Hizki festa aurtengo Santioak iragartzeko jai egitarauaren azalean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 12:41

Beatriz Medrano billabonatarrak irabazi du Santio jaietako egitarauko azal lehiaketa. Orain arte batzu-batzuk irabazi dituen arren, gehien harritu duena aurtengoa izan da.

 

Beatriz Medranok diseinu grafikoa ikasi zuen eta betidanik gustatu izan zaio azal lehiaketetara aurkeztea. Santio jaietako azal lehiaketari dagokionean, guztira sei bat aldiz aurkeztu da Medrano eta horietatik hiru, irabazi egin ditu. “Lehenengo aldiz 2000. urtean aurkeztu nintzen, orduan hasi nintzen diseinu grafikoa ikasten. Ondorengo urte batzuetan geldialdia egin nuen eta iaz, berriz aurkeztea erabaki nuen eta aurten ere, aurkeztu egin naiz”, adierazi du. Hala ere, aurten irabazi izanak ilusio handia egin dio: “Beste urteetan irabaziko nuenaren esperantza izaten nuen, baina aurtengo lanarekin ez nuen inondik inora irabazle izatea espero; berria jakin nuenean ilusio handia egin zidan”, azaldu du.

Azalaren esanahia

Santioetako lehiaketa honetan, orain arte, azal tipografikorik aurkeztu ez zenez, Medranok zerbait berritzailea egitea pentsatu zuen: “Diseinatzen hasten zarenean, lehenengo testua kokatzen da eta ondoren, poliki-poliki, lana osatuz joaten da. Aurkeztu naizen guztietan marrazkia, argazkia edota collage-ak egin ditut eta aldatzeagatik, aurten, tipografikoa egitea pentsatu nuen”. Tipografikoa den arren, azalak badu bere esanahia. Horrela azaldu du Medranok bere lana: “O letra Santio jaietan hain presente egoten den erroskila da. Kolore gorri, beltz eta zuriek jaien kolorea islatzen dute. K hizkia berriz, hizki txikiz osatua dago; letra txiki horiek jendea islatzen dute, azken finean inurriak bezalakoak garelako, txikiak. Bukatzeko, A hizkian dauden koloretako letrek, koadrilen blusa koloretsuak erakusten dituzte, guztiak dantzan eta jai giroan eta 2 zenbakia alde batera okertua dago, datorren urteetara ere testigua pasatzen jarrai dezan”.

Aurrera begira

Momentu honetan inongo lehiaketara aurkezteko asmorik ez duen arren, saria irabazteak aurrera jarraitzeko indarra eta animua ematen dizula aitortu du. Iaz, esaterako, Donostiako su artifizialen kartel lehiaketan hartu zuen parte eta datorren urtean San Ferminetako kartel lehiaketan parte hartzeko asmoa duela adierazi du: “Izugarri gustatzen zaizkit bertan aurkezten diren lanak. Guztiei aurkitzen diet orijinaltasuna eta imajinazioa, oso lan landuak izaten dira. Hala ere, garestia izaten da bertara aurkeztea, izan ere, tamaina handiko lanak eskatzen dituzte eta azkenean, horrek guztiak, gastua izaten du”.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!