Aisialdi aukera zabala udan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko uzt. 5a, 12:43

Uda garaiaren etorrerakin oporraldi luzeari ekiten diete gazteek. Hori dela eta, Andoaingo Gazte Lokalak eta Urnietako Gaztelekuak hainbat ekintza antolatu dituzte denbora tarte horiek betetzeko. Ekintza erakargarriak izan ohi dira: irteerak, piraguismoa, surf-a, zaldiz ibilaldiak, tailerrak eta baita txapelketak ere. Andoaingo eta Urnietako gazteek ez dute aspertzeko betarik izango.

ANDOAINGO GAZTE LOKALA

Uztailean zehar hainbat jarduera antolatu ditu Andoaingo Gazte Lokalak. Bertan ibiltzen diren gazteekin ekintza ugariz betetako egitaraua adostu dute. Haritz Nuñez eta Bakartxo Portuburu bertako arduradunek azaldu dizkigute udan Gazte Lokalak izango duen martxaren nondik norakoak.

Uda garairako ze ekintza prestatu dituzue?

Haritz Núnez: Urtero, uztailean ekintza bereziz osatutako programa bat antolatzen dugu. Normalean, gazteekin  adostutakoa izaten da. Horregatik, urtetik urtera ekintzak aldatzen dira; beraiek proposatutakoaren arabera osatzen dugulako programa.

Bakartxo Portuburu: Aurten, hainbat ekintza antolatuta ditugu, esaterako, arraun egitera irteera, Akuariumera irteera, zaldiz ibiltzera, arrantza eskolara irteera eta Hernaniko igerilekura irteera. Eguraldia dela eta, ezin bada irteeraren bat egin, zinemara joaten gara. Ekintza batzuk Gazte Lokaletik kanpo egiteko dira, baina beste batzuk hemen bertan egiten ditugu.

H. N: Iazko uztaila hain euritsua izan zenez, Gazte Lokalean bertan tailerrak egin genituen batik bat. Kamixetak, pitxien tailerrak, janariarekin harremana dutenak... Azken hauek arrakastatsuak izaten dira orokorrean eta partaidetza handia izaten dute. Pizza, pintxoak, postreak, etab. egiten ditugu.

B.P: Bestalde, "Zinema kalean" antolatzen dugu herritar guztientzat. Aurten, krisia dela eta, lau emanaldi beharren hiru izango ditugu.

Beste urte sasoiekin alderatuz, udan gazte gehiago hurbiltzen da Gazte Lokalera?

H.N: Normalean, ikasturtean baino gazte gutxiago hurbiltzen da. Eguraldi ona egiten du eta beraiek beren kaxa ibiltzen dira. Gazte Lokalaren ordutegia ere aldatzen da; goizez bakarrik irekitzen dugu eta askok arratsaldetan etortzeko ohitura dute. Ikasturtearekin alderatuz, beste dinamika bat da. Talde txikiak etortzen dira eta abantaila batzuk ditu horrek: gertutasuna harremanean eta talde handiekin egin ezin diren ekintzak egin ahal izatea. Adibidez, zaldiz ibiltzera joateko irteera ezin da 50 pertsonekin egin.

B.P: Udan etortzen diren gazteei dagokienez, belaunaldi berriak etortzen hasten dira garai honetan. Irteera eta ekintza horiek erakargarri egiten zaizkie eta harremanak estutzeko balio dute.

Ze ekintzak du arrakasta handiena?

H.N: Urtetik urtera aldatu egiten da. Orain dela bi urte Hernaniko igerilekura jende pila bat joan ginen, baina ez dakigu aurten zer gertatuko den. Adibidez, Arcachonera irteera urte askotan izan da oso arrakastatsua; autobus bat baino gehiago joaten ginen. Baina azkeneko urteetan ez genuen autobusa betetzea lortzen eta bertan behera ere geratu zen. Boladak izaten dira, modak. Agian, Arcachonekoa erreta zegoen, eta orduan, alternatibatan pentsatzen hasten gara. Aurten, adibidez, bi aldiz joan gara Senda Vivara eta bietan oso ondo ibili gara. Buruari eman behar izaten diogu.

Gazteek ekintzaren bat eskatzen al dute bereziki?

B.P: Aurten, zaldian ibiltzea eta Senda Vivara joatea izan dira gehien eskatu dituztenak. Beste urteetan cars-etara joatea eskatu izan dute. Moda kontua da.

Nola erabakitzen duzue ze ekintza egin?

B.P: Ekintza desberdinak ditugu programatuta beraiekin adostutako egitarauan, baina egunean bertan aldatu daitezke. Beraien arabera aldatzen ditugu. Aurreko astean adibidez, zaldiz ibiltzera joan behar genuen, baina eguraldia zela eta Akuariumera joan ginen arratsalde pasa.

H.N: Inprobisatu egiten dugu. Talde bat beharrean beste bat etorriz gero ere aldatu egiten ditugu, malgutasunez lan egiten dugu.

 

INKESTA

 

Oier Ochotorena

Zergatik etortzen zara Gazte Lokalera?

Hemen dauden jokuak gustatzen zaizkidalako eta bertako monitoreekin harreman ona dudalako.

Udako ze ekintza gustatzen zaizu gehien?

Guztiak gustatzen zaizkit. Udako ekintzak azaltzen dituen orria etxean dut eta egunean bertan erabakiko dut zeinetan parte hartuko dudan eta zeinetan ez.

Ze ekintza gustatuko litzaizuke egitea?

Gustura nago antolatu dutenarekin.

 

Irene Fuentes

Zergatik etortzen zara Gazte Lokalera?

Gabonetako Kirol Astean hasi nintzen etortzen eta geroztik jarraitu dut. Gainera, hemen joku asko daude, wii-a eta ping pong-a adibidez, eta gustatzen zaizkidalako etortzen naiz.

