Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 14:10

Duela urtebete hartu zuen Zizurkilgo alkatetza Joxe Mari Luengok. Karguari tamaina hartuta, buru-belarri ari da lanean.

Erraza izan al zen alkatetzara aurkezteko erabakia hartzea?
Egia esan, zerrendan parte hartzeko asmoa banuen, baina ez zerrendaburu gisa. Egoera politikoa, ordea, nahasia zen; Sortu legez kanpo utzi zuten eta egoera hartan, aldaketa beharrezkoa zela iruditzen zitzaidan. Politikagintzan aritu gabeko jendea behar zen eta nire laguntza eskaini behar nuela erabaki nuen. Zerrenda-buru izatea proposatu zidatenean, buelta asko eman nizkion, baina baiezkoa ematea erabaki nuen, eta pozik nago erabaki harekin.

Emaitza ikusgarriak lortu zenituzten hauteskundeetan. Nola bizitu zenuen garaipena?
Herritarrek oso garbi adierazi zuten aldaketa nahi zutela. Gure zerrenda ilusioz hartu zuten eta euren babesa eskaini ziguten. Hauteskundeetako emaitzak oso pozgarriak izan ziren guretzat.

Agintaldiko lehen urtea pasata, zein izango litzateke balorazio orokorra?
Oso azkar joan da urtea. Udalgintzan ikasten ari naiz eta lan horretan, laguntza handia jaso dut bai udal taldeko kideen aldetik, baita Udaletik kanpora lanean ari diren beste askoren eskutik ere. Egoera ekonomiko orokorra, eta Zizurkilgo Udalaren egoera ekonomikoa bera ere, ez dira batere onak, baina pixkanaka, gauzak egiten ari gara. Ematen ari garen pauso guztiak aurrerantza dira, nahiz eta pauso txikiak izan.

Zizurkilgo Udalaren egoera ekonomiko zaila aipatu duzu. Zenbateko eragina izango du horrek agintaldi honetan?

Udaletxe gehienak bezala, Zizurkilgoa ere zorpetuta dago. Gastu finko handiak ditu; udaletxeko langileen soldatek eta banketxeekin lotutako zorrek, esaterako, gastu handiak dakartzate hilero. Horrek guztiak asko baldintzatzen du gure lana. Aurrekontuak egiteko garaian oso modu zuhurrean jokatu beharra daukagu. Lehentasun nagusi batzuk finkatu behar dira eta urtero zerbait egiten joan. Horrela egiten ez badugu, lanak pilatu egingo zaizkigu eta ezinezkoa izango da guztiei batera aurre egitea.

Lehentasunak finkatzeko beharra aipatu duzu. Zeintzuk dira lehentasun nabarmenenak?
Zizurkil Goian, etxebizitzak egiteko beharra dago. Aspaldiko urteetan ez da etxerik egin eta bertako gazteek badute behar hori. Agintaldiko lau urteotan gai hori bideratu nahi genuke. Etxebizitza eskasia horren ondorioz, San Millan eskola bera ere handia geratzen ari zaigu ume gutxi dagoelako. Zizurkil Goiari bultzada emateko garaia dela iruditzen zaigu.
Horrez gain, plaza oinezkoentzako gune bihurtu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa zen elizaren atzeko aparkalekua egitea. Etxeberritxo baserriko lursailetan egin dira lanak eta eskerrak eman nahi dizkiet baserriko kideei, erakutsitako borondate onagatik. Hurrengo helburua, eliza atzeko errepidea zabaldu eta bi norabideetarako jartzea izango da. Modu horretan, plazatik pasatzen den auto kopurua asko murriztuko litzateke.
Elbarrenan berriz, Joxe Arregi plazako lanak aurrera doaz. Plaza eraberritu egingo da eta herritarrekin zenbait bilera egingo da, nolako plaza nahi duten erabakitzeko. Bestalde, esan beharra dago bertan egiten ari diren balio tasatuko etxebizitza guztiak ez direla saldu. Bi zozketa egin dira eta hamaika etxebizitza daude oraindik saltzeko. Hemendik aurrera izena ematen dutenek, nahi duten etxea aukeratu ahal izango dute, zozketarik gabe.
Elbarrena inguruan, bestalde, bazen saihesbide bat egiteko asmoa. Horrek, trafikoa herriaren kanpoaldera bideratuko luke. Egitasmo hori, ordea, bertan behera geratu da. Inguru horretako trafikoa izugarria da eta Foru Aldundiarekin bilerak egiten ari gara egoera pixka bat hobetu dadin. Ibilgailuen abiadura murriztuko duen zerbait jarri nahi dugu eta baita zebra bide gehiago ere.

