Pilotari bikainak eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 14:20

Iñaki Lizaso billabonatarra, Jon eta Xabier Urbieta anaia asteasuarrak eta herri bereko Julen Urruzola, afizionatu mailan ari dira pilotan. Iñakik eta Xabierrek euren ibilbidearen berri eman dute.

Noiz eta zergatik hasi zineten pilotan jolasten?
Iñaki Lizaso:
Oso txikia nintzela hasi nintzen pilotan. Aitarekin aritzen nintzen lehendabizi eta garaia iritsi zenean, Behar Zanako pilota eskolan eman nuen izena. Pilotari izateaz gain pilotazale ere banaiz; horixe da nire zaletasunik handiena. Dagoeneko hogeita zortzi urte ditut, baina hamasei urteko gazte batek adinako ilusioa dut oraindik ere.
Xabier Urbieta: Ni ere oso umetan hasi nintzen. Amak animatu gintuen anaia eta biok pilota eskola batean izena ematera eta Villabonan eman genuen izena. Sei urte nituenean hasi nintzen eta gaur egun buru-belarri ari naiz.

Afizionatu mailako pilotariak zarete orain...
I.L.:
Hala da. Eskualdean lau edo bost pilotari besterik ez gabiltza afizionatu mailan esku-pilotan jokatzen. Behar Zana taldeko kide izan naiz nire kirol ibilbidean zehar. Duela urtebetik Usurbilen ari naiz, baina etorkizunean Villabonara itzuli nahiko nuke. Izerdi asko atera dut bertako pilotalekuetan eta umeei erakusten ere gogo handia jarri dut, horregatik nahi nuke itzuli. Nire asmoa ez da inondik inora profesional mailara iristea, baina atzetik datozen pilotari gazteei izerdi pixka bat atera arazteko gogoa badut oraindik ere. Pilotaz asko gozatzen dut eta oraindik ere urte askotan jarraitzeko asmoa dut. Nire adineko oso jende gutxi dabil afizionatu mailan. Profesionaletara pasatzeko pausoa ematea lortzen ez duten askok, utzi egiten dute eta oso gutxi gara jarraitzeko ilusioa mantentzen dugunak. Duela aste gutxi Irungo binakako txapelketa irabazi nuen Okiñenarekin batera. Berrogei urte ditu Okiñenak eta harrigarria da oraindik ere nolako gogoa eta gaitasuna dituen. Munduko txapelketetan lau aldiz parte hartutakoa da eta oraindik ere, maila onean lehiatzen da. Pilotak jende asko ezagutzeko aukera ematen du eta hori oso aberasgarria da.
X.U.: Tolosako Aurrera Saiaz taldeko kide naiz eta ilusio handiz ari naiz. Emaitza onak lortzen ari naiz eta oraindik ere bizirik daukat profesionaletara pausoa emateko ametsa, nahiz eta badakidan oso zaila dela. Elgetako txapelketan aritu naiz oraintxe, buru-belarri. Ez nuen finalera iristerik espero, baina emaitza onak lortu ditut txapelketa osoan zehar.
I.L.: Oso maila altuko jokalaria da Xabier. Elgetan lortu dituen emaitzak ez ditu edonork lortzen eta gainerako txapelketetan ere bikain dabil.

