Xabier Ansa mendigoizale askea

Xabier Ansa ("Mendi minez" liburutik, Ramon Olasagasti egilea)

Uztailean hamasei urte bete dira Xabier Ansa Andoaingo mendigoizalea Europako Pikoetan hil zela istripuz. Arrasto sakona utzi zuen, familian eta lagun artean ez ezik, baita euskal mendizaletasunean ere. Mendizaleak bere izena eta izana gogoratzen dituen bi plaka topa ditzake: Txindokiko magalean bata, Camarmeñan (Asturias) bestea. Uda toki horietara bisita egiteko aukera aproposa da.

Bi plaka oroigarriak ere bisitatzeko modukoak dira, mendi txango politak egin aurretik. 

Txindokiko magalean dagoena, Larraitzetik gertu dago. Txindoki gailurrera doan pista zabala hartu behar da; langa gainditu eta berrehun bat metrora, eskuinean geratzen den belazean topa daiteke. Joxemi Zumalabe Egunkaria-ko sortzaileetakoa izan zenaren omenez jarritakoarenetik hogei bat metrora dago Ansarena. Plaka, bere errautsak zabaltzearekin batera jarri zen, 2006ko irailean.

Bigarren oroigarria, Camarmeña herrixkako begiratokian dago, Poncebos herritik (Asturias) oso gertu. Esan beharra dago Europako Pikoetara Bulneseko ibilbidetik joan nahi duenak edota Careseko ibilbidea Asturiasetik hasita egin nahi duenak, Poncebosetik pasa beharra daukala nahitaez.

Begiratoki horretan, Europa Pikoetan aitzindari izan ziren mendizaleen aldeko monumentua ere aurki daiteke. Europako Pikoen ikuspegi zoragarria eskaintzen du lekuak; eskalatzaileen paradisu den Bulneseko Naranjo edo Urriellu hormatzarra ere ikus daiteke bertatik.

Camarmeña herrixkako begiratokian dago, Xabier Ansaren omenez jarritako plaka bat

 

Merezi du, beraz, bisitatxoa egitea bi txoko ezkutu horiei, inguru haietan oinezko ibilaldiei ekin aurretik. Denbora laburra kenduko digute bisitek, eta ordainetan, mendizale eta pertsona handi bati buruzko oroitzapenetan barrena murgiltzeko aukera emango digute.

Xabier Ansa, arima askea

Xabier Ansa Zeberio (Andoain, 1963-Asturias, 1996) aipatuz gero, nortasun handia zuen goi mailako eskalatzailea datorkigu burura. Ahalmen fisiko paregabeko gizakia; ibilbide pertsonala erakargarrikoa. Mendi parajeetan aske sentitzen zen horietakoa, haietan gizaki batek eman dezakeen guzti-guztia ematen eta goza dezakeen guztia gozatzen zekien horietakoa.

“Xabier zen indio apatxe bat bezalakoa, eta horrelakoxea izan nahi zuen. Oso ikuspegi ederra zuen bizitzaz. Ederregia agian. Beste garai batekoa”. Horrelaxe deskribatu zuen Felipe Uriarte mendigoizaleak bere laguna izan zuen Xabier Ansa, Mendi Minez liburuan (Ramon Olasagasti egile duena, 2007koa, istripuz hildako 22 euskal mendigoizaleen ibilbidea modu hunkigarrian kontatzen duen liburu mardula).

Buru azkarra zen, eta jendartekoa. Animatzailea maiz, kanpalekuetako ordu luzeetako egonaldietan. Uriartek halaxe gogoratzen du, esaterako, Kangchenjungako gailurrerako (Himalaia) 1988ko espedizioa aipatzen duenean: “Eskerrak Xabiri, hark betetzen zituen-eta hildako orduak. Burua, imajinazioa eta ironia izugarria zuen, istorioak kontatzen abila zen, euskara ere oso polita zeukan…”.

