Miren Goikoetxea Urnietako pilotaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:40

Miren Goikoetxea urnietarra pilotan aritzen den emakume bakarrenetakoa da. Orain gutxi Natty Evaristti argentinarrarekin batera Emakumea Pilotari Txapelketa irabazi du, partida guztiak irabazita. Frontoian eta trinketean, bietan aritzen bada ere, trinketea nahiago du.

Lehenik eta behin zorionak, Emakumea Pilotari Txapelketa irabazi duzulako. Nola joan da txapelketa?

Miren Goikoetxea: Nahiko txapelketa gogorra izan zen, gehienak ni baino nagusiagoak zirelako. Hala ere, nire bikotea, Natty Evaristti ere ni baino zaharragoa zen eta oso ondo moldatu naiz berarekin. Partida guztiak irabazi ditugu.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan?

M.G: Txikitan gurasoekin eta anaiarekin ibiltzen nintzen, eta hamar urterekin Hernaniko klubean sartu nintzen.

Hernaniko taldearekin jokatzen duzu. Zer dela eta?

M.G: Pilotan hasi nintzenean Urnietan ez zegoen talderik, eta horregatik, Hernanira joan behar izan nuen. Denbora batez ibili ziren bi neska Urnietan, baina oso gutxi iraun zuten.

Trinketean ibiltzen zara, zerk erakarri zaitu modalitate horretara?

M.G: Bietan ibiltzen naiz, frontoian eta trinketean. Trinketea nahiago dut, etorkizun handiagoa ikusten diodalako; mundialetara eta horrelako txapelketetara joateko aukera eman digu trinketeak.

Zer behar da trinketean ondo aritzeko?

M.G: Erreflexuak behar dira, eta bista ona, pilota nora bota behar den jakiteko. Ez da indar asko behar; frontoian aritzeko indar gehiago behar da.

Noizbait ikusiko al dugu emakume profesionalen bat?

M.G: Ez dakit, baina oso zaila ikusten dut. Momentu honetan Hernaniko taldean 15 neska inguru gabiltza, baina hasi ginetetik batzuk utzi egin dute. Txapelketetan 6 edo 4 ibiltzen gara.

Arraunean, futbolean... nesken gorakada ikusten ari da azken urteetan. Gauza bera gertatzen ari al da pilotan?

M.G: Ez asko. Nire adinean pilotan dezente ari gara, baina gu baino txikiagoak direnen artean ez dut ikusten gorakada eman denik. Nik lagunak animatzen ditut pilota probatzera, lagunak egiteko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea delako.

Zein pilotari profesional duzu gustokoen?

M.G: Aimar Olaizola, ez naiz Irujo zalea.

Denboraldia amaitu da, hurrengo urtera begira ze helburu dituzu?

M.G: Txapelketa batzuk irabaztea eta maila ona ematea.

Emakumeen arteko zein txapelketa daude?

M.G:Garrantzitsuena GRAVN da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako pilotariok hartzen dugu parte. Trinketean eta frontoian hartu daiteke parte, baina ni normalean trinketean aritzen naiz. Azkena irabazi dudana, Emakume Pilotari Txapelketa bi mailatan banatzen da; 1. maila eta 2. maila.  Lehen mailan aritu naiz eta bikoteak Maider Mendizabal entrenatzaileak egiten ditu. Nattyrekin jarri ninduten eta oso gustura aritu naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!