Zaborren kudeaketa hizpide Udal batzarraldian ere

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:49

Gipuzkoa mailako politikagintzan zeresana ematen ari den zaborren kudeaketa Andoaingo Udal batzarraldiraino iritsi da, EAJ alderdiak aurkeztu zuen mozioaren bitartez. Aurreko astelehenean egin zen Udal batzarraldian EAJ-PNV eta Bildu aurrez aurre aritu ziren zaborren kudeaketaren harira.

2014rako gaur egungo zabortegiak desagertuko direla eta, kudeaketa sistema errotik aldatuko da. EAJk aurkeztutako mozioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakariak Batzar Nagusietan aurkeztu zuen dokumentuan agertzen zera da: ‘degradatutako guneetan zabor-fardoen biltegi kontrolatuak sortzea’ planteatzen dela.

EAJk dokumentu horretatik ondorioztatzen zuenez, harrobiak edo meategiak hondakinen biltegi bilaka daitezke eta horren aurrean eskaera garbia egiten zuen mozioan: “Azpikola, Bazkardo zein Rezolako harrobiak, materiala ateratzeko jarduna izan ala ez, estabilizatutako zabor-fardoen biltegi kontrolatu gisa ez erabiltzeko aldarrikatu”. Andoainen hondakinen isurketa eta lurperaketa ekiditea helburu dutela esanez amaitzen zen jeltzaleen mozioa.

Aurkezpenak egin eta gero, gainerako alderdiek bere iritzia eman zuten. PSE-EE eta PP mozioaren alde agertu ziren. Bildu, aldiz, aurka.

Bilduk zioenez, jeltzaleek aipatzen dutena “guk dakigula, momentuz ez da dokumentu bat besterik”.  Biltegien afera modu isolatuan aztertzea leporatu zion EAJri, “biltegi kontrolatuak hondakinen birziklatze eta berrerabilpena posible egiten duten sistema oso baten katebegi bat besterik ez litzateke, eta, beraz, akatsa litzateke, gure ustez, mozioan jasotzen den bezala, biltegi kontrolatuez modu isolatu batean hitz egitea”.

Bilduk EAJri Aldundiak orain arte hartu ez dituen erabakiez iritzia ematea leporatu zion beste behin ere, “Foru Aldundiak ez du zehaztu oraindik non kokatuko dituen biltegi kontrolatu horiek. Adierazi duena da, ez direla zulo gehiago egingo hondakin horiek pilatzeko, baizik eta gune degradatuak aprobetxatuko direla gune horren itxura berregituratu eta topografia berreskuratzeko. Hor, noski, harrobiak sartuko dira, baina ez horiek bakarrik, baita, adibidez, erabilpenik gabeko errepideak edo bestelako azpiegitura zibil batzuk ere”.

Hori esaterarekin batera, herriko harrobiak biltegirako bideratzea ez lukeela gaizki ikusiko adierazi zuen Bilduk, “baldin eta Azpikola, Bazkardo eta Rezolan biltegi kontrolatuak jartzeko aukera aztertuko balitz, ez dugu ulertzen zein izango lirateke horren kontra egoteko arrazoia. Esan dugu harrobiak helburu horretarako aprobetxatzeak gune horiek berreskuratzea ekarriko duela, ingurumen eragina murriztea ekarriko duela... beraz, ez dugu ikusten non dagoen arazoa”.

Batzuen eta besteen iritziak entzun ondoren, bozketan EAJren mozioa onartu zen PSEren eta PPren babesarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!