Liztor asiarraren berragerpena Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:37

Liztor asiarraren habia sortzen eta handitzen ari zela, Andoaingo Sorabilla auzoko Intsusain baserriko Amaia eta Asier Arsuaga anai-arrebek zuhaitzetik atera eta ontzi batean sartu zuten.

Honako elkarrizketa Aiurrik internet sarean ipini duen bideotik ateratakoa da. Adierazpen hauek hobeto ulertzeko bideoa ikusteak merezi du.

Baserriko erlauntzaren ondoan liztor asiarra azaldu eta habia harrapatu duzue, ezta?

Amaia Arsuaga. Bai. Gaur goizean iloba motoan ibiltzera zihoala liztorra pasatzen ari zela ikusi du, erle semea zela iruditu zaio. Niregana etorri da, ikustera joan gara eta eta liztor asiarraren habia ikusi dugu. Ilunabarra arte ez da komeni erleak eta liztorrak biltzea, egunez jaten ibiltzen direlako eta gaua delako guztiak habira itzultzen diren garaia. Ilunabarrean trajea jantzi eta kristalezko potea hartuta habia harrapatzera joan gara.

Arriskutsua al da?

A.A. Bai. Beraien eztena erleena baino dezente handiagoa da. Kontu handiarekin ibili behar da, pozoia ahotik eta eztenetik botatzen dutelako. Pozoi ohiko erleena baino indartsuagoa da.

Habi hau egin berria al da?

A.A. Ikusten da barruan arrautzak daudela. Liztorrek erleak hartzen dituzte, hegoak eta hankak jaten dizkiete eta beren listuarekin nahastuta sortzen duten janaria da kumeei ematen diena. Pixkanaka-pixkanaka beraien habia handitzen doaz. Iaz ikusi genuen bola sortu arte haz daiteke. Hau txiki txikia da, baina handitzen doa.

Iaz Gipuzkoan habiak egiten hasi ziren. Aurten gehiago izango direla espero duzue?

A.A. Berez bai. Esaten da iaz birizik atera zirenenak lur azpira sartzen direla; eta aurten irteten diren guztiak erreginak direla. Orduan, erregina bakoitzak habi bat sortzen badu, berez, izugarrizko habi pila egon behar dute. Eta urtez urte geroz eta gehiago. Erlearen etsai handienetako bat dela esan daiteke. Horrelako liztor batek aste batean milaka erle dituen erlauntza txiki dezake.

Iaz anaia eta biak ibili zineten habiak suntsitzen...

A.A. Halaxe da. Berez udalerrietako udaltzainek deitu egiten digute erle semeak edo erlauntzak azaltzen direnean. Kontua da, iaz horrelako dei batean erleen bila joan ginela, erleak zirelakoan, baina liztor asiarrak ziren. Liztor asiarraren hiru habi kendu genituen. Baina erleentzako erabiltzen den trajearekin, eta jantzi hori liztor hauentzat ez da ezer. Aurten, beharrezko ekipamendua erosi dugu; jantziak eta tresneria.

Deiak jaso dituzue?

A.A. Oraingoz ez. Orain hilabete pare bat liztor gehiago ikusten nituen. Bai anaiaren etxean eta baita nirean ere, liztorrak pasatzen ikusten nituen. Baina egia esan, bolada honetan gutxiago ikusten ditugu. Ez dakit eguraldiagatik den, ez duelako berotzen, edo zer.

Baina habiei dagokionez, gaur ikusi dugu lehenengo kasua.

 

 

670 632 320 / 677 110 541

Asier–Amaia

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!