Zer behar da profesional mailako pilotari izateko?
I.L.:
Batetik, oso maila ona izan behar da eta bestetik, zortea ere oso garrantzitsua da.
X.U.: Emaitza onak lortu behar dira. Iñakik aipatu duen zorte puntua ere garrantzitsua da; momentu jakin batean toki jakin batean egon eta maila ona ematea. Horrez gain, lesioek ere errespetatu egin behar zaituzte. Eskuak ondo zaindu behar dira eta gorputzaldi ona mantentzen saiatu behar da. Ilusio handiz ari naiz lanean, profesionaletara iristeko helburuz. Anizeto Lazkano tolosarra dut prestatzaile eta nire kabuz ere saio asko egiten ditut.
Biok ere haurrei irakasten ibiltzen zarete...
I.L.: Hemezortzi urterekin hasi nintzen begirale lanetan eta horretan jarraitzen dut gaur egun ere. Xabier bera ere nire ikasle izan zen. Villabonako pilota eskolako arduradun izan nintzen urte askotan eta beste hainbat eskoletatik ere deitu didate: Andoain, Zizurkil, Aduna, Añorga..., poz handia ematen du zurekin ikasi duten gazteak pilotan ondo ari direla ikusteak.
X.U.: Asteasuko haurrei erakusten diet nik. Orain arte astean ordubetez bakarrik aritzen ginen eta ekimenari indar gehiago emateko, garrantzitsua iruditzen zitzaidan astean beste ordubete bat eskaintzea. Udaletxearekin zenbait bilera egin ondoren, badirudi datorren ikasturtetik aurrera astean bi orduko saioak egingo ditugula. Etorkizunera begira emaitzaren bat lortu nahi bada, modu horretan antolatu beharra dagoela iruditzen zait.

Aiztondo bailaran indar polita du pilotak...
X.U.:
Zaletasuna badago. Zizurkilen, Asteasun..., ume asko ikusten da pilotalekuetan edota kaleko beste edozein paretetan pilotan jolasten. Gainera, pilota eskola berriak sortu dira azken urteotan: Zizurkilen, Adunan ere sortzeko bidean da..., osasuntsu dago.
I.L.: Bolada kontua dela esango nuke nik. Villabonan indar handia izan zuen duela urte gutxi, baina orain beherako bidea hartu du. Batzuetan, nahikoa izaten da koadrila bateko kide batek futbolean izena ematea lagun guztiek atzetik bide bera eramateko. Behar Zana elkarteak indar izugarria izan du Gipuzkoa mailan eta bailarako pilotari asko bertan aritzen zen. Azken urteotan, ordea, pilota eskola berriak sortu dira inguruko herrietan eta horrek sakabanatu egin ditu pilotariak. Etorkizunera begira, lotura sortu nahi da Aiztondoko eskola ezberdinen artean. Herri txikiak izanik, gerta liteke kategoria batean pilotari bakarra egotea. Kasu horietan, egokia izango da herri ezberdinetako kideak batu eta elkarlanean aritzea. Asmo horri forma emateko lanean ari gara orain. Buruntzaldean modu horretan antolatuta ari dira eta emaitza onak lortu dituzte.

Nola ikusten duzue emakumezkoen pilotaren egoera?
I.L.:
Animatu egiten ditut esku pilotan aritzera eta ez zait gustatzen mugarik jartzea. Normalean, hamabost urte ingurura arte eskuz aritzen dira eta gero, paletaz hasten dira. Gustuko duena, ordea, eskuz jarraitzera animatuko nuke. Zizurkilen, adibidez, talde polita dago.

Andoain herriarteko pilota txapelketan ari da, Asteasu ere aritu zen...
X.U.:
Oso esperientzia polita izan zen, eta emaitza txukunak lortu genituen. Datozen urteotan ez da erraza izango taldea sortzea, gazteak falta ditugulako.
I.L.: Villabonako taldearekin parte hartu izan dut urte askotan. Orain zizurkildarra naiz eta datorren urtean Zizurkilgo taldea ateratzeko asmoa dugu. Talde polita antolatzeko modua izango dugula ematen du eta gogorik ere ez dugu falta.

