Karlos V. erregearen aldeko gudarosteek (karlistek) eta Isabel II. erreginaren aldekoek (liberalek) borrokaldi itzela izan zuten Andoaingo lurretan, eta borrokaldi horien erdigune eta abiapuntua Gurutze Santuaren elizatxoan bertan, zubian, kokatu zen. Mendigorria, Oriamendi edo Arlabango guduen ondoren, I Gerrate Karlista osoan izan zen gudurik ankerrenetakoa izan zen, bertan 600-800 bitarteko lagun hil baitzen, gehienak liberalak.
Karlistek bere frontea denbora luzez Andoainen finkaturik izan zuten, hain zuzen ere, frontearen lerroa Sarmendi eta Arrateko muinoetan eta Kaletxikiko aldaparen erdiparean egon zen, Erroitz errekari jarraituz, Pagamendi aldera igotzeko. Lerro hori borrokarako gotorturik zegoen. Urnieta eta Hernani ere bere mende zituzten.
Karlisten gudarosteak ez ziren ugari Gipuzkoan, Karlos erregearen gudarosteak Madril aldera jotzeko mugiturik baitzebiltzan. Horrela, karlisten buru Urangak bost bataloi besterik ez zuen Gipuzkoan, eta horietako lau Urnietan eta Andoainen, bostgarrena talde txikietan barreiaturik zuelarik kostaldean. Lau bataloi horiek bereziki Andoainen zuten fronterik gotortuena, Urnieta eta Hernanirantz joan-etorrian zebiltzalarik.
Liberalen buru militarrak, O'Donell jeneralak, ikusirik zein gudaroste txikia zuten utzia karlistek Gipuzkoan, gizon eta artileria ugariz erasoa jotzea deliberatu zuen, eta horrela, 1837ko irailaren 8an, oso gogor oldartu ziren liberalak, karlisten aurka joz Hernani eta Urnietan. Karlistek, kopuruan eta indarrez gainezka zetozkien liberalen oldarraldiari eutsi ezinik, bi herri horietatik ospa egin zuten arineketan, eta Andoaingo Kaletxiki eta Goikoplazako lubakietan ezin eutsirik ere, Leitzaran eta Oria ibaien babesa behar izan zuten, ibaiez beste aldera igaroz.
Liberalak Santa Kruz zubiraino aurreratu ziren eta egonaldi luze baterako prestakuntzetan hasi ziren, Goikoplazan bereziki, non kanpamendua antolatu ahal izateko baliabide ugari ekarri baitzuten.
Liberalek, Hernanin barrena jo zuten erasoan, lur kiskaliko deritzon jokabide militarra izan zuten. Andoainera iritsi ahala, bidean topatu zuten baserri eta etxe oro erre eta birrindu zuten, bereziki, Buruntza eta Leizotzeko baserri ugari. Izan ere, gudaroste liberalen arteko soldadu ugari Atzerritar Legio berrikoak ziren, britainiarrak gehienak, eta irabazi behar zuten inguruneari beldur handia zioten; beraz, euren ikuspegi militarretik aurrera egiteko era bakarra bidean etsaien ezkutaleku izan zitekeen guztia kiskaltzea zen eta herritarrak ihesean -onen-onenean- jartzea. Asko izan ziren, horrenbestez, Andoaingo baserrietatik Oria eta Leitzarango karlisten lerroen atzean babesa hartu zuten herritarrak.
Andoaingo gudua
Gauzak horrela, Karlisten jenerala zen Uranga, erasoaren berri izan bezain laster, Nafarroatik Andoainera etorri zen egoera berria ikuskatzera. Bertatik ekarri zituen bataloi pare bat eta gida konpainia bat. Liberalen gudarosteen kopurua, artileria eta antolatzen ari ziren kanpalekua ikusi orduko, lehenbailehen aurreko kokaguneak berreskuratu behar zituztela ulertu zuen.
Bere gudalburu nagusiek erokeriatzat jo zuten arren, Oria eta Leitzaran ibaiak zeharkatuz kontraerasoa jo zuten, prestakuntza guztiak egin zituzten liberalak ezustean harrapatzeko.
Uranga jeneralak bere gizonak, zalditeria eta artileria oldartu zituen 1837ko irailaren 14an, goizaldeko ordu txikietan, Gurutze Santuaren zubiaren beste aldea zaintzen zuten liberalen kontra. O'Donell jeneralak agintzen zituen liberalek galera ikaragarria jasan zuten, eta karlistek eta haien lerroetan babestu ziren herritarrek "ez da kuartelik su ematen dubenentzat!" aldarripean 600-800 bitarte hildako eragin zizkieten liberalei, asko eta asko, Atzerritar Legio berria osatzen zuten ingeles eta irlandarrak, Andoaingo kaleetan oso modu bortitzean hil zirenak.
Ordukoa da bertso hau:
Orain abiatzen naiz
paratzen kantuak,
kobardiatu dute
Kristino tontuak;
Karlistak a cuchillo
An ziran kontuak!
Milagroa egin du
Gurutze Santuak
Seko gelditu dira
zortzi eun da piko,
zuzen ibili balira
etzituzten ilko;
etxerik erre gabe
ez dutela utziko,
orain pagatuko dute
larrutikan pijo.
Andoaingo gudua Gipuzkoan egon den gertakari militarrik larrienetakoa izan da, bai behintzat egun batean eta gudu bakar batean izandako hildakoen kopuruari bagagozkio. Gainera, lehenengo gerra karlistan izandako gudu gehienetan bezala, ankerkeria ikaragarriz burutu zen, hala liberalen nola karlisten aldetik eta baita herritarren aldetik ere.
“LA BATALLA DE ANDOAIN”, uda honetako irakurgaia
Larramendi Bazkunak “La batalla de Andoain” liburua argitaratu zuen aurreko udazkenean eta bertan xehetasun handiz bilduta dago 1837. urtean gertaturikoa. Historia eta gatazka militarrak gogoko dituenarentzat, uda honetako irakurgai aproposa da. Hernanin, Urnietan eta bereziki Andoainen kokatua. Liburua eskuragarri dago Aiurriko egoitzatan eta Ernaitza liburudendan. Carlos Canales eta Miguel del Reyk idatzitakoa da, gaztelaniaz soilik eskuragarri dagoena.
Euskaraz Andoaingo Guduaren xehetasun ugari aurki daitezke larramendi.org/hando_gudua.php webgunean.