Eva Pelaez: "Gizartea matxista bada, kirola oraindik gehiago"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 13a, 11:37

Eva Pelaezek hainbat lasterketa irabazi ditu azken sasoi honetan. Baina kasu berezia da berea, denbora luze baten ostean ekin baitzion berriz ere lasterketetan parte hartzeari. Umetako urduritasun eta arnasketa arazoak gainditzen ari da, eta hori da bere esanetan, garaipen handiena. Aurten erronka berri bat du, Berlingo maratoia egitea. Kirola eta bizitza oso lotuta ikusten ditu Evak, bata bestearen islada direla pentsatzen baitu.

Nola hasi zinen korrika egiten? Zein izan da zure ibilbidea?

Eva Pelaez: Umetan ibili nintzen atletismoan, eta kirola beti egin izan dut. Baina lasterketek eragiten zidaten urduritasuna zela eta, gaizki pasatzen nuen eta utzi egin nuen mundu hori. Spining egiten hasi nintzenean, bertako kideek animatu ninduten berriz lasterketetan parte hartzera. 10 km-ko lasterketa bat egiteko esan zidaten, eta Joxean Alberdi spining-eko irakaslea etorri zen gurekin. Egun horren ondoren proposatu zidan berarekin entrenatzea. Udaran ez genuen spining egiten eta korrika gehiago egiten eta lasterketa geroz eta gehiagotan parte hartzen hasi ginen. Pixkanaka hasi nintzen eta niretzat erronka bat izan zen, ez lasterketak irabaztea, umetako urduritasunak gainditzea baizik.

Kaletxikiko IV. Mendi Krossa irabazi berri duzu. Zein kirol lorpen nabarmenduko zenituzke?

E.P: Aurtengo bi ditut gogoan. Lehenik, Santakrutzetako Krosa aipatuko nuke, bi arrazoiengatik. Alde batetik, Andoainen ez nuelako inoiz irabazi eta bestetik, lehenengo aldiz, mutilen distantzia bera egin dugulako neskok. Orain arte zazpi kilometro egiten genituen, eta mutilek hamar. Niri hori ez zitzaidan bidezkoa iruditzen. Aurten, Zumeatarrako zuzendaritzan nago, eta hori aldatzeko borroka egin nuen, eta baita lortu ere.

Aipatuko nukeen beste lasterketa bat Ereñozuko Onddi da. Iaz oso gaizki pasa nuen lasterketa horretan. Lehenengo joan nintzen lasterketa guztian, baina momentu batean arnasa hartu ezinik geratu nintzen. Jaitsiera guztian mareatuta joan nintzen, eta ez nintzen egoerari buelta emateko gai izan. Helmugarako 200 metro falta zirenean bigarrenak pasa ninduen. Aurten, ez nuen joan nahi, oroitzapen txarra nuelako, baina ingurukoek arantza kentzera animatu ninduten. Beldur askorekin joan banintzen ere, oso ondo aritu nintzen. Abantaila handia atera, ondo jaitsi nintzen, eta arnasa kontrolatuz. "Aurten bai" pentsatu nuen helmugara iritsi nintzenean.

Sufritzen jakitea da sekretua korrika ondo egiteko?

E.P: Bai. Korrika egitean, maila batetik aurrera, beti sufritzen da. Baina emaitzen arabera, satisfakzioak sufrimendua gainditzen du, edo ez. Ez dago sufritzen ez dudan lasterketarik. Bizitzan ere gauzak lortzeko beti sufritu behar da pixka bat. Niretzat kirolak eta bizitzan dugun jarrerak zerikusi handia dute. Bizitzan arazo baten aurrean duzun erantzunaren antzekoa izango da lasterketa batean ematen duzuna. Niri momentuz kirolak satisfakzioak ekartzen dizkit.

Nola ospatzen dituzu garaipenak?

E.P: Ez ditut ospatzen. Nire barruan ospatzen ditut, baina ez kanpora begira. Satisfakzioa neronek daramat, eta egun horretan alaiago egongo naiz, besterik gabe. Lasterketa baten ondoren aitak galdetuz gero ea zer moduz joan den, nik normalean ez dut azalpen gehiegirik ematen eta pasatu izan da hurrengo egunean egunkarian ikustea irabazi egin nuela. Sariren bat emanez gero, bazkari bat adibidez, Joxeanekin partekatzen dut, beti nirekin dagoelako. Baina asko adierazteak lotsa ematen dit. Nire baitan ospatzen ditut garaipenak, nire buruarekin ondo sentitzen naizelako egiten baitut korrika.

