Txulobi pilota taldea, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 9a, 13:31

Pilota eskola berria sortu berri da Adunan. Irailean hasiko dituzte entrenamentuak eta hala nahi duten haur eta gazteek, zabalik dute oraindik ere izena emateko aukera.

Iazko irailean hasi ziren pilota taldea sortzeko lehen lanak. Urte luzez pilota irakasle izandako Luis Mari Sorarrainek utzi egin zion lan horri, eta inork ez zuen bete hutsunea. Egoeraren berri jakinda, Iñaki Lizaso villabonatarrak ekin zion pilota taldea sortzeko ekimenari: “Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen zuen Adunako pilota eskola eta urria inguruan, nik hartu nuen saioak zuzentzeko ardura, baina lehengo kudeaketa modu berari eutsiz”.
Pilota eskola kudeatzeko beste modu baten beharra sumatu zuen Iñakik: “Adin ezberdinetako haurrak saio berean aritzen ziren eta astean ordubete bakarrik eskaintzen zitzaion pilotari. Funtzionamendua aldatzeko beharra zegoela iruditzen zitzaidan, eta hala jakinarazi nion Udalari”.

Txapelketatan, herriaren izenean
Adunan pilota taldea sortzeak beste arrazoi bat ere badu. “Adin batetik aurrera, pilotari federatu izan beharra dago txapelketatan parte hartu ahal izateko eta Adunan ez zegoen aukera hori. Herrian pilota talderik ez dagoenean, beste herriren bateko taldean izena eman, eta hura ordezkatuz parte hartzen dute txapelketatan. Horrenbestez, pilotariek ez dute euren herriaren izenean jokatzen eta hori pena handia da. Txulobi pilota taldea sortzeak, bertan jarraitzeko aukera emango die Adunako pilotariei”, azaldu du Iñakik.
Txulobi elkartearen barnean
Justino Zubeldia adunarra izango da pilota taldeko lehendakaria: “Txulobi elkarteko lehendakaria naiz eta horrenbestez, pilota taldeko lehendakari izatea ere egokituko zait. Elkarte gastronomikoaren estatutuetan garbi adierazten da kirola sustatzeko helburua duela. Hori horrela izanik, pilota taldea elkartearen barnean sartzea egokia litzatekeela iruditu zitzaigun. Horrek, gainera, pilota taldea sortzeko pausoak erraztu dizkigu”.
Hamabost bat haur eta gazte dago dagoeneko Txulobi pilota taldean izena emanda eta iraileko bigarren astean hasiko dituzte entrenamendu saioak: “Norbaitek izena eman nahiko balu, oraindik ere izango luke horretarako aukera”, azaldu du Iñakik. “Benjamin mailatik hasi eta infantil mailako pilotariak bitarte izango ditugu. Aurrebenjaminetako txiki batzuk ere ibiliko dira pilotarekin jolasean”, gaineratu du Justinok.

Ardura banaketa
Iñaki Lizasok eramango du pilota eskolaren ardura nagusia, baina gurasoen laguntza ere izango du. Aitor Iparragirre adunarrak, esaterako, gertutik bizitu du taldearen sorrera prozesua: “Ekimena babestu nahi izan dugu. Gure umeak pilotan dabiltza eta kudeaketan laguntzeko prest gaude. Iñakik eramango du kirol arlo guztia; entrenamendu saioak, txapelketak, federazioarekin harremanak..., eta gurasook lan administratiboa egingo dugu. Dirulaguntzak bilatzeko lanean ari gara azken asteotan”.

Herri pilotazalea
Pilotazale eta pilotari asko emandako herria da Aduna: “Herri txikia da Aduna eta zaletasun handia izan du pilotarekiko. Txikitasun horrek berak, horretara bultzatu du, ziurrenik. Izan ere, oso zaila izango litzateke adin bereko haurrez osatutako futbol taldea osatzea, adibidez. Herriko gazte gehienek egin dute froga pilotarekin”, azaldu du Aitorrek.
Neskek ere izan dute zaletasuna: “Olaia nire alabak zortzi urte daramatza pilotan jokatzen eta oso gustura dabil. Maila onean aritu da beti eta aurten, esku pilotan eta palan arituko da. Neskengan zaletasun hori piztu eta mantentzea etorkizunerako erronka izango da”, azaldu du Justinok.
Epe laburrean, jaietako Trans-Ernio txapelketa antolatzeko ardura izango dute Txulobi pilota taldeko kideek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!