Goiburu auzoko plazatik gertu dagoen iturria eta garbigailua berreskuratzen hasteko egindako lanarekin, “pozik gaude, jende asko batu gara. Aska eta lixibatokia garbitu ditugu. Lixibatokiaren bi pareta geratzen dira, eta beste biak eraiki behar dira. Guk garbitze lana egin dugu eta orain igeltsero batek egingo du lana”. Hurrengo egunetan egin zuen bere lana, paperezko Aiurri astekarian ikus daitekeenez.
Plazatxoan ere lau mahai txiki ipintzeko asmoa dute. Bakarra dago zutik, eta beste hiru gehiago jartzeko asmoa dute, “ez ditugu mahai gaineko harri originalak lortu, desagertuta daude. Elizatik ateratakoekin egingo ditugu. Pentsatzen dugu hori ere jendearen gustokoa izango dela. Era simetriko batean jarriko ditugu, lehen zeuden antzera”.
Egindako lana San Esteban jaietan aurkeztuko dute, auzoko jaietako egitarauan irakur daitekeenez, “gure asmoa ez da soilik adieraztea zer lan egin dugun, baizik eta jendeak jakitea zer zegoen, beraiek ere transmititu diezaien beraien ondorengoei. Hori da Burdina taldearen xedea. Aukera polita izango da gure aurrekoekin harremanetan egoteko, askok eta askok eten egin dute soka hori”.