Idaztea ere bazen bere pasioetako bat, eta idatzi ugari utzi zituen paperean, mendi parajeek eragindako burutazioekin, barruak husteko gogoz. Bap! taldeak sortutako makina bat abestiri letra jarri izan zien, esaterako. 

Mendigoizalearen ibilbidea

Ansak txikitatik erakutsi zuen altuetarako joera, edozein tokietara (petril, koska, zuhaitz…) igotzeko trebezia, Migel eta Arantxa bere gurasoek aipatu liburuan azaltzen dutenez.

Berezko azkarra zen eskolan, baina aitak aitortzen duen bezala “berezko azkarrak, alferrak izaten dira”. Ikasketekin oso urrun ez joan arren, irakasle lanetan jardun zuen zenbait urtetan, han hemen: Irungo La Sallen (euskara eta marrazketa ikasketak), Andoaingo AEKn eta Nafarroako Goimendi Eskolan, besteak beste. 

80ko hamarkadan hasi zen eskalatzen, 16 urte zituela, Nafarroako beste zenbait lagunekin; gazteak eta oso indartsuak ziren Uriarteren hitzetan: “Pentsaeraz ere antzekoak, oso hippyak, nolabait esateko. Mendizaleak ziren, eta menditarrak”. Ansaren dohainak berehala geratu ziren nabarmenduta. “Edozein ingurutan moldatzen zen ondo, izotzean, harkaitzetan, horma handietan, mendian oinez… Indar handiko eskalatzailea zen”.

Ordesara jotzen zuen maiz; Mendi Minez liburuan esaten denez “1980ko hamarkadan presio eltze bat bihurtu zen Ordesa, eskaladaren kontzeptu berriak han ari ziren bor-bor egosten: bideak behetik zabaldu, era askean, ahalik eta garbien, zailtasunak bilatuz…”. Eskalatzaileak bi astetarako joaten ziren garaiak ziren, bi edo hiru asteko bizimodua hormapean egitea gauzarik normalena zenean.   

Pirinioetako eta Europako Pikoetako mendi ugaritako hormatzarrak igo zituen Ansak, eta zenbaitetan, baita bide berriak ireki ere! Azpimarratzekoa da, esaterako, Ansaber gailurreko orratzetan ireki zuen Sorgintxulo bidea, meritu handikoa.

Pirinioetatik jauzi egin, eta munduko hainbat tokitara joaten hasi zen lasterrera. Yosemiten (AEB) eta Patagonian (Argentina), esate batera. Azken leku honetan, Cerro Torre eta Fitz Roy gailurrak igo zituen beste zenbait euskaldunekin, 1987an. Orduan hasi zen ezaguna izaten euskal mendizaleen artean. Espedizioz espedizio joan zen osatzen bere bizimodua aldi hartan. Maia izeneko haur baten guraso ere izan zen tartean, Ana neskalagunarekin batera.

Bolada txar bat bizitu zuen 1989az geroztik, eta kosta egin zitzaion burua altxatzea. Hala ere, menditik urrun bizi eta gero, behetik gorako bideari heldu zion pixkana-pixkana. Mendira hurbiltzen hasi zen. Hormen azpian geratzen zen hasieran gorantz begira, baina denborarekin, igotzea beti bultzatu izan zion barruko arra piztu zitzaion. Horretan zebilela, baina, 1996ko uztailaren 3an, Urriellu haitza (Europako Pikuak) eskalatzen ari zela beste bi soka lagunekin, bere gainean zegoen harri bloke bat libratu eta erori egin zen; hilda geratu zen bertan.

Aitor Igerategi andoaindarra izan zuen azken urteetan irteeretako kide handienetakoa. Bada, aipagai dugun liburuan, berari eta gainerakoei zerk sortu zien amorrurik handiena adierazi zuen: ia sendaturik zegoenean, behetik ia goraino etorria zenean, orduan gertatu beharra istripua; alegia, zeinen zekena izan zen bizitza, ez ziolako bigarren aukerarik eman Xabierri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!