Alex Tello antzerkiaren mundu magikoan murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 13:47

Andoaindarrak Gizarte Heziketa ikasi zuen arren, gaur egun aktore gisa dabil lanean, Pirritx eta Porrotx pailazoekin, Euskal Herrian barrena.

Aurrez ikastaro batzuk egin zituen arren, antzerkia ikasten 26 urterekin hasi zen, 2004an hain zuzen. Donostiako arte eszenikoen tailerrean hiru urteko ikasketak burutu ondoren, aktore lanari ekion zion Alex Tellok: “Betidanik izan nuen antzerkirako nahia eta grina. Urteak aurrera zihoazen, eta gizarte hezitzailearen bidean nindoan, baina antzerkigintza jorratu gabe, eta horri heldu behar niola pentsatu nuen”, adierazi du.
Antzerki ikasketak bukatu aurretik, hainbat figurazio egin zituen ETB-ko telesail ezagunetan, hala nola, Wazemank, Mi querido Klikowsky eta Goenkalen. Gero poliki-poliki zati txikiak interpretatuz joan zen eta antzerkigintzan urte gutxi daraman arren, “bide luzea eta bizia” egiten ari dela azaldu du.
Ibilbide oparoa
Donostiako antzerki ikasketak amaitu ondoren, 2007an Isabel Agirresaroberekin batera, hainbat eskoletan, mugikortasun iraunkorra oinarri zuen “Mugi” izeneko kanpaina jarri zuen martxan. 2008 urtean Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Kutsatu! Ekin, UKAN, ekin! izenburua zuen euskararen aldeko kanpainako pertsonaia izan zen Tello. Horren ondoren, beste hainbat obretan ere parte hartu izan du. Hala nola, Hitzen lapurra izeneko bertsotxongiloak antzezlanean ere paper garrantzitsua jorratu zuen Alex Tellok: “Obra honekin asko ikasi nuen, Euskal Herriko plaza eta antzoki askotan antzeztu genuen eta oso aberasgarria izan zen”. Bertsoa eta hitza uztartzen zituen obra hau Ainhoa Alberdi, Gorka Tolosa eta Erika Lagomarekin batera egin zuen.
AlIkasketak bukatu bezain pronto argi zuen Euskal Herrian lanean ibiltzeko asmoa: “Batzuek kanpora joan nahi izaten dute euren ikasketak sakontzera, Madrilera adibidez, baina nik argi nuen euskaraz egin nahi nuela lan. Horren aldeko apustua egin nuen, eta oraingoz, ongi doakit. Halere, jende asko dago antzerkigintzaren munduan eta egia esan, azken 2-3 urtetan asko jaitsi da lan eskaintza”.
2008an Usurbilen sortu zen Txerriki taldearen sortzailetako bat izan zen Tello, eta aitortu duenez, esperientzia aberasgarria izan zen: “Herrigintza eta antzerkigintzaren kontzientzia hartu nuen. Herrian sortu zen antzerki taldea zenez, bertan jabetu nintzen bien arteko uztarketa horretaz”.
2009an Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea sortu zuen zenbait lagunekin batera. Urte horretan bertan, Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eskolan irakasle lanetan hasi zen eta oraindik ere bertan jarraitzen du: “Ikasleekin asko ikasten dut, baita antzerkia ikusten ere. Horiek dira nire gaur egungo eskolak. Momentu honetan, helduez osatutako talde bakarrari ematen diot klasea. Hori bai, ni sorkuntzaren aldekoa naiz, eta euskaraz bada, hobe”.
2009 urte bukaeran, Hiru bi zast, egizu jolas antzezlanean Ximon, 7 urteko mutiko bihurriaren papera bete zuen. Antzezlan polita zen arren, emanaldi gutxi izan zituzten. Halere, Ximon antzezlan honetatik haratago joan zen: “Ximon pertsonaiaren paperean Porrotxekin 4-5 saio egin nituen eta era honetara, Ongi etorri Pupu eta Lore ikuskizunerako paper bat eskaini zidan Joxe Mari Agirretxek (Porrotx)”, esan du.

