Kaletxikiko jaiak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 5a, 12:57

Jai Batzordeak ahalegin berezia egin du beste behin, ekitaldi gozagarriez betetzeko egitaraua; are gehiago, egun batez luzatu du, eta primerako harrera jaso dute ordainean, auzokide eta Andoaingo herritarren aldetik. Zorionak!

Argazkiak | Bideoak

Jendez gainezka eta umore ederrean ospatu dira aurtengo Kaletxikiko jaiak; euria soilik mendi lasterketan eta elkarteen arteko desafioan agertu zen. Bi ekitaldiak hastera zihoazen unean azaldu ere euria, baina ez zuen lortu ez kirolariek ezta ikusleek ere atzera egin zezaten.

Batzordeak zenbait ekitaldi berriren aldeko apostua egin du azken urteetan, eta horiek jada aski sustraituta daudela ikusi ahal izan da aurten. Auzoan bertan sortuta, tradizio bihurtu dira jada. Horien artean, nolaz ez, Batzokia eta Ontza elkarteen arteko desafioa daukagu, jada hirugarren ediziora iritsi dena. Ontzak urte bete dauka gogor prestatzeko, gainerakon Batzokiaren garaipena ere tradizio bihurtuko baita.

Rock jaialdia, Soka dantza eta mendi lasterketak ere ezinbesteko hitzordu egin dira egitarauan. Berta-bertakoak diren ekitaldiak aipatzen hasita, Kandido eta bere txikitxuekin ere gogoratu behar dira, jaiaren ikur bihurtu dena. Urtez urte errotzen doan ekitaldi xume bezain polita da hauxe, auzotarrek bereziki maite dutena. Gainera, aurtengoan, Eneko Huizik auzokideak oso modu duinean bete du Kandidoren papera egunez egun.

 

Batzokiaren eta Ontza elkartearen arteko desafioa 

Josu Arozena, Batzokia

Hirugarren urtean jarraian desafioa irabazi duzue. Zein da sekretua?

Ez dago sekreturik, pixka bat entrenatzea, besterik ez. Gure artean dugun giro ona da balio duena.

Estrategiak ere izango dituzue?

Beti izaten da zerbait prestatu beharra.

Txingatan ere ikusi zaitugu...

Ahal dena egiten dugu. Sasoia ere jaitsita daukat, orain arte nahiko ona izan dudan arren. Garrantzitsuena saltsa jartzea da.

Hemendik aurrera zer?

Orain garagardo batzuk edan eta afaria egingo dugu.

Apostuan jokatu duzuen bazkaria noiz izango duzue?

Oraindik ez dakit, hori Ontza elkartekoek erabaki beharko dute. Bi taldeek batera egingo dugu, lehia handia dugun arren bi elkarteen artean giro ona baitago. Hori da garrantzitsuena.

 

Mikel Otamendi, Ontza

Kaletxikiko festetako hiru desafioetan parte hartu duzu. Hiruetan sokatiran galdu duzue...

Aurten fuerte entrenatu dugu, baina desafioa igande arratsaldean izaten da, eta guk larunbatean danborrada izaten dugu. Horrek eragina baduela uste dut. Batzokikoak oso indartsu daude, asko entrenatu dute.

Zuek ere gogor aritu zarete entrenatzen...

Goiburuko Jonek lagundu digu aurten, eta beste era batera entrenatu dugu. Egia da asko hobetu dugula, eta nik uste dut datorren urtean irabaziko dugula. Seguru.

Txingatan 25 plaza egin dituzu, eta marka jarri duzu.

Bai, aurten saio ona atera da. 25 plaza egin ditut, inoiz baino gehiago. Gustura aritu naiz.

Txingatan entrenamendu berezia egin duzu?

Sokatirako entrenamenduez gain, beste egun batzuetan txingak hartu eta eskolan bertan ibili naiz entrenatzen. Hori bai, aurten txinga berriak erabili ditugu.

Zein da txingatan ondo ibiltzeko sekretua?

Indarra ez da hain garrantzitsua, sufritzen jakin behar da txingatan ibiltzeko.

Has zaitezkete, beraz, datorren urteari begira entrenatzen...

Bai, hori da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!