Berria egunkariaren alde agertu dira Buruntzaldeko udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 11a, 19:33

Berria egunkariak bizi duen egoera zailaren aurrean eskualdeko agintariek elkartasuna adierazi dute.

Buruntzaldeko alkateek babesa erakutsi zioten Berriaren Zure ziztada behar dugu kanpainari. Hainbat kultur eragilek, erakundek eta norbanakok egin duten moduan, eskualdeko udal ordezkariek (Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lasarteko alkateek) euren atxikimendua erakutsi nahi izan zuten asteazken goizean Andoaingo udaletxearen atarian ateratako argazkiaren bidez.
Ana Carrere Andoaingo alkateak adierazi zuenez, “krisi egoeran komunikazio arloa egoera larria jasaten ari da” eta are egoera larriagoa dute euskarazko komunikabideek. Mikel Pagola Urnietako alkatea ere bat etorri zen iritzi horrekin, eta Berriakoek eskaera bidali bezain pronto euren babesa eskaini zietela azaldu zuen. “Euren eskuan dagoen edozer egiteko prest" daudela eta "hor daudela" adieraztea zela ekitaldi horren zentzua, esan zuen.
Ana Carrerek bestalde, "herritarrek egin duten bezala, ordezkarien aldetik babesa azaltzea oso garrantzitsua" iruditzen zitzaiela adierazi zuen.
Joan Mari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkariak esker ona adierazi zien han bildutako Buruntzaldeko ordezkari guztiei, kanpainaren aldeko babesa erakusteagatik.
Egunkariariaren etorkizun ekonomikoa bermatu eta Berria komunitatea indartzeko xedea du azken hilabeteetan Berria taldea egiten ari den kanpainak. Paperezko egunkarien salmenten beherakadaren ondorioz, oso egoera larrian aurkitzen da, sareko publizitateak ez baitu nahikoa etekin ematen.
Sustengu kanpainaren nondik norakoa azaltzeko duen webgunean adierazten dutenez -berria.info/berrialaguna-, "edukiak libre eta doan ematen jarraitzeko eta sareko zein papereko eskaintzari eutsi eta osatzeko, herritarren sostengua eta bultzada" behar dute.
Berria egitasmoak aurrera egin dezan, euskarazko komunikabide nazionalak 5.000 laguntzaileren ekarpen ekonomikoa behar du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!