Urnietar Prestu 2012

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:43

Uztaila amaitu baino lehen emango dute ezagutzera Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrekoek nor izango den aurten Urnietar Prestu 2012 saria jasoko duena, azken asteetan saritua erabakitzeko lanak amaitzen ari baitira.

Hainbat hautagai izan dute aurten ere saria erabakitzeko garaian. Tartean ezustekorik izan den arren, badirudi Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak osatu duen Batzordeak datorren astean erabakiko duela, behin betikoz, nor izango den saritua; abuztua baino lehen urnietarrei ezagutzera eman ahal izateko.

Orain bost urte hasi zen Iñistorra Biltzarra ohorezko sari hori ematen aparteko merezimenduak bildu dituzten urnietarrei. Horretarako arautegia idatzi eta onartu ere egin zuen. Horren arabera, 2008ko lehenengo Urnietar prestu izendapena urte askotan eliz-parrokiko serora eta ikastolako sukaldari izandako Martxeli Gorritirentzat izan zen; 2009koa, berriz, udal langile bikain izandako Praixku Belauntzaranentzat. 2010ekoa Juantxo Gorostidi txirrindulariaren ibilbideari eman zitzaion. Orain arteko azkenekoa, 2011ko Urnietar Prestu izendapena, Urnietako emakume baserritarrentzat izan zen eta, haien izenean, lau emakumek hartu zuren saria: Goiburuko Aierdi baserriko Anjela Garmendia, Ergoiengo Lekun baserriko Lurdes Arozena, Oztarango Gurutzeta baserriko Maixabel Setien eta, azkenik, Lategiko Errotaburu baserriko Pili Intxausti. Beraz, 2012. urtekoa ezagutzea besterik ez zaigu falta.

IRAILAK 30, IGANDEA

IÑISTOR JAIA

Gogoan izan, Urnietar Prestu saria Sanmieletan ospatu ohi den Iñistor jaian eskuratzen zaiola omenduari. Aurten, Iñistor jaia irailaren 30ean egitea aurreikusi dute antolatzaileek, igandearekin, eta urtero bezala, bazkaria izango da Jakutegi plazan. Sarituari, diplomarekin batera, Urnietako herriaren armarri dotorea eta Urnietar Prestu 2012 idazkuna brodaturik daraman bizkarzapia jantziko zaio.

 

HERRI BAZKARIA JAKUTEGI PLAZAN

Iñistor jaia aurten, igandearekin izango da. Herri bazkarian parte hartzeko primerakoa, beraz. 14:00etarako izango da Jakutegi plazan. Ohi bezala, haurrentzako nahiz helduentzako menua eskainiko dute.

Txartelak salgai jarriko dituzte irailaren 3tik aurrera Kantoin, Lekaion eta Iñistorra-Aiurri egoitzan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!