Bertsoen bidez definitu zuten ondoen bere izaera: Hona haietako bat: “Eskertzekoa da guregatik / egin duzun guztia / hain urte gutxitan / diguzu erakutsia / beti errespetuz elkar bizitzen / eta maitatzen gure herria”.
Gizarte mailan, besteak beste, Jon bere anaiaren oroimenaren alde egin zuen ahaleginagatik nabarmendu zen. ETAkide zen anaia, eta Susana Arregi oñatiarra eta biak batera hilik agertu ziren Irunberrin 1990eko ekainean, argitu ez ziren zirkunstantzietan. Dominika Urreta zenak (ama) bere garaian, eta Bittor, Koldo eta Itziar anai-arrebek beti mantendu izan dute bi gazteak guardia zibilen eskuetan hil zirela. Bertsio hori bera defendatu zuten 2010eko ekainean, Aiurri-ri eskaini zioten elkarrizketan ere.
Esan beharra dago bizitzak tarteka eragiten dituen kasualitate horietakoa gertatu zela uztailaren 1ean: Bittor hil zen egun berean deituta zegoen Jon Lizarralderen alde urtero Zelatungo parajeetan egiten den omenaldi ekitaldia.