaren gainean, bertsolariak eta antolatzaileak ageri dira, tartean, Basarri, Uztapide eta Lazkao Txiki bertsolariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!