Ahalegin handia eskatzen duen kirola al da pilota?
X.U.:
Urte osoan zehar izaten ditugu partidak, ia asteburu guztietan. Maila onean aritu nahi baduzu, prestaketa saio onak egin behar dituzu eta horrek denbora asko eskatzen du. Uda inguruan, txapelketa asko izaten da eta aurrera egitea lortzen baduzu, partidak pilatu egiten zaizkizu. Azkenerako, eskuak pixka bat behartu egiten ditugu eta uda amaieran, atseden beharrean izaten gara.
I.L.: Pilotalekuan egindako saioez gain, prestaketa fisikoa ere eskatzen du pilotak. Esaterako, ni ez naiz pilotari indartsua eta horrek, prestaketa berezia eskatzen dit. Ordu asko eskaini behar izaten diziot. Horrez gain, bakarkako kirola da pilota eta ez da beti gozoa izaten pilotalekura joan eta bakarrik aritu beharra.
X.U.: Nire kasuan, anaia Jon eta biok aritzen gara askotan eta hori abantaila handia da.

Zenbat ordu pasa dituzue pilotalekuetan?
I.L.:
Konta ezin ahala. Pilotalekuetan ez ezik, gaztetxotan edozein txoko erabiltzen genuen pilotan aritzeko. Koadrilako lagunek oso gustuko izan dugu pilota eta beti edukitzen genuen pilota goxoren bat, jolaserako. Orain ere mantentzen dugu zaletasun hori, baina ez gara garai batean bezala aritzen. Pilotari izateaz gain, pilotazale ere banaiz. Asko gozatzen dut partidak ikusten eta pilotariei jarraipena egiten.
X.U.: Nik ere ordu asko eta asko eskaini dizkiot pilotari. Etxeko sukaldean aritu izan gara bi anaiak. Gaur egun ere saio luzeak egiten ditut, baina beste modu batera.

Parrandarako aukerak ere kenduko zizkizuen pilotak...
I.L.:
Gazteagoa nintzenean, behin baino gehiagotan joan nintzen pilotalekura parranda galantak eginda. Laster konturatu nintzen hori ez zela egokia eta orain, ez naiz ateratzen partida bezperetan.
X.U.: Nik ere ez dut parrandarik egiten partida dudanetan. Bikoteka jokatu behar duzunean, bestearekiko errespetu falta dela iruditzen zait. Prestaketa ona eskatzen du pilotak eta laguna parranda eginda azaltzea ez da gozoa izaten.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zuen asmo nagusiak?
I.L.:
Pilotaz gozatzen jarraitu nahi dut, eta atzetik datozen gazteei ahalik eta izerdi gehien atera arazi. Bestalde, duela urte batzuk antolatzen hasitako Antton Pebeten oroimeneko txapelketa berreskuratu nahiko nuke. Bikote gisa jokatzen genuen eta ez nuke ekimen hura galtzen utzi nahi.
X.U.: Egunen batean profesionaletara jauzi egin nahiko nuke.

Txapeldunorde Elgetan
San Pedro egunez jokatu ziren Elgetako pilota txapelketako finalak. Xabier Urbieta asteasuarra Julen Altzelai alkizarraren aurka lehiatu zen. Txapelketa ederra egin ondoren, Urbietak ez zuen bere lana borobiltzerik izan. Urduritasunak eraginda, ezinean aritu zen asteasuar gaztea eta ezin izan zuen alkizarra mendean hartu.

Txapelketa garrantzitsua
Sona handia du Elgetako txapelketak. Bertan aritutakoak dira gaur egun profesional mailan ari diren pilotari asko eta asko. Lau t’erdiko txapelketa da eta Urbietak maila bikaina erakutsi du aurtengo edizioan. Sailkatze fasean, lehiatik kanpora utzi zituen arerio garrantzitsuak, tartean, baita Elezkano II. faboritoa ere.
Partida hasiera polita egin zuen Urbietak baina tantoak aurrera joan ahala, Altzelaik gaina hartu zion eta ezinean ibili zen asteasuarra. 22-9ko emaitzaz amaitu zen partida. Finaleko partida berak nahi bezain ona izan ez bazen ere, txapelketa polita egin du Xabier Urbieta gazte asteasuarrak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!