Hondakinen kudeaketa ere eskuartean darabilzuen gaia da...
Beste lehentasun handi bat da hori ere. Hitzaldiak egiten ari gara herrian, horren berri emateko. Modu ezberdinean egingo da Zizurkil Goian eta Elbarrena aldean. Goian autokonpostaia egiten saiatuko gara eta Elbarrenan, berriz, atez ateko bilketa egingo da auzo gehienetan. 2013ko udaberri aldera martxan jartzeko asmoa dugu eta horretarako, hainbat bilera egingo dugu biztanleekin.
Prentsan bolo-bolo dabilen gaia da eta herritar asko kezkatuta dago. Askotan, ezjakintasunak sortzen du beldur hori eta herritarrak ondo informatzen saiatuko gara. Martxan jarritakoan, arazo berezirik ez dela izango iruditzen zait. Birziklatzea, berrerabiltzea, murriztea..., horiek guztiak kontuan hartuta Zizurkil Zero Zabor herri izatea da helburu nagusia.

Espainiako bandera ikus daiteke Zizurkilgo udaletxeko balkoian...
Zenbait epaiketaren ondoren, bandera jartzera behartzen gintuen ebazpena iritsi zen udaletxera. Ebazpenak zionenez, plenu aretoan eta udaletxearen kanpoaldean jarri behar zen bandera. Kanpoaldean, ikurrinarekin eta Zizurkilgo banderarekin batera jarri genuen, baina ez fatxada nagusian, eraikinaren albo batera baizik. Duela aste gutxi, toki hori ez dela egokia, eta fatxada nagusian jarri behar dugula dioen beste ebazpen bat iritsi da. Ez dugu polemika eta eztabaidetan sartu nahi izan eta fatxada nagusian jarrita daude orain. Pixkanaka, udaletxe guztietara iritsiko den gaia dela iruditzen zait.

AHT egiteko lanak ere hemendik gutxira hasiko dira herrian. Nola dago afera?
Zizurkil eta Andoain arteko zatia urte amaiera inguruan hasiko dutela ematen du. Lan horietatik aterako den materiala Adunako minetara bideratuko da ziurrenik eta horrek, Zizurkilgo sarreran betelan handiak egitea saihestuko du. Bestalde, Hernialde eta Zizurkil arteko zatiak eragin handiagoa izango du gure herrian. Udalak ez du zeregin handirik, eskumenik ez duelako. Hala ere, desjabetzeen garaia iristen denean, lurjabeen borondatea egiteko prest gaude; hala nahi duenak, aktak bere lursailean sinatzeko aukera izango du.

Batzorde parte hartzaileak sortu dituzue. Nolako harrera izan dute?
Hasieran bilera asko egin genituen, baina ez zen jende askorik hurbildu. Orain beste modu batera egiten ditugu; gai nagusiren bat sortzen denean deitzen ditugu herritarrak parte hartzera. Garrantzitsua iruditzen zaigu parte hartze hori sustatzea.

Komunikazioari aparteko garrantzia ematen diozue...
Udala eta herritarren arteko informazioa eta parte hartzea erraztu nahi ditugu. Horretarako, Plazaberri aldizkaria kaleratzen dugu hiru hilez behin eta Udaleko webgunea ere berrituta dago. Zaharkituta zegoen eta orain berritu eta eguneratu egin dugu. Aldizkariak, bestalde, oso harrera ona izan du, jendeak gustura hartzen du etxean.

Mari Anjeles Lazkanori hartu zenion alkatetzaren lekukoa. Nola baloratzen duzu haren udalgintza?
Ez dut uste niri tokatzen zaidanik balorazio hori egitea, ez da nire gaia. Herritarrek esan beharko dute gauzak ondo edo gaizki egin ziren.

Zer moduzkoa da oposizioko kideekin duzuen harremana?
Oposizioak bere lana egin behar du eta horretan ari dira. Gai ezberdinen inguruko eztabaidak izaten ditugu, baina tonu egokian. Oraintxe bertan, hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidan murgilduta gaude. Gaia asko politizatu da eta hortxe dugu gatazkarik handiena. Gainerantzean, ez dago arazo handirik.

Nolako hartu-emana duzu herritarrekin?
Herritarrek guregan konfiantza jarri dutela iruditzen zaigu. Udaletxera lasaiago etortzea lortu dugula uste dugu eta horixe zen gure helburuetako bat: herritarrek Udala gertu sentitzea. Gainerantzean, kalean ere herritarrekin harreman zuzena dut. Herri txiki batean bizi gara eta denok ezagutzen dugu elkar; horrek eguneko 24 ordutan alkate izatea eskatzen du batzuetan. Normala da kalean ikusita galderak egin edo eskaerak luzatzea eta ahal den neurrian, erantzuten saiatzen gara. Alkatetza hartu aurretik egiten nuen bizimodu beretsua egiten saiatzen naiz.

Eskualdeko beste herriekin harreman zuzena duzue...
Bai, hilero egiten ditugu bilerak, arazo ezberdinak aztertzeko. Oso hartu-eman dinamikoa sortu da, aberasgarria.

Pasa zen hilabetean iritsi zen Sorturen legalizazioaren albistea. Nola jaso duzu?
Pozgarria da. Egoera normalizatzea nahi badugu, ezinbesteko pausoa zen hori. Ezker Abertzaleak politika egitea nahi zen, eta legalizazioak hori ahalbidetuko du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!