Postontzia: Ekainaren 30ean topo TOPArekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 15:10

GARBIÑE AGIRRE · ANDOAIN

Osasunaz, ongi gaudenean, abenduaren 21ean bakarrik akordatzen gara, dirurik tokatu ezean, osasuna dela garrantzitsuena esanez...

 

Osasunaz, ongi gaudenean, abenduaren 21ean bakarrik akordatzen gara, dirurik tokatu ezean, osasuna dela garrantzitsuena esanez.

Osasuna dugu gure bizitza kalitatearen oinarri eta oraingoz ongi bazaudete ere, hemen esatera noanak irakurtzea eta arreta piska bat jartzea gustatuko litzaidake, irakurle. Eta irakurri ondoren, ekainaren 30ean, TOPAk (Tolosaldeko Osasun Publikoaren Alde)  antolatuta, Tolosako Triangelutik abiatuko den manifestaldian gurekin parte hartzera gonbidatu nahi zaituztet ere.

Egun, gutako gehienak, Osakidetza ala osasunaren  kudeaketa publikoa egiten duten osasun zentroetara joaten gara sendatzera ala gaixotasunei garaiz aurre egitera. Baita martxan jartzen dituzten prebentzio kanpainetan parte hartzera ere (bularreko edo koloneko minbiziak direla, txertoak direla, etab). Arreta guzti honen ondorioz,  bizi itxaropena 80 urtetik gora dugu gure artean. Horrelako atentzioa jasotzen dugun bakoitzean, erabat arrunta egiten zaigu medikuarekin ala erizainarekin bukatutakoan, gizalegez, "mila esker" eta "hurrengora arte" esanaz kontsultatik ateratzea.

Eta horregatik, oraindik ere "mila esker" esanaz bukatzen ditugulako kontsultak ez diogu gehiegi erreparatzen zerbitzu publikoan gure eskualdean, Tolosaldean alegia, murrizketak gertatzen ari direla andoaindarroi abantaila moduan saldu diguten arren. Pentsa, lehen Tolosara joan behar genuen espezialistak ikusi behar gintuen bakoitzean eta orain, kotxerik mugitu gabe eta familiako inor molestatu gabe, herrian bertan jarri diguten Asunción Klinikan atenditzen gaituzte.

Baina Asunción Klinika ez da kudeaketa publikoa duen klinika bat. Klinika hau, zilegitasun osoz, 70eko hamarkadan, aseguru pribatuak kontratatzen zituzten pertsonak atenditzeko sortutako enpresa pribatu bat da, akziodunek sorturiko enpresa bat. Eta enpresek bere akziodunen artean irabaziak banatzea izaten dute helburu. Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmenaren bidez jasotzen duen diru publiko guztia, ez da zerbitzura bakarrik bideratzen, mozkinak edo irabaziak ere banatu behar baitira. Horrek  esplika dezake TOPA taldekoek Gipuzkoako ospitale publikoetako eta Asunción Klinikako pertsonal kopurua aztertu eta erkatu dutenean emandako emaitzak: Mendaro, Zumarraga eta Bidasoako ospitale publikoek, Tolosaldeko biztanleria kopurua atenditzeko, 30,5 espezialista dituzte eta Tolosan, aldiz, 20,1; beraz, maila bereko plantila edukitzeko 10,8 espezialista falta dira Tolosan. Miraria benetan, publikoan 3 espezialistek egiten dutena Asunciónen bik egiten dute.

Kanpoko ereduak etor litezke piskanaka erne egoten ez bagara, eta gertutik bizitutakoa kontatuko dizuet: alaba izan dut Estatu Batuetako Coloradoko Durango herrian, bertako unibertsitateak Euskal Herriko Unibetsitatearekin duten hitzarmen bati esker. Baldintza akademikoak berdinak izan diren arren, ez da hala izan osasunarekiko baldintzetan; horregatik, gaisotu zenean, medikuarengana joan eta "thank you" esateaz gain, 50$ ordaindu behar izan zituen, eta ia beste 50$ hark errezetatutako jarabea erosterakoan.

MacDonaldsak gure artean ditugu handik iritsita. Macdonalsak ekiditzea posible da, badaude elikatzeko beste alternatibak, baina zein da osasun publikoaren murrizketaren aurrean zein da alternatiba?

Zatoz ekainaren 30ean, eguerdiko 12:00etan, Tolosan egingo den manifestaldira eta eska dezagun Asunción Klinika eskualdeko ospitale publikoa izan dadin, bertako zerbitzuak beste ospitale publikoetako mailara irits daitezen.

Horren alde bazaude, egingo dugu TOPO TOPAk egin  duen deialdian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!