Ana Cerro Euskadiko txapeldun laugarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 13a, 11:42

Ana Cerro errenteriarra da, baina duela urte batzuk Andoainen bizi da. Arku-tiroa egiten du eta pasa den uztailaren 1ean, laugarren aldiz irabazi zuen Euskadiko Txapelketa, basoko 3D modalitatean. Arku motetaz, puntuaketetaz, modalitate desberdinez, eta arkulari on bat izateko beharrezkoak diren gako guztiez hitz egin digu. 

Nola hasi zinen arku-tiroan? Zein izan da zure ibilbidea?

Ana Cerro: Arkulari batekin maitemindu nintzelako hasi nintzen arku-tiroa egiten. Orain nire senarra denarekin irteten hasi nintzen eta berak kirol hau egiten zuen. Nik hasieran txapelketetara laguntzen nion, baina ikusten nuen oso ondo pasatzen zutela eta euren artean giro aparta zutela. Nire senarra monitorea zen, eta berak erakutsi zidan tiratzen. Gaur egun, ni ere monitorea naiz.

Ibilbideari dagokionez, gehien bat, hemengo txapelketetan hartzen dut parte. Behin joan nintzen Espainiako Txapelketara eta bakarka seigarren postuan geratu nintzen eta Euskadiko selekzioarekin bostgarren. Espainiako Ligako lehiaketaren batean hirugarren ere egin dut. Nire azken garaipena Euskadiko Txapelketakoa izan da.

Espero zenuen azken garaipen hau?

A.C: Azken aldian, lau neska nahiko paretsu gabiltza, eta nik oraingo honetan zorte pixka bat eduki nuen. Euskadiko lau txapelketa irabazi ditut dagoeneko, baina iaz, beraietako batek irabazi ninduen eta ez naiz oroitzen bigarren edo hirugarren egin nuen. Esan nahi dudana da, ez diodala garrantzirik ematen irabazteari. Nik ondo pasatzen dudalako egiten dut arku-tiroa.

Nola azalduko zenioke kirol honi buruz ezer ez dakien bati zer den arku-tiroa?

A.C: Nik basoko 3D modalitatea egiten dut, baina horrez gain, arku-tiro olinpikoa eta salako arku-tiroa ere badaude. Nire modalitatean bolumetrika deitzen diegun poliespanezko animalia batzuei egiten diegu tiro. Animalia horiek bi zirkulu edukitzen dituzte marraztuta; bat handia eta bestea txikia. Txikiari emanez gero, animalia hil dela esan nahi du eta 10 puntu lortzen dira. Zirkulu handiari emanez gero, zauritu egin da eta 8 puntu eskuratzen dira. Zirkuluetatik kanpo, baina animaliari emanez gero, 5 puntu eta kale eginez gero, 0 puntu. Bolumetrika bakoitzari bi gezi botatzeko aukera dugu, eta distantzia gutxi gora beherakoa izaten da. Animaliaren tamainaren arabera, distantzia maximo eta minimo batetik tiratzen da. Animalia txikia denean 15 metrora arteko distantziatik egiten da tiro, ertaina bada 25 metrora arteko distantziatik eta handia bada 35 metrora arteko distantziatik.

Bestalde, arku mota desberdinak daude: errekurboa, longbow-a, poleasa, klasikoa... Nik arku errekurboa erabiltzen dut, izan ere, niretzat politena longbow-a da, indioek erabiltzen zuten makil luzea. Arku mota hau ordea, oso zaila da maneiatzeko eta errekurboa antzekoa da, baina errazagoa da erabiltzeko. 

Zein da denboraldi honetarako zure helburua?

A.C: Orain bukatu dugu denboraldia, Euskadiko Txapelketarekin. Denboraldi berria azaroan hasiko da. Nire helburua ez da irabaztea izaten, ondo pasatzea baizik. Puntuaketa hobetzen joatea da nire helburua. Puntuaketa antzekoak edukitzen ditut azkenaldian, eta hori hobetu nahi dut. Puntuaketaren arabera intsignia bat edo beste ematen digute; oreina, orkatza, hartza edo arranoa. Arranoa da guztietan onena. Horrez gain, modalitatearen arabera, zirkulu bat izaten du, eta nirea, arku errekurboarena, berdea da.

Ordiziako taldean aritzen zara. Ez al dago talderik gertuago?

A.C: Ez. Nik basoko 3D modalitatea egiten dut, eta horretarako lursail propioa duen talde bakarra da Ordiziako Kluba. Arku-tiroko beste talde batzuk badaude, Donostian esaterako, baina ez dute lursail propiorik. Horrek zera esan nahi du, baimena eskatu behar dela lursail batean tiratzeko, material guztia hara eraman behar dela eta bukatutakoan dena jaso. Guk Gaintzan dugun lursaila luxu bat da.

Horrez gain, nik oso jende jatorra topatu dut taldean, eta oso ondo pasatzen dut beraiekin. Gipuzkoan basoko 3D modalitaterako lursail propioa duen klub bakarra denez, herrialde osoko jendea ezagutzeko aukera izan dut; Zumaiakoak, Zestoakoak, Aretxabaletakoak,  Lasartekoak, Elgoibarkoak, Tolosakoak...

Zenbat emakumek egiten du arku-tiroa?

 

A.C: Oso gutxi gara. Hala ere, ni hasi nintzenetik kopuruak gora egin du. Ez nuke jakingo kopuru zehatzak esaten, baina Espainiako Ligan 20 edo 22 izango gara eta Euskal Ligan 10 edo 12. Gizonezkoekin konparatuz gu %10 edo izango gara. Lehiaketetan patruilak deituriko taldeetan ibiltzen gara, mutilez eta neskez osatutako taldeetan. Baina gero, neskek nesken artean eta mutilek mutilen artean lehiatzen dugu. Mutilek, normalean, puntuaketa altuagoak eskuratzen dituzte, distantziak kalkulatzen hobeak direlako.

Trebetasun bereziren bat behar al da kirol hau egiteko?

A.C: Teknika eta praktika. Teknika da garrantzitsuena. Teknika ondo ikasten ez duen bat inoiz ez da arkulari on bat izatera iritsiko. Arkuarekin tiratzeko bost gauza eduki behar dira gogoan: gorputzaren postura, arkua eusten duen eskua, soka eusten duen eskua, ainguraketa, eta askatzea. Baina edonork egin dezaken kirola da. Orain dela gutxi azaldu da telebistan besorik ez duen mutil bat arku-tiroa egiten, eta hankekin tiratzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!