Nagore Arizaga Bera Berako jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 5a, 13:02

Eskola kirolari esker ezagutu zuten elkar Nagorek eta eskubaloiak. Une batean eskubaloiaren eta igeriketaren artean aukeratu behar zuen, eta badirudi ez zela oker ibili bere hautua egiterakoan, gaur egun, Emakumezkoen Ohorezko Mailan baitabil Bera Bera taldearekin. Espainiako liga txapelketan bigarren egin dute aurten, Lizarrako Itxako taldearen atzetik.

 

Noiz hasi zinen eskubaloian jokatzen?

Nagore Arizaga. Eskola kirolean hasi nintzen, 4.mailan. Gelako batzuk izena eman eta urte erdia boleibolean eta urte erdia eskubaloian ibiltzen ginen. Igeriketa ere egiten nuen garai hartan. DBH 1. mailan eskubaloia eta igeriketaren artean aukeratu behar nuen eta nahiago izan nuen eskubaloia igeriketa baino, lagunak ere eskubaloira joan baitziren.

Aldaketa handia izan zen Leizaranetik Bera Berarakoa?

N.A.. Jubeniletan joan nintzen. Bera Berakoak ezagutzen nituen euren aurka kontra jokatzetik. Hasieran arraroa egiten zitzaidan euren ondoan jokatzea, baina gero erraz moldatu nintzen.

Emakumezkoen Ohorezko Mailan jokatzen duzu. Nolako denboraldia izan da aurtengoa?

N.A. Ez dut asko jokatu, baina bai iazko denboraldian baino gehiago. Nire helburua geroz eta gehiago jokatzea da, baina dagoen mailarekin zaila da minutu asko jokatzea. Aurten, Espainiako Txapelketan bigarren egin dugu, Itxakoren atzetik, eta Championserako klasifikatu gara. Hori zen gure helburua, lehenengo bietan sailkatu eta Europako Txapelketa jokatzea.

Datorren denboraldiari begira, zein helburu dituzu?

N.A. Europako Txapelketan maila ona ematea zaila da, baina saiatuko gara eta Espainiako Txapelketan, berriz ere, Championsa jokatzeko aukera ematen duten postuetan geratzea dira helburu nagusiak.

Gizonezkoen Asobal mailako parekide da Emakumezkoen Ohorezko Maila. Zentzu guztietan al da parekidea?

N.A. Denok dakigu ez dela gauza bera. Alde batetik, komunikabideek indar eta leku gehiago ematen die gizonezkoen kirolei eta bestetik, ekonomikoki ere desberdintasunak daude. Gu ere profesionalak gara, baina ez dugu inondik inora soldata bera.

Euskadiko eta Espainiako selekzioekin jokatzeko hautatua izan zara hainbatetan. Nolako esperientziak izan dituzu?

N.A. Hasiera batean, beste erkidegoetako jokalari onenekin egotea nahiko arraroa eta gogorra izaten da, baina pixkanaka, egunak pasa hala, harremanak estutzen joaten dira.

Eskubaloian jokatzen hasi zinenean esan balizute Bera Berarekin Errusian jokatuko zenuela...

N.A. Ez nuen espero inoiz Bera Beran jokatuko nuenik, eta gutxiago horrelako talde batekin hain urrutirajoango nintzenik. Europa iparraldean gainera, eskubaloia kirol nagusienetako bat da, eta berezia izan zen hara joatea. Hala ere, hotz handia pasa genuen, -19 gradu izan genituen.

Zure ibilbidean hainbat sari jaso dituzu. Baten batek ilusio berezia egin dizu?

N.A. Orain dela lau urte Euskadiko jokalari onenaren saria eman zidaten Donostian eskubaloi federazioak duen egoitzan. Ilusio handia egin zidan.

Eskubaloiarekin lotutako zein momentu gogoratzen duzu bereziki?

N.A. Finalak ditut gogoan batez ere. Adibidez, aurtengo Erreginaren Kopako finala, nahiz eta Itxakok irabazi, oso partida berezia eta polita izan zen. Izan ere, lehia berezia dugu beraiekin, derby moduko bat da eta Espainiako ligako bi talde onenetakoak izateak gure arteko partidak bereziak izatea ekartzen du. Horrez gain, Errusiako partida ere oso polita izan zen, nahiz eta nik ez nuen jokatu.

Iaz lesioa ere eduki zenuen...

N.A. Bai. Abenduan operatu ninduten eskubiko belauneko meniskotik. Erreabilitazioarekin nahiko zorrotza izan nintzen eta operatu eta hilabetera berriz entrenatzen nenbilen. Orain dela bi urte ere sorbaldatik operatu ninduten eta 6-8 hilabete egon nintzen geldirik. Lesioak dira eskubaloiak duen gauza okerrena.

Zein jokalari miresten duzu?

N.A. Orain urte batzuk Espainiako selekzioarekin jokatu nuen txapelketa batean. Norvegiako taldeak Maria izeneko zentral bat zuen eta oraindik ere gogoratzen naiz Mariarekin. Horrez gain, nire taldeko Eider Rubiok nire postuan jokatzen du, zentrala da ni bezala eta 36 urte ditu. Bera dut erreferente bezala.

Zer eman eta zer kendu dizu eskubaloiak?

N.A. Urtean zehar eskubaloiak eguneko ordu asko kentzen dizkit, baina gero sariak ere ematen dizkit. Momentu on asko eman dizkit, asko entrenatzen dugu, baina aurtengo denboraldian oso partida gutxi galdu ditugu, eta beti ere gusturago ekiten diogu lanari horrela.

Erizaintza ikasketan murgilduta zabiltza, Urki dantza taldean ibilia zara, eskubaloia dela eta hamaika entrenamendu eta bidaia izaten dituzu... Zer ematen dizu amak gosaltzeko?

N.A. Kontua denbora ondo banatzea eta antolatzea da. Gustuko dituzun gauzak egiten zabiltzanean  denetarako denbora ateratzen duzu. Eta gosaltzeko, esnea zerealekin eta tostadak hartzen ditut.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!