Bakarrik egiten den ohea asmatu du Axintxio Zubeldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 13:41

Telebistako kamerak, kazetariak, argazkilariak..., Amasa-Villabonako Arizti baserrian mugimendu handia izan da azken asteotan. Izan ere, bertako Axintxio Zubeldiak bakarrik egiten den ohea asmatu du.

Nondik nora sortu zitzaizun bakarrik egiten den ohea asmatzeko ideia?
Duela hogei bat urte izan nuen lehendabiziko ideia, baina ez nintzen berehala lantzen hasi. Bost urte beranduago ekin nion lanari, etxeko oilategian jarritako tailer txikian. Urte horietan guztietan, ohe ezberdinak landu ditut eta azkenean, gaur egungo hau sortzera iritsi naiz. Prozesu horretan asko ikasi dut. Huts egite eta arazo bakoitza zuzentzen saiatu naiz eta azkenean, bakarrik egiten den ohea sortzera iritsi naiz. Urtebete inguru izango da guztiz amaitu nuela.

Nolakoa da zure asmakizuna?
Goizean jaikitakoan bakarrik egiten den ohea asmatu dut. Zenbait tresna erabiltzen du horretarako, baina lehen begiratura, ohiko ohea dirudi. Azpiko maindirea belkroz itsatsita dago, beti txukun egon dadin. Gainean, berriz, funda nordikoa darama. Tamaina berezikoa da funda hau eta neguan, nahi adinako lodierako edredoia jar dakioke. Hiru motor txiki erabiltzen ditu bere lana egiteko, baina oso kontsumo txikia du.

Zenbat denbora eskatu dizu asmakizunak?
Ordu asko pasa ditut lanean, konta ezinak. Asmakizuna ez da lehendabizikoan ondo atera, eta urte askotan aritu naiz horretan. Bolada ezberdinak izan ditut; batzuetan baztertu xamar ere izan dut ekimena eta beste zenbaitetan, berriz, buru-belarri ekin diot lanari. Zizurkilgo Arrastoa tailerrean aritzen naiz lanean eta hango lanorduak bukatuta, etxera etorritakoan aritu izan naiz. Larunbat eta igande askotan ere hantxe aritu naiz, gelditu gabe. Gainera, baserrian bizi naizenez, beti izaten da beste zereginen bat. Garrantzi handiagoa eman izan diet beti baserriko lanei. Gaur egun ez dugu behirik etxean eta horrek denbora gehixeago uzten dit beste gauzetarako. Egia esan, ohea amaituta badago ere, hobetzeko modu ezberdinak bururatzen zaizkit eta behin baino gehiagotan izan dut berriz ere lanari ekiteko gogoa. Azkenean, ordea, dagoen bezela uztea erabaki dut, bestela amaierarik gabeko bide batean sartuko nintzateke eta.

Laguntzarik izan al duzu zure lanean?
Ez, neronek egin dut lan guztia. Tornu txikia, taladroa..., horiek guztiak baditut tailerrean eta haiekin egin ditut beharrezko piezak.

Zer esaten dizute etxekoek eta lagunek?
Lagunek ez zekiten honen berri. Zerbaitetan ari nintzela bai, baina ez nien zehazki esaten nire asmoa zein zen. Etxekoek berriz, beti ikusi izan naute lan honetan eta ez ditu ezustean harrapatu.

Zure ideiaren patentea ere egin duzu...
Bai, duela hiru urte egin nuen. Lehendabizi estatu mailako patentea egin behar da eta ondoren, munduko beste zenbait herrialdetan patentea egiteko aukera ere badago. Horretarako, ordea, denbora eta dirua behar dira. Estatu mailan patentea egin ondoren, hogeita hamar hilabeteko tartea uzten dizute zure asmakizuna merkaturatzeko. Epe hori pasa ondoren has zaitezke gainerako herrialdeetan patenteak egiten. Tarte horretan dago orain nire asmakizuna. Europa, Estatu Batuak, Txina..., aukera ezberdinak ari naiz kontuan hartzen. Patente bakoitza, ordea, ordaindu egin behar da eta nahiko garestia da.

Beste asmakizunik egin izan al duzu?
Ez, bakarrik egiten den ohearekin aritu naiz buru-belarri. Beste zenbait ideia ere etorri izan zait burura, baina ez diet ekin. Eskuartean nuen lana hobetu eta amaitzea zen nire helburua eta gainerako ideiak baztertu egin ditut.