Atletismoari lotuta duzun oroitzapen onena?

E.P: Lasterketei dagokienez, lehen aipatu ditudan lorpen horiek. Eta bestalde, nire arnasketa arazoei aurre egitea. Lastarketetan bentilazio falta horri buelta emateko lasaitu egin behar da, eta ni urduritu egiten naiz. Nire izaerarekin zerikusi handia du. Aurten lortu dut buelta ematea, eta horrek nire buruarengan segurtasuna lortzen lagundu dit.

Eta txarrena?

E.P: Txarrenak izan dira frustrazioa eragiten didaten momentuak. Asko eta ondo entrenatu ondoren lasterketan ezin erantzutea oso frustrantea da. Ikusi helmuga hor dagoela eta karakolek ere pasatzea.

Beste momentu txar bat aurten pasa zait, Santakrutzetako lasterketaren prestakuntzaren inguruan. 7 kilometroko lasterketa 10ekoa izatera pasatzean nahiko eztabaida sortu zen, batez ere nesken artean, baina inor ez zen Zumeatarra taldera etorri horri buruz hitz egitera. Komentarioak iritsi zaizkit, lasterketa nik irabazteko aldatu zela iradokiz, baina aldaketa ez zen izan zentzu horretan, inondik inora. Nik bultzatu nuen aldaketa hori, mutilen baldintza berean korrika egin behar dugula iruditzen zaidalako, nahiz eta badakigun denbora okerragoak egingo ditugula. Gainera, ni 7 km-ko distantzian hobeto moldatzen naiz, eta errazago irabaziko nuke distantzia horretan. Lasterketa ondoren ere badakit komentarioak egon zirela. Niri horrelako gauzak ez zaizkit batere gustatzen, eta izugarrizko pena ematen dit, ez dudala merezi iruditzen zaidalako. Sentitu nuen ez zela baloratu berdintasunagatik egin nuen lan hori, eta aldaketaren atzean zegoena ez zela ulertu.

Zentzu horretan, kirol munduan gauza bat ikusi dut, gizartea matxista bada, kirola oraindik gehiago. Oraindik badaude lehen hamar mutilak saritzen diren bitartean, lehenengo hiru emakumeak saritzen diren lasterketak. Proportzioagatik dela esaten dute, baina kuestionatu beharko litzateke zergatik dagoen proportzioan desberdintasun hori. Horrelako gauzek amorrua ematen didate. Kirola gizartearen zati da, eta berdintasuna gizarteko eremu guztietan behar dugu. Antolakuntzan gehienetan gizonezkoak ibiltzen dira eta ez dute horretan pentsatzen. Santakrutzetako kroseko aldaketa ildo horretan bultzatu nuen.

Ba al dago harrobirik atletismoan?

E.P: Ez dago harrobirik, eta pena bat da. Lasterketetan 42 urteko emakumeak irabazten ari gara. Hori ez da normala. Orokorrean, ez da ikusten umeen artean zaletasunik. Telebistan ikusten dituzten kirolek erakartzen dituzte, hau da, futbola, pilota eta txirrinduritza. Atletismoa berriz, oso gutxitan azaltzen da telebistan, nahiz eta egunero jartzeko adina lasterketa egon. Irailean Zumeatarratik saiatuko gara atletismoa eskola kirolean txertatzen.

Zer esango zenioke korrika egiten hasi nahi duen ume bati?

E.P: Esango nieke kirola egiteko forma asko daudela. Atletismoak onura asko ekarriko dizkiela, eta baita satisfakzioak ere. Gainera, ume askok atletismorako trebezia dute, ikusten ditut kalean; eta futbol taldean onartu ez dituztelako ernegatu eta kirola egiteari uzten diote. Nesketan gainera, gehiago kostatzen da kirol munduan sartzea. Bakarkako kirola da, baina taldekoa ere izan daiteke. Urtean behin egiten dugu Atletismo eguna eta erreleboetan gelditu ezinik egoten gara. Hori ikusi eta gero, ez dakit zergatik ez diren  atletismora animatzen. Gurasoen aldetik ere lan asko dago egiteko, beste gauzak probatzera animatu behar dira.

Zein da zure helburua denboraldi honetan?

E.P: Aurten dudan erronka nagusia Berlingo maratoia egitea da. Ea nola prestatzen naizen hori egiteko. Irailaren 29an joan behar dut eta dena berezia izango da. Inoiz ez naiz hegazkinean ibili, hara joan eta 42 kilometro asfalto gainean egin beharko ditut. Entrenamenduz betetako uda izango da aurtengoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!