Garai hartan gazteei zuzendutako eskaintza handirik ez zegoenez, begirale talde batek giza baloreetan oinarritutako eta astialdiarekin lotutako taldea abian jartzea erabaki zuen. 11-14 urte bitarteko gazteen artean, astialdiari begira sumatzen zuten hutsunea betetzera etorri zen herriko lehen astialdi taldea, beraz, eta astean zehar nahiz asteburuetan egiten zituzten ekintzak, udako udalekuekin batera. Parrokiak, ordurako, bazuen Ollogoyengo (Nafarroa) etxea. Aurrez, Galbarran (Nafarroa) izan zuen beste etxe bat eta 70eko hamarkada hasieratik antolatzen zituen udalekuak bertan. Malkar taldea sortutakoan, bada, Ollogoyena joaten hasi ziren.
Ibilbide luze hau eta 25.urteurrena herriaren aurrera ekarri asmoz, uztailaren 24an Malkar astialdi taldekoak igoko dira Errebote plazako oholtza gainera Santio Jaiei hasiera ematera.