Pertsonaien interpretazioa
Saio bakoitza erronka bat bailitzan hartzen du Alexek: “Antzezpenaren  aldetik, emanaldi bakoitza prozesu bat da. Beti dago errepikatzen den gidoia, baina emanaldiak eskaini ahala, pertsonaia hori garatuz eta aldatuz joaten da”. Halere, Alexi gogorragoa egin zaio arlo amateurra profesionala baino, taldeko ekimenak aurrera eramatea zailagoa delako: “Amateurrean antzerkiaz gain, bakoitzak bere gauza pertsonalak ditu eta ezinezkoa da dinamika bat lortzea, eta egia esan, oso gogorra da guztia aurrera eramatea”, azpimarratu du. Zailtasunekin jarraituz, istorioak sortzea ere ez dela erraza adierazi du: “Aurten, adibidez, Lasarten ikasleekin obra bat egin dut eta obra hori ondo gauzatu ahal izateko hiru bertsio idatzi behar izan ditut. Poesia eta antzerkia uztartzen zituen obra zenez, ez zen oso ulerterraza”. Tellok azpimarratu duenez, istorioa jendearengana iris dadin, aktoreek oso ondo ulertu behar dute ondoren era egokian interpreta dezaten, gainerakoan, ikusleek ez dute ulertzen.
Heziketa eta antzerkia uztartuz
Telloren ustez, antzerki obra guztiek dute ezkutuko mezu bat: “Hitzen lapurrak antzezlanean, adibidez, haurrak hitza ezagutzen hasten zireneko prozesua eta garapena islatzen zen, baita lagunartekotasuna ere, tartean, bai baitzen lagunik ez zuen mutiko bat”. Horrez gain, antzerkia eta heziketa pailazoekin bete-betean uztartzen dela adierazi du: “Sudur gorrien oinarrian heziketa dago alde guztietatik. Heziketa, istorio horien sortzaile diren pertsonaien baitan dago”.
Aktore lanaz gain, Alex Tello Amasa-Villabonako kale hezitzaile izan da urte batzuetan. Orduko esperientziak ere antzerkigintzarekin lotu ditu: “Kale hezitzaile nintzenean, antzerkian bezalaxe, imajinazioa eta energia zegoen. Antzerkian zein heziketan, helburua ondokoarekin konektatzea da, eta konexio hori modu magiko batean lortzen bada, ezin hobeto”. Guztiaren oinarria zer egin behar den jakitean eta horretan sinestean dagoela adierazi du.

Ikuspuntu desberdinen sorrera
Gaur egun, Pirritx eta Porrotx pailazoekin dihardu lanean Tellok. Esperientzia bikaina eta aberasgarria bizitzen ari dela aipatu du, baina ez haurrekin bakarrik, baita guraso, gaztetxo eta aiton-amonekin ere. Oraindik deskubritzen ari den arren, bizitzako ikuspuntu desberdinak barneratzen ari dela adierazi du: “Antzezten ari zaren bitartean zure aurrean gurpildun aulkian dagoen haurra ikusten duzunean, sentsibilitatea eta kontzientzia hartzen duzu, zure aurrean dagoen haur hori gainerakoak bezalakoa dela ohartzen zara, lagun bat. Aniztasun horretan, berdintasuna lantzen duzu, elbarriari edota osorik dagoen haurrari tratu berdina ematen ikasten duzu”.
Horrez gain, emanaldi ondorenetako momentuak ekarri ditu gogora: “Emanaldiak amaitu ondoren, jendearengana musuak ematera joaten garenean, enpatia eta sinpatia aurkitzen duzu. Batzuek bizitzan aurrera egiteko zailtasunak dituzten arren, kementsu eta aurrera egiteko baikor ikusten dituzu eta hori izugarrizko aberastasuna da”. Horrez gain, jendearengandik jasotzen duten esker ona aipatu du: “Horrelako lan batekin konturatzen zara ez dela entretenimendurako soilik, horren atzean gauza asko daudela baizik”.
Aktore lanaren alde onak eta txarrak
Aktore lanak aurrez aipatu ditugun abantaila eta aberastasunak dakartzan arren, langabezia da lanbide honen alde txarrenetako bat. Tellok bere gaur egungo lanbidearen alde onak eta txarrak aipatu ditu: “Errealitatearekin konektatzen duen fikzio horretan egotea eta jolastea ikaragarri gustatzen zait, gutxien gustatzen zaidana, zamalana da. Oraindik ohitzen ari naizen arren, kosta egiten da”.

Etorkizunari begira
Proiektu berririk esku artean ez duen arren etorkizunari begira, ateak irekita dagoela adierazi du: “Egunerokoa bizitzen ari naiz eta ekonomiak zilegi bitartean aurrera jarraituko dut”. Bestetik, antzerki mundua gustuko duena ingurumari honetan murgiltzera gonbidatu du: “Inoiz ez da berandu eta mundu hau gustuko duenak probatu egin behar du. Ni berez, lotsatia naiz, baina antzezten oso lotsagabe bihurtzen naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!