Udako ze ekintza gustatzen zaizu gehien?

Zaldian ibiltzera joatea gustatuko litzaidake, eta baita ping-pong txapelketan parte hartzea, baina laster udalekuetara joango naizenez ezingo ditut egin.

Ze ekintza gustatuko litzaizuke egitea?

Antolatu dituzten guztiak gustatzen zaizkit, baina futbol txapelketa bat egongo balitz parte hartuko nuke.

 

 

URNIETAKO GAZTELEKUA

Cristina Ruiz Urnietako Gaztelekuko arduradunetako bat da eta buru belarri dabil udako jarduerak antolatzen. Udabentura, Gipuzkoa Argazkietan, tailer desberdinak... elkarrizketa egin diogunean ere Urnietako gazteekin zebilen krisketen tailerra egiten.

Uda garairako ze ekintza prestatu dituzue?

Cristina Ruiz: Ekaineko azkeneko astean eta uztaileko lehenengo astean hainbat ekintza ditugu, tailerrak eta irteerak.

Uztaileko bigarren astean, udabentura programa izango dugu. Programa horretan ekintza bereziagoak daude, hala nola, piraguismoa, Santa Klara irlara irteera, surf-a, ibilaldia San Pedrotik Donostiara Ulia gainetik eta Hernaniko igerilekura irteera. Guztiak irteerak dira eta ekintza bereziak egiten dira irteera horietan. Aste berezi bat izaten da, ekintza bereziekin eta horregatik, parte hartzeko ordaindu egin behar da.

Hurrengo astean, Gipuzkoa Argazkietan ekintzari ekingo diogu. Gazteek Gipuzkoako beste herriak ezagutzea nahi dugu. Goiza Urnietatik kanpo pasako dugu eta autobusa edo trena hartuz joango gara beste herri batzuetara, Zumaiara edo Hondarribiara, esaterako. Era honetan, leku batetik bestera beraien kabuz nola joan daitezkeen ikasiko dute gazteek. Askotan ez dakite non gauden, trena zein zentzutan hartu behar dugun, zein herrietatik pasa behar duten, itsasoa dagoen edo ez, eta horrelako gauzak barneratzeko balio du programa honek. Era informal batean, beraien gustuko gauzak eginez, horrelako gauzak ikasten dituzte. Erakartzeko argazkien aitzakia jarri dugu, beraien argazkiak atera eta gero argazki-muntaia bat egingo dugu.

Beste urte sasoiekin alderatuz, udaren eta ikasturtearen artean ze desberdintasun daude?

C.R: Normalean, kurtsoan zehar ezin ditugu horrelako irteerak egin. Gabonetan, Aste Santuan eta udaran programazio bereziak egiten ditugu. Gabonetan kirolarekin harremana duten ekintzak, txapelketak eta tailerrak egiten ditugu, baina denak herrian bertan. Aste Santuan irteeratxoren bat egiteko aprobetxatzen dugu, baina ez dute urarekin harremanik izaten. Udaran igerilekura eta ondartzara joateaz gain, urarekin erlazionatuta dauden ekintza gehiago egiten ditugu.

Horrez gain, udaran kurtsoan zehar etortzen ez diren gazteak animatzen dira ekintzetan parte hartzera, ekintza erakargarriagoak izaten direlako. Ikasturtean zehar gurekin ibili direnak erreztasun handiagoarekin animatzen dira, gurekin harreman estuagoa dutelako.

Zeinek du arrakasta handien?

C.R: Udabentura da arrakasta handiena izaten duena. Aurten, gainera, gazte asko udaleku itxietako zozketan kanpoan geratu dira eta udabenturan parte hartzera animatu dira beraien denbora betetzeko. Gazteei erakartzen diena gauza berriak egitea da, piraguismoa, surfa  etab... Hala ere, gaur egungo gazteek denetariko ikastaroak egin izan dituzte eta zaila da denak harritzen dituen zerbait antolatzea.

Gazteek ekintzaren bat eskatzen al dute bereziki?

C.R: Ez dute ezer berezirik eskatu aurten. Aurreko urteetako ekintzak errepikatzea nahi dute. Badakite hemen zer ekintza mota egiten den eta onartzen dute.

Nola erabakitzen duzue ze ekintza egin?

C.R: Gabonetan izaten ditugun txapelketak antolatzeko beraien iritzia hartzen dugu kontuan. Gipuzkoa Argazkietan antolatzeko ere euren iritziak jasotzen ditugu. Udabentura ordea, hiru urtetan antolatu dugu dagoeneko, eta arrakasta duenez, ekintzak ez dira aldetzen urte batetik bestera.

 

INKESTA

 

Iosu Lopez

Zergatik etortzen zara Gaztelekura?

Lagunak etortzen direlako eta oso ondo pasatzen dudalako etortzen naiz. Nire anaiak esan zidan Gaztelekua ondo zegoela.

Udako ze ekintza gustatzen zaizu gehien?

Udabenturako ekintzak gustatzen zaizkit, piraguismoa eta surfa gehien bat.

Ze ekintza gustatuko litzaizuke egitea?

Gustora nago antolatutako gauzekin.

 

Saioa Urbistondo

Zergatik etortzen zara Gaztelekura?

Nire lagun batzuk etortzen ziren eta horregatik animatu nintzen.

Udako ze ekintza gustatzen zaizu gehien?

Udabenturako guztiak gustatzen zaizkit, bereziki piraguismoa. Gipuzkoa Argazkietan ekimenean ere parte hartuko dut.

Ze ekintza gustatuko litzaizuke egitea?

Orain ez zait ezer berezirik bururatzen, gustora nago antolatu dituzten ekintzekin.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!