Haurren abesbatza Isabel Manteconen gidaritzapean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 14:03

Isabel Mantecon, Leioakoa (Bizkaia) da izatez, baina Donostian bizi da. Aurten, Asteasun sortu den haur abesbatza zuzentzen hasi da eta oraingoz oso gustura dabil.

Noiz sortu zen abesbatza?
2011ko abenduan sortu zen Udalaren ekimenez. Entseatu, ordea, Pello Errota eskolan egiten dugu. Eskolak gela bat uzten digu eta jolas orduetan entseatzen dugu. Aurtengoa lehen urtea denez, froga moduan egin den zerbait izan da, eta egia esan oso gustura nago emaitzarekin.

Zenbat haur daude?
Guztira hogeita bi daude, eta horietatik bost mutilak dira; gutxi diren arren, bostak oso onak dira eta interes handia erakusten dute.

Bertan abesteko baldintzaren bat bete behar al da?
Muga bakarra adin tartea da. Abesbatza Pello Errota ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara artekoek osatzen dute, beraz, esan daiteke, adin tartea zortzi eta hamabi artekoa dela. Zortzi urte baino gazteagoak sartzea zaila da, oraindik ahotsa osatzeko baitaukate, eta gainera, asko kostatzen da hain txikiekin kantuak prestatzea. Zortzi urterekin, ordea, jada tonua ondo ematen dute eta errazagoa egiten da.

Zein errepertorio lantzen duzue?
Denetarik. Abestiak normalean ahots batera kantatzen ditugu, pianoaren laguntzarekin eta bi ahotsetara kanonak egiten ditugu. Horrez gain, hizkuntza desberdinetan abesten dugu: euskaraz, gazteleraz, japonieraz, ingelesez… Horrela, haurrek ere ikuspuntua zabaldu egiten dute. Gainera, abesti bakoitza koreografia txikiez laguntzen dugu. Haurrentzat dibertigarriagoa izateaz gain, erritmoa hobeto eramaten dute eta emanaldia atseginagoa egiten da.  

Askotan kantatu al duzue jendaurrean?
Aurten hiru emanaldi eskaini ditugu: bat eskolan, bestea ekainaren 16an Berria egunkariaren aldeko ekitaldian, eta hirugarrena Sanpedro egunean. Guztiak Asteasun.

Lehiaketaren batean parte hartzeko asmorik ba al duzue?
Etorkizunera begira beharbada ideia ona izan liteke, baina momentuz, ez daukagu asmorik.

Hamabi urtetik aurrera abesten jarraitu nahi duenak zer egin behar du?
Nire ustez, gehienoi gustatzen zaigu abestea, baina abesbatzak aspergarriak diren irudipena du jendeak. Halere, badaude oso onak diren taldeak eta gauza politak egiten dituztenak. Andoainen eta Tolosan esaterako, badaude talde politak, Hodeitruk adibidez. Beraz, gogoa duena aurrera jarraitzera animatuko nuke.

Zer esango zenioke abesbatzara oraindik etorri ez den eta kantua gustuko duen horri?
Proba dezala. Jolas orduan denbora librean jolastea polita da, baina probatuz gero, ziur nago gustatuko litzaiokeela. Batzuek lotsa izaten dute jendaurrean kantatzerako orduan, baina hori berehala gainditzen da.  

Etorkizunerako zein asmo duzue?
Momentuz, abesbatza honekin aurrera jarraitzea da nire asmoa. Ea jende gehiago animatzen den. Datorren ikasturteari begira, nire helburua proiektu hau pixka bat zabaltzea da, hau da, kontzertuak Asteasutik kanpo eskaintzea edota beste abesbatza batzuekin elkartrukeak egitea, baina denbora aurrera joan ahala ikusiko dugu hori.

Izaskun Sarasola, 11 urte


  • Noiz hasi zinen abesbatzan? Abenduan bertan hasi nintzen. Amak galdetu zidan ea abestu nahiko nukeen, eta lagun batzuek izena eman zutenez, ni ere animatu egin nintzen.
  • Gustura etortzen al zara? Bai.
  • Zein da gehien gustatzen zaizun abestia? Akai Hanna abesti japoniarra, oso dibertigarria da.
  • Lehiaketaren batean parte hartzea gustatuko al litzaizuke? Bai, baina abesbatzarekin. Bakarka, lotsa handia emango lidake.
  • Datorren ikasturteari begira jarraitzeko asmoa al duzu? Egia esan, ez dakit. Villabonako Loatzo musika eskolan ere abesbatzan ibiltzen naiz eta ez dakit guztiarekin posible izango ote dudan.


Maddi Usabiaga, 10 urte

  • Noiz hasi zinen abesbatzan? Abenduan hasi nintzen, abesbatza sortu bezalaxe. Abestea asko gustatzen zait eta animatu egin nintzen.
  • Gustura etortzen al zara? Bai, ondo pasatzen dut.
  • Zein da gehien gustatzen zaizun abestia? Akai Hanna abesti japoniarra.
  • Lehiaketaren batean parte hartzea gustatuko al litzaizuke? Bai, baina abesbatzarekin.
  • Datorren ikasturteari begira jarraitzeko asmoa al duzu? Denek oso ondo abesten dudala esaten didate, baina ez dakit zer egingo dudan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!