Elene, Olaia eta Izaro gaztetxoek ere bigarren eskuko azokan mahaia jarri zuten, “Txikitan erabiltzen genituen gauzak jarri ditugu. Beharrezko ez ditugunak etxean jasotzen aritu gara: puzzleak, panpinak, liburuxkak,... ibilgailuetarako aulkiak ere jarri ditugu. Gehientsuena saldu dugu”. Pozik zeuden bildutako diruarekin, “bai, bakoitzari 33 euro dagokigu”.
Joxe Mari Emauseko langileak postua ipini zuen azokan, baina ez zen esku hutsik itzuli, “Azokan postua jarri dugu bigarren eskuko gauzak saltzeko. Horrez gain, azokan soberan geratzen diren gauzak guri ematen dizkigute, gure egoitzatan irtenbide bat eman diezaiegun”.
Arropa, liburuak... azoka ezberdinetan ibiltzen esperientzia metatzen ari dira. Joxe Mari, beraz, moeta horretako azoken inguruan hitz egiteko pertsona aproposa da, “horrelakoetan denetatik ibiltzen da. Gaur egunean dagoen egoerarekin uste dut jendeak interes handiagoa azaltzen duela”.
Anahi Lopez “Etxeberrietas existe” auzo ekimeneko kidea da. Denetik ipini zuen azokan, “denetik dugu, bai. Lagunartean eskatu eta hau dena eman digute”. Bereziki, gailu elektronikoak zituzten postuan. Ordenagailuetako pantailak, adibidez, 15 eurotan salgai zituzten. Ez zuten, hala ere, gehiegi saldu, “Ez dugu asko saldu. Oraingoz. ordenagailu eramangarriak, saguak, kableak... saldu ditugu. Ordenagailuei dagokionez, dakien jendea etorri ohi da. Haientzat gaurkoa aukera ona izaten da”. Anahik bildutako dirua elkartean inbertitzeko erabiliko dutela adierazi zuen.