Izugarrizko oihartzuna izan du zure asmakizunak. Espero al zenuen?
Ez nuen horrelakorik espero, inondik inora. Duela bost hilabete, ohearen inguruko webgune bat zabaldu nuen, baina inork ez zuen aparteko interesik erakutsi eta nik ere ez nuen ezagutarazteko ahalegin berezirik egin. Ekainaren 12an, ordea, Madrilgo ABC egunkaritik deitu zidaten elkarrizketa bat eskatzeko. Hortik aurrera, komunikabide asko etorri da baserrira; telebistak, egunkariak, irratiak..., Nazioarteko komunikabideetan ere aritu naiz. Ni ez nago lan horietara ohituta eta ez da erraza izan, urduri ibili naiz. Pixkanaka, ordea, hori ere ikasi egiten da.

Salmentarako prest al duzu?
Asmakizunaren patentea egina dago eta orain, salmentarako garaia litzateke. Lehen ohe hau egiteak 1500 euro eskatu dizkit eta prezio horretan oso zaila litzateke salmenta ona izatea. Seriean eginda, prezio erdian egiteko aukera badagoela iruditzen zait. Hala ere, enpresagizona izan beharra dago hori kudeatzeko. Nondik nora mugitu jakiteaz gain, diru pixka bat ere behar da. Momentuz, eskaera asko jasotzen ari naiz internet bidez. Kanada, Estatu Batuak..., informazio eske idazten dit jende askok. Indiatik ere idatzi zidaten, nirekin negozioak egiteko prest zeudela esanaz. Denborak esango du zein bide hartuko duen honek guztiak.

Webgunea ere baduzu...
Duela bost hilabete inguru jarri genuen martxan www.ohea.eu gunea. Ohea nola egiten den erakusten duten zenbait bideo ikus daiteke bertan. Webgunea egiteko garaian erabaki nuen nire asmakizunari euskarazko izena jarri behar niola eta “Ohea” jartzea pentsatu nuen.
Betidanik gustatu izan zait internet sarea. 1996an jarri nuen etxean, eta asko erabiltzen dut. Gaur egun ere, jende asko eta askok idazten dit mail bidez, ohearen inguruko informazioa eskatzeko.

Bide luzea lehen ideiatik gaur egungora
Bakarrik egiteaz gain, maindireak garbituko lituzkeen ohea asmatu nahi izan zuen Axintxiok lehendabizi: “Ohearen azpialdean maindireak garbitu eta lehortzeko tresnak jartzea bururatu zitzaidan. Horrek, ordea, zailtasun asko zekartzan. Esaterako, tamaina izugarriko ohea behar zuen, gailu guztiak bere barnean sartzeko. Ura nola bideratu, nondik nora eraman..., Lehen ideia hura berehala baztertu eta bakarrik egiten den ohearekin hasi nintzen lanean. Arituz, asko ikasten joan naiz”.

Ohearen funtzionamendua
Bi modutara erabil daiteke Axintxiok asmatutako ohea. “Modu automatikoan jartzen baduzu, ohetik jaiki eta hiru segundora hasten da ohea egiten. Bi saihetsetatik, oheko arropa heltzen duten pintza moduko errodiloak ateratzen dira”. Arropa luzatu eta lisatuta uzten dute errodiloek, txukun-txukun. Bitartean, beste sistema batek burukoak gora jasotzen ditu, maindire eta nordikoak bere tokira irits daitezen.
Ohea egiteko sistema martxan dagoenean norbait ohe gainean jarriz gero, berehala geratzen da: “Interruptore moduko batzuk ditu eta norbait ohe gainean jartzen denean, argindarra moztu egiten da. Segurtasun neurri bezala jarri nion hori”.
Ohea egiteko beste modu bat ere badago. “Norberak nahi duenean, urrutiko aginte bidez ematen zaio ohea egiten hasteko ordena”.

Hogeita bost segundoan
Berrogeita hamar segundo inguru behar ditu ohea egiteko: “Hogeita bost segundoan maindire eta burukoak bere tokian jarrita izaten dira, eta beste hogeita bost bat segundo behar ditu gailu guztiak atzera bere tokira itzultzeko”.
Oheko arropak aldatzeko garaia iristen denean, ez da aparteko zailtasunik aurkituko: “Arropak eta burukoak erraz libratzen dira mekanismoetatik. Berriz jartzeko lana ere oso erraza da; ez du aparteko arazorik ematen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!