Eskola bizia, herri bizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 13:35

Gipuzkoako Eskola Txikien inguruko hausnarketa sakona biltzen du Iñaki Alcalde larrauldarrak zuzendutako dokumentalak. Egileak eman ditu lanaren nondik norako nagusiak.

Ekainaren 3an ospatu zen Eskola Txikien eguna Larraulen. Festaren XXV. urteurrenak berezitasuna eman zion aurtengo edizioari eta horren harira sortu zen dokumentala prestatzeko ekimena: “Aurretik ere zenbait ikusentzunezko lan eginak genituen herrian; eskolaren inaugurazioan eskaini zena, museoaren ingurukoa..., horrek eman zigun festari buruzko dokumentala prestatzeko bidea. Gainera, azken urteotan Larraulgo eskolaren proiektua zenbait erakundetan aurkeztea eta defendatzea tokatu zaigunean, eskola txikien errealitatea islatuko zuen ikusentzunezko baten falta sumatu dugu.
Hezkuntza eredu hori prestigiatu eta babestuko lukeen lana prestatu nahi genuen. Ikasteko prozesuan, pertsonak kontuan hartzen dituen eredua da. Eskola bizia, herri bizia da dokumentalaren izenburua, hezkuntza ereduaz haratago, herria bizirik mantentzeko ekimena ere bai baita eskola txikia”.

Oraina eta geroa
Lantaldean osatu zuten dokumentalaren gidoi nagusia: “Udal ordezkariak, guraso elkartekoak, irakasleak..., bakoitzak bere ideiak bota zituen eta pixkanaka, mezu nagusia finkatzen joan ginen. Eskola Txikien egungo errealitatea erakutsi, eta etorkizunean iritsiko diren erronken inguruko hausnarketa piztu nahi genuen. Garbi genuen, baita ere, hezkuntzaren inguruko dokumentala izateaz gain, herri proiektuaren ikuspegia ere islatu nahi genuela. Irailean murgildu ginen grabaketa prozesuan”.

Eskola barrutik, herrira
Berrobiko eskola txikian, zortzi eta hamaika urte arteko ikastaldeak landutako zientzia proiektua aukeratu zuten grabaketarako: “Eskola barruan gertatzen dena jasotzeko egokia zela iruditzen zitzaigun. Zientzia proiektu horren inguruan, hainbat jenderen partaidetza sortu zen: beste eskola batzuena, haurren gurasoena, eskolako gainerako ikasle eta irakasleena... Grabaketa prozesua irekia izan zen, oso aberasgarria; egoera, ideia eta mezu asko jaso genuen”.

Hizlariak narratzaile
Beste atal bat ere badu dokumentalak: “Zuzeneko testigantzak jaso nahi genituen; guraso, Udal ordezkari, irakasle..., eskolaren inguruko eragile ezberdinen iritzi eta sentipenak bilduz. Dokumentalak ez du narratzailerik, eta jasotako testigantza horiek betetzen dute lan hori”.
Ahots aniztasun handia biltzen du dokumentalak: “Hamar eskola txikitan egin genituen grabaketak: Gabiria, Zerain, Olaberria, Altzo, Berrobi, Larraul, Igeldo, Zubieta, Angiozar eta Ikaztegieta. Herri horietako bakoitzean, dokumentalean islatu nahi genuen egoera eta jokabide bat grabatu dugu: gurasoen auzolana, herriko historiaren transmisioa, tradizioen zaintza, eskola komunitatearen inplikazioa, autogestioa, auzoen egoera, ikasle ohien konpromezua, udal ordezkariena...,”.

Hiru hankako aulkia
Eskola txikiek ezinbesteko dituzten hiru zutabe nagusiak modu berezian islatzen ditu dokumentalak: irakasleak, gurasoak eta Udalak. “Hiru eragile horien lanari esker jarrai dezakete aurrera eskola txikiek eta eskolekin batera, baita herriek ere. Hiru alderdi horien garrantzia azpimarratu dugu eta hori sinbolizatzeko, eskuz landutako hiru hankadun hanka erabili dugu. Artisau batek bere semearekin nola lantzen duen ikus daiteke dokumentalean”.
Ikasle ohi baten musika
Dokumentalaren musika ere bereziki sortutakoa da: “Aizarnazabalgo eskolako ikasle ohi batek sortu du. Borja Rodriguez gaztea Hollywooden bizi da gaur egun. Dokumentalaren zirriborroa bidalita, berehala ulertu genuen elkar. Asko aberasten du dokumentala Borjaren musikak; ekarpen emozional handia egin dio”.

Emanaldiak
Tolosak Leidor zineman egin zuten dokumentalaren lehen emanaldia. “Ikustera hurbildu zirenak oso pozik geratu ziren. Eskola txikien festan ere bi emanaldi egin genituen, baina bagenekien festan murgilduta, jende askok ez zuela ikusteko aukerarik izango, eta horregatik antolatu genuen Tolosako saioa. Ordubete pasatxoko dokumentala da, baina oso arin ikusten da eta jendea oso pozik geratu zen. Gure helburua eskola txikien inguruko mitoak hautsi eta etorkizunera begirako hausnarketa piztea zen eta uste dut, dokumentalak ondo lortzen duela hori”.
Gipuzkoako Eskola Txikietako guraso elkarteen eskuetan dago orain dokumentala, baina beste bide batzuk ere jorratuko dituzte: “Udazken honetan ETBn eskainiko dutela hitz eman digute eta zenbait zinema jaialditara aurkezteko asmoa ere badugu. Euskara hutsean grabatuta badago ere, gaztelania eta inglesezko azpitituluak jarri dizkiogu jaialdi horietara aurkeztu ahal izateko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!