Gaurtik igandera bitarte jaiak Karrika auzunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 19a, 11:34

Asteburu honetan Karrikan jaiak dira eta Leandro Coron eta Oscar Uribesalgo burubelarri aritzen dira festen inguruan lanean. Lehena jaiak sortu zirenetik ibili da lanean, eta bigarrena, gaur egun, jai batzordeko kide da.  Aurten jai batzordeak Manolo Seara omendu nahi du, urte luzez Leandrorekin batera, sardinak erretzeaz arduratzen zen gizona. Ostiralean izango da omenaldia.

Nola hasi ziren Karrikan festak egiten?

Leandro Coron: Hasiera batean, auzoko haurrentzat festa bat egiteko helburuarekin hasi ginen. Pepe, Revilla, Guirado, Lorenzo, Manolo eta ni hasi ginen. Egun bateko gauza izan zen hasiera artakoa, baina urtetik urtera hazten joan zen, eta hirugarren edo laugarren urtean festa handiago bat egitea erabaki genuen. Lan askoren ondoren, 1985 edo 1986an lehenengo festak egin ziren.

Asko aldatu al dira festak?

L.C: Festak urtetik urtera hazten joan ziren. Herri kirolak ere ekartzen genituen eta ez zait sekula ahaztuko aizkolarientzat enborrak lapurtu behar izan genituela urte batean. Pinu enborrak, besterik ez zegoelako. Festak aldatu dira, garaiak aldatu diren bezalaxe.

Oscar Uribesalgo: Beraiek hasi ziren festak antolatzen, eta orain guk, euren seme-alabek daramatzagu. Hala ere, batzordean ez badaude ere, urte asko daramatzate lan bera egiten, Leandroren kasuan sardinak prestatzen. Haien lana dela dirudi.

Zenbat urtez egin izan duzue Sardin jatea?

L.C: Sardin jatea ez zen lehenengo urtean egin, inork ez zuelako horrelako lan batean sartu nahi. Hurrengo urtean ni prest agertu nintzen sardinak erretzeko. Inoiz ez nuen sardina bakar bat ere erre. Hiru edo lau bat urtez nik bakarrik erre nituen. Bosgarren edo seigarren urtean hasi zen Manolo nirekin sardinak erretzen eta 8 edo 10 urte jarraian egin genituen. Gero gaixotu egin zen eta ezin zuen lan hori egin. Orain, Manoloren semeak, nire suhiak eta nik erretzen ditugu. Eta ea urte askoz jarraitzen dugun! Nik ez dut erraz amore emango; festak diren artean sardinak erretzen jarraitzeko asmoa dut.

Aurten Manolo Seara izango duzue gogoan... nola omenduko duzue?

L.C: Ez dakit jai batzordekoek zer edukiko duten prestatuta, baina egingo duten edozer ondo iruditzen zait. Izan ere, Manolo oso pertsona ona zen. Bizilagunak ginen, pareko atean bizi zen. Oso harreman ona izan genuen, batak bestearen seme-alabak hazten ikusi genituen, gure emazteekin askotan joaten ginen Donostiara paseatzera... Gainera, biok ehiztariak ginen, eta ehizera ere batera joaten ginen.

O.U: Egia da, Manolo oso pertsona ona eta zintzoa zen, auzo osoa bere laguna zen. Bere hileta elizkizunera auzo osoa joatea horren erakusgarri da. Gainera, oso integratua zegoen. Bere aita galiziarra zen, baina berak euskara ikasi zuen. Jai batzordeak omenaldi xume bat egin nahi dio. Horregatik, bere semeek botako dute txupina eta familiari aurreskua dantzatuko zaio. Horrez gain, plaka bat eta argazki bat emango zaie, oroigarri gisa.

Zer nabarmenduko zenukete Karrikako jaietatik?

O.U: Aurtengo jaietako gauza garrantzitsuena garai bateko jai gunera itzuliko garela da. Kirol gunea eraiki zenetik, errepidean egiten genituen jaiak, udalak ez zigulako betiko tokian egiteko baimenik ematen. Baina horrek arazoak besterik ez zituen ekartzen. Alde batetik, soinu guztia pareko etxeetara zihoan, eta bestetik, atzeko aldean garaje batzuk daude, eta garaje horien jabeek kotxea atera edo sartzeko jai gunearen erdi-erditik pasa behar zuten. Aurten, udalarekin hitz egin ostean, lehengo jai gunea berreskuratzea lortu dugu.

Zerbait faltan botatzen al duzue?

O.U:  Aldarrikapen bat egite aldera, karpa baten beharra ikusten dugu. Jaiak ondo edo gaizki ateratzea eguraldiaren araberakoa da, neurri handi batean. 11.000 euroko aurrekontu batean sartzen gara, gero jaiak ez egiteko arriskuarekin. Orain dela bi urte gertatu zitzaigun: Kontzertuaren orduan euria hasi zuen, eta ezin izan zen egin, horrek dakarren guztiarekin; ekipoa ordaindu, taldeei ordaindu eta afaria ordaindu, gero ezer ez egiteko.

L.C: Bai, eguraldiak denean du eragina. Sardin jatean ere bai. Eta sardin jateak txoznan du eragina. Ez badira sardinak erretzen, ez da jendea hurbiltzen, eta jendea ez bada hurbiltzen ez du txoznan ezer hartzen. Urteren batean egon izan gara toldo bat gainean hartuta sardinak erretzen.

Jai batzordeentzat buruhauste nagusiena ekonomia al da?

O.U: Bai. Horregatik, aurten, berrikuntza bezala, jaietako aurrekontua buzonatu dugu, jendeak ikus dezan zenbat kostatzen den jaiak antolatzea. Dirua izugarrizko erraztasunarekin joaten da. Jendeak ez zuen imaginatzen jaietan 11.000 euro gastatzen zirenik. Udalak 3.000 ematen dizkigula ikustean beste guztia lortzeko nola moldatzen garen galdetzen digu orain.

L.C: Hala ere, jendeak benetan festen alde egingo balu ez litzateke beharrezkoa hainbeste diru eskatzea. Auzoko etxe bakoitzak 10 euro jartzearekin nahikoa litzateke. Ni joan izan naiz etxez etxe dirua eskatzen, eta nire etxe ilaran bakarrik 200.000 pezeta ateratzen nituen.

O.U: Lehen bizilagunen laguntzarekin 700.000 pezeta ateratzera iritsi ziren, baina orain 600 euro bakarrik lortzen ditugu. Txorizoa ordaintzeko justu-justu ematen du horrek. Horregatik hartu behar izan dugu txorizoa eta sardinak kobratzeko erabakia.

 

 

Egitaraua, Karrikako jaiak uztailaren 20tik 22ra.

Uztailak 20, ostirala

19:30 Txupinazoa eta kanpai errepika.

19:30 Txokolada.

20:00 Sardin jatea.

22:30 Musika: Ras Miguel & safari, Mystery train.

Uztailak 21, larunbata

11:30 Diana.

16:00 Mahai tenisa.

16:30 Haur danborrada.

17:00 Puzgarriak.

19:00 Elektrotxaranga.

22:30 Helduen danborrada.

00:00-04:00 Alaiki metal.

02:30 Batxuri zopa.

Uztailak 22, igandea

10:00 Diana.

11:30 Meza Sorabillan.

12:00 Sagardo dastaketa eta patata tortilla lehiaketa.

12:30 Toka txapelketa.

16:00 Futbito txapelketa.

18:30 Play-Back saioa.

20:30 DJ Mitxelena.

00:00 Pobre de mi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!