Moses Kargboren familiari laguntzeko diru bilketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 12a, 12:56

Kaletxikin heriotza aurkitu zuen gizonari azken agurra Donostian emango diote. Familia hileta-elizkizunera ekartzeko eta bere seme-alabek ikasketekin jarraitzeko laguntza eskatzeko diru bilketari ekin diote Moses Kargboren lagunek. Hona laguntza eskatuz banatu duten idatzia. Kontu Korrontea:

Kutxa:2101 2517 83 0013049796

 

Moses izena zuen, Sierra Leonakoa sortzez. “Bere historia emigrazioak eragindako tragedia bat gehiago da. Sorterritik irten zen, berarentzat eta bere familiarentzat etorkizun hobea aurkitzeko itxaropenarekin.

Mosesengan deigarri ziren bere zuzentasuna, bere garbitasuna eta bere afrikar ahots lodia. Zorteak ez zion lagundu, baina bere buruari sekula ez zion hutsik egin. Donostiara iritsi aurretik, hainbat urtez lanean aritu zen Kanariar uharteetan, Madrilen, etab. Urtea igaro da Donostiako kaleak garbituz aldi baterako kontratua amaitu zitzaionetik. Geroztik, krisiak langabezian utzi zuen, baina hala eta guztiz ere, bere prestakuntzan aurrera jarraitu zuen. Oreretako Don Boscon galdaragintza ikastaroa egin zuen. Arrats elkarteak laguntza eskaini zion, baita lagun askok ere. Besteak beste, Javik, Gemak, Ebrimak, Princessek, Johnek...

Azken aldi honetan inguruko herrietan eta industriguneetan lan bila zebilen.

Alokairuan zuen logela utzi eta Kaletxikira etorri zen bizitzera. Izan ere, aurrezten zuen euro bakoitza familiari bidaltzen zion. Familia hona ekartzea amesten zuen.

Moses Andoainen erail eta gero, bere gorpua Sierra Leonara bidaltzea zaila eta garestia da. Hori dela eta, bere senideen eta lagunen artean hileta-elizkizuna Donostian egitea erabaki dugu.

Mosesen azken borondatea aztertzen hasi ginenean, bere emaztea eta seme-alabak hileta-elizkizunean egon behar zutela argi genuen. Hamabost urte daramate bera ikusi gabe, eta azken agurra emateko etorri behar dute. Baina Sierra Leonan bizi dira, bidaia ordaintzeko aukerarik gabe.

Bigarren arazoa Mosesen seme-alaben ikasketen ordainketa da, bere heriotzarekin, seme-alabek ikasketekin jarraitzeko aukerarik gabe geratu baitira.

Hori dela eta, zuen laguntza eskatzen dugu; ezinbestekoa ez balitz ez genuke horretara joko.

Bere adiskideen laguntza dugu une hauetan; borondate onekoak denak, baina baliabide gutxi dutenak. Eta baita Donostiako Udalarena ere, hileta-elizkizuna ordainduko duelako. Gastuak askotxo izango dira, eta ez da bere erailketagatik inongo konpentsaziorik aurreikusten. Izan ere, kale gorritik bere etxera eraman eta ustez hil zuen pertsonak ez du ondasunik.

Hori dela eta, gizartera jo dugu babes pertsonalaren bila. Elkartasun lezioa jaso nahi dugu, garai hauetan bereziki.

Mosesen herrialdearen egoera politikoa dela eta –Sierra Leonako enbaxadarik ez dago espainiar estatuan, ezta Espainiakoa Sierra Leonan ere–, bere emaztearen eta bi seme-alaben bisadoak eskuratzea zail izango dela iruditzen zaigu. Baina hileta elizkizunera ekartzea lortuko ez bagenu, bildutako dirua seme-alaben ikasketak ordaintzeko baliatuko genuke.

Eskerrik asko, bihotzez. Mosesen izenean, haren senide eta lagunen izenean.

Goian bego, Moses. Lurra bizitza baino arinago izan dakizula”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!