Oilasko jokoaren agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 23a, 11:51

Abuztuaren 14an, goizeko seietan ekingo diote adunarrek oilasko biltzeari. Aurtengoa, ordea, oso edizio berezia izango da, ez baitute lepo-mozterik egingo.

Gizartea aldatuz doa eta berarekin batera, baita zenbait ohitura ere. Adunarrek agur esango diote jaietako ekitaldi nagusietako bati; oilasko jokoari. Hasteko, aurten oilasko bilketa egin ondoren plazan egiten zuten lepo mozterik ez da izango. Eta hurrengo urtetik aurrera oilaskoak bildu bai, baino oilasko jokorik ez da izango. Erabaki horren berri eman du Eneko Zabala gazteak: “Azken urteotan arazoak izan dituzte oilasko jokoa egiten den zenbait herritan, animaliei ematen zaien tratuagatik salaketak izan direlako. Adunan oraindik ez dugu horrelakorik izan, baina bagenekien arrisku hori bazegoela eta edozein momentutan irits zitekeela. Zenbait bilera egin ondoren, lepo-mozterik ez egitea erabaki dugu”.

Lepo-mozterik ez
Penaz hartu du erabakia zenbaitek: “Betidanik ezagutu dugun ohitura bertan behera uzteak pena ematen du. Bestalde, ordea, egia da animalien ongizatearekiko sentsibilitatea geroz eta handiagoa dela. Garaiak aldatu egin dira eta erabaki bat hartu beharra zegoen”, azaldu du Enekok.
Azken urteetan oilasko jokoan atera diren herritarrek hartu dute erabakia: “Gure artean zenbait bilera egin ondoren, lepo-mozterik ez egitea erabaki genuen. Erabakia hartuta, jai batzordeari gure asmoen berri jakinarazi genion”.

Aurtengo ekitaldia
Abuztuaren 14an goizeko seietan bildu eta urtero bezala, baserriz baserri oilaskoak biltzen ibiliko dira. Aldaketa plazan egiten duten ekitaldian gertatuko da.

Erretratu zaharrak
Urteroko moduan, eguerdiko 12:30etan bilduko dira plazan. Hala azaldu du Eneko Zabalak: “Oraindik ez dugu oso garbi nolako ekitaldia egingo dugun, baina oilasko jokoari agur egokia emateko modua bilatu nahi dugu. Argazki erakusketa bat egiteko asmoa daukagu”.
Herrian laster zabaldu da hartutako erabakiaren berri: “Oraindik ez dugu jende askoren iritzirik jaso, baina badakigu batek baino gehiagok pena hartuko duela”. Garai berrietara moldatu behar.

Garai bateko oilasko biltzea
Etorkizunean ere ikusi ahal izango dira erretratu honen antzeko irudiak. Herriko gazteak baserriz baserri ibiliko dira oilaskoak biltzen. Plazako ekitaldia, ordea, erabat aldatuko da; lepo-mozterik ez da egingo aurrerantzean.
Elizaren ondotik beheruntz zetozen gazteak oilasko biltzen argazki hau atera zutenean. Bertan ageri dira, ezkerretik eskuinera, besteak beste: Patxiku Roteta, Jose Mari Zabala, Mateo Tejeria, Ramon Zabala, Antonio Arregi eta Juan Izagirre.

Egitaraua
Andramariak 2012


Abuztuak 4, larunbata
14:00 Jubilatuen bazkaria Astiasaran anaiek alaiturik.
17:30 Trans-Ernio eskupilota txapelketa.

 Abuztuak 11, larunbata (Koadrila eguna)
12:00 Txupinazioa.
12:30 Poteoa.
14:00 Koadrilen bazkaria.
Ondoren Iraunkorrak txaranga.
21:00 Afaltzeko bokadilloak.
22:30 Gabezin.

Abuztuak 12, igandea (Txekor-jate eguna)
11:00 Herri krosa.
12:30 Sagardo dastaketa.
14:00 Txekor-jatea.
18:00 Asto karrera.
21:00 Txekor-jateko afaria.
Gugaz taldearen emanaldia.

Abuztuak 13, astelehena (Pintxo eguna)
12:30 Patata tortilla txapelketa.
16:30 Mus txapelketa Txulobi elkartean.
19:00 Bertso-poteoa eta euskal preso politiko eta iheslarien aldeko topa.
22:30 Korrontzi eta Oinkari.

Abuztuak 14, asteartea
(Umeen eguna eta oilasko-biltze eguna)

6:00 Oilasko biltzaileen irteera.
11:00 Ume jolasak.
12:30 Oilasko jokoaren agurra.
14:00 Umeen bazkaria. Oilasko biltzaileen bazkaria.
15:30-18:30 Ume jolasak eta puzgarriak.
21:00 Bertso-afaria.
Ondoren Laket taldea.

Abuztuak 15, asteazkena (Amabirjin eguna)
07:00 Diana.
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Umeen dantza.
Ondoren, Axeri-dantza.
18:00 Herri kirolak.
22:30 Iratzar taldea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!