Kaletxikitarrak 1957an, Lasarteren ongietorrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko eka. 28a, 13:14

Aurtengo Kaletxikiko jaiak gainean ditugu dagoeneko. Kaletxikitarrak buru belarri ari dira festak antolatzen eta aurtengo egitaraua prest dago dagoeneko. Egitaraua aurkezteko egin duten liburuxkan erretratu zahar bat argitaratu dute. Juanita Ikutzarekin hitz egin dugu erretratuaz eta Kaletxikiri buruz.

Juanita Ikutza Kaletxikin jaiotakoa da eta 24 urterekin ezkondu zenetik Agustin Leitza kalean bizi den arren, "Juanita Kaletxikikoa" deitzen diotela askok aitortu digu. Kaletxikitar peto petoa dela nabari zaio, sorlekuari buruz hitz egitean irribarrea marrazten baitzaio aurpegian.

Kaletxikiko jaiak oraindik ere modu berezian bizi ditu. Juanitak gogoan du ume garaian izugarria iruditzen zitzaiola etxepean dantza eta festa ikusi ahal izatea eta beste edozein festa baino nahiago izaten zituela Kaletxikikoak: "Sanjuanak festa handitzat genituen, baina guretzat Kaletxikiko festak bereziak ziren. Umetan bereziki, etxe parean dantza eta festak edukitzea paregabea zen". Gerora, antolakuntzan ere murgildua egon da, lehenengo Txikitxuak josten esaterako. Gaur egun, gazteek erreleboa hartu badute ere, Ontza elkartearen eta Batzokiaren arteko desafioarekin asko disfrutatzen duela adierazi digu.

Horregatik ezagutzen ditu Kaletxikiko erretratu zaharraren nondik norako guztiak. Juanitak azaldu digunez, argazkian ageri diren gehienak Kaletxikikoak ziren, eta baita afari horretan omendu zuten Juan Bautista Lasarte ere. "Juan Bautistari egindako ongietorri afaria da argazikan ageri dena. Lasarte 36ko gerra bukatu zenean erbesteratu egin behar izan zen eta Uruguaira alde egin behar izan zuen. 1955ean bere aita gaixotu egin zen eta Hendaiaraino hurbildu zen, baina ezin zuen muga pasa eta familia joaten zen berarekin egotera. 1957an lortu zuen Andoainera etortzea eta Ontza elkartean egin zioten ongi etorri afariko argazkia da hori".

Honako hauek dira Juan Bautista Lasarteri egindako ongi etorriko argazkian ageri direnak:

1. Pedro Arregi.

2. Xanti Mendikute.

3. Antonio Lopez de Gereñu.

4. Felipe Arratibel.

5. Pedro Elorza.

6. Manuel Ikutza.

7. Martin Lasarte.

8. Joxe Mari Garagorri.

9. Jose Luis Arregi.

10. Juan Bautista Lasarte.

11. Carlos Ibañez.

12. Jose Luis Lasarte.

13. Emeterio Irazu.

14. Rufino Barriola.

15. Jauregi.

16. Ansa.

17. Karmelo Lasarte.

18. Inaxio Garmendia.

19. Fidel